Euroligako final-laurdenetarako sailkatzeko lehian, beste neurketa erabakigarri bat jokatuko du gaur Laboral Kutxa Baskoniak Buesa Arenan, Fenerbahceren kontra. Top16a amaitzeko bi jardunaldiren faltan, hiru taldek dute aukera oraindik azken txartela eskuratzeko: Anadolu Efesek, Laboral Kutxak eta Emporio Armani Milanek. Gaur-gaurkoz, turkiarrentzat litzateke, gasteiztarrek baino puntu-alde hobea baitute —italiarrek garaipen bat gutxiago dute—.
Laboral Kutxak beretzat nahi du txartela, baina horretarako ia derrigorrez irabazi beharko lioke gaur Fenerbahceri. Garaipena lortuta, presio handia sartuko lioke Anadolu Efesi. Izan ere, laugarren postuaren jabe izaten jarraitzeko, turkiarrek ia derrigorrez irabazi beharko liokete Emporio Armani Milani, bihar, Istanbulen.
Fenerbahcek Gasteizen galtzea da kalkulu gehienen abiapuntua. Gerta daiteke, baina kontrakoa. Are gehiago, logikoena litzateke. Talde indartsua da Fenerbahce, eta bolada ikusgarria darama: azken bederatzi partidak irabazi ditu. Gaur hamargarrena jarraian irabaziz gero, Baskonia kinka larrian legoke. Izan ere, Efes bihar nagusituz gero, Gasteizko taldea aukerarik gabe geratuko litzateke multzoko laugarrena izateko. Hala ere, badira baikor egoteko arrazoiak: Baskonia txukun ari da etxean, eta, lehen itzulian, gasteiztarrak Istanbulen irabaztekotan izan ziren (91-90).
Etxekoen babesa aprobetxatu nahi du gaur Laboral Kutxa Baskoniak
Gasteizko taldeak multzoko lehen sailkatua hartuko du: Fenerbahce.Efesek bihar jokatuko du, etxean, Emporio Armaniren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu