Eulate 22
Laskurain 13
Iraupena.47.42 minutu; jokoarena 9.11.
Pilotakadak. 137
Saketik. Eulatek 11; Laskurainek 6.
Markagailua. 0-1, 3-1, 3-3, 3-6, 6-6, 8-6, 8-8, 8-13 eta 22-13.
Bestelakoak. Buruz buruko txapelketako partida. Bergarako pilotalekuan sarreren erdiak baino gutxiago saldu ziren, kantxako harmailak itxura polita bazuen ere. Apustuak parean irten ziren, Eulateren aldeko joerarekin.
Saketik eginiko hamaika tantoei eta Laskurainen hutsei esker irabazi du Lizarrakoak buruz burukoan
IMANOL MAGRO
Buruz Buruko Txapelketako aurreneko partidek xarma berezia dute. Binakako partiden betekadari aurre eginez, ikuskizun desberdina izan ohi da. Ezinezko konbinazioak ikusten dira, eta pilotarien alde ezkutua agerian gelditzen da. Eulatek eta Laskurainek partida kaskarra jokatu zuten atzo, dirdira gutxikoa, baina ez zitzaizkion bitxikeriarik falta izan. Biak atzelariak izanagatik sakatzaile finak direla agerian utzi zuten, tantoen erdiak saketik lortu baitzituzten. Eulate hobeto konpondu zen aurrelari lanetan, eta Laskurainen hutsek egin zuten beste guztia. Atzoko garaipenari esker, Oinatz Bengoetxea izango du hurrengo aurkari, ostiral gauean, Azkoitiko Gurean.
Pedro Eulateri ezin zaio eskatu atzo eginikoa baino gehiago. Lehen partida irabaztea zuen helburu, eta nahikoa egin du honezkero. Binakako txapelketa irabazi zuenetik parranda, afari, bazkari eta antzekoak baino ez ditu izan. Hori gutxi balitz bezala, medikuarenetik ere pasatu behar izan du. Bi hitzetan, txapelketa prestatzeko atarramendu txarra. Entrenamendu bakarra egin du, pilota aukeraketan. Sake batzuk baino ez omen zituen egin, eta binakakoaren osteko bere sasoi onean zuen konfiantza jarria.
Atzo sake horiek eskertu zituen, lehen pilotakada izan baitzen bere arma. Oso ondo sakatu zuen,frontis erdian jo eta luze bidaliz. Hamaika tanto egin zituen saketik, hainbat Laskurainen opari izan baziren ere. Piloteoan pattal aritu zen eta Laskurainen opariak lagun izan zituen. Erasoan, berriz, dejada txukun pare bat sartu zuen urrundik. Nahikoa egin zuen.
Laskurainek, aldiz, ez zuen asmatu. Sakea ere ondo baliatu zuen, sei tanto egin zituen zuzenean, eta aukerako pilota ugari lortu zituen. Hormabiko eta dejada on bana bota bazuen ere, hutsek haren lan guztia lokaztu zuten. Soraluzeko atzelaria gehiago zen piloteoan, zango arinagoekin aise iritsi zen Eulateren pilotakada harroetara. Eroso jo arren, ordea, huts garbi asko egin zituen. Bergarako pilotalekuko frontisa txiki gelditu zitzaion, eta aukerako sei pilota bota zituen gora. Seiak erosoak, eta seiak hautsi beharrekoak. Dozena erdi huts horiei eraman beharreko eta ezkerrez gora bidalitako lau erresto gehitu zizkion, azken bi tantoetakoak adibidez.
OSO PARTIDA MOTZA. BI PILOTARIEK OSO GUTXITAN MAMITU ZUTEN PILOTEOA, ETA, ONDORIOZ, PARTIDA MOTZA IZAN ZEN. PARTIDAK 137 PILOTAKADA ESKAS IZAN ZITUEN. HASIERA OREKATUA IZAN ZEN (8-7), ETA BI PILOTARIEK MIN HANDIA EGIN ZUTEN SAKETIK. NOLA SAKEAN, HALA ERRESTOAN, EZ ZIRUDIEN ATZELARIEN ARTEKO LEHIA ZENIK.
LASKURAINEK SAKEA BERRESKURATU ZUEN TANTO NAHASI BATEAN. LUZE JO ZUEN ZABALEAN, ETA EULATEREN KORRIKALDIAK EZ ZUEN SARIRIK JASO. HASIERAKO URDURITASUNA ALDENDUTA, BURU-BELARRI SARTU ZEN LEHIAN. SORALUZEKOAK SEI TANTO EGIN ZITUEN JARRIAN, HIRU SAKETIK ETA AZKENA ATZEAN JOTA. KONTZENTRAZIOA, BAINA, BAT-BATEAN URTU ZITZAION. HURRENGO TANTOAN HAUSTEKO MODUKO PILOTA GORA BIDALI ZUEN (8-13).
HUTS SOILA ZIRUDIENA HONDAMENDI BIHURTU ZEN. EULATEK JARRAIAN EGIN ZITUEN BUKATU ARTEKO HAMALAU TANTOAK. SAKETIK HIRU EGIN ZITUEN JARRAIAN, ETA BESTE BATEAN ONDO ENGAINATU ZUEN LASKURAIN. APURKA GERTURATU EGIN ZEN, ETA BAITA PASATU ERE (16-13). SORALUZEKOAK IZAN ZUEN BOLADA ETETEKO AUKERA, BAINA BERRIZ ERE KALE EGIN ZUEN. AURREKOETAN BEZALA GAINERA, AUKERAKO PILOTA GORA BOTEAZ (17-13). HUTS HORREK LUR JOTA UTZI ZUEN, ETA EULATEK AISE EGIN ZITUEN AZKEN BOST TANTOAK.
LAURAK GIPUZKOAN. BURUZ BURUKO BIGARREN FASEKO HIRU PARTIDEN EGUNAK ETA PILOTALEKUAK EZAGUNAK DIRA DAGOENEKO. AURREZ ESAN BEZALA, EULATEK ETA BENGOETXEAK OSTIRAL GAUEAN JOKATUKO DUTE, AZKOITIAN. XALAK ETA BARRIOLAK LARUNBATEAN NEURTUKO DITUZTE INDARRAK, ZARAUTZEN. KOKAK ETA ZEARRAK IGANDEAN JOKATUKO DUTE, BERGARAN. KOKAK HERENEGUN LORTUZUEN TXARTELA, BERASALUZERI IRABAZITA (22-7). LAUGARREN PARTIDA, AGIRRE ETA OLAIZOLA I.AREN ARTEKOA, ASTELEHENEAN JOKATUKO DA, TOLOSAN.
Eulateri ezin zaio gehiago eskatu
Saketik eginiko hamaika tantoei eta Laskurainen hutsei esker irabazi du Lizarrakoak buruz burukoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu