Europa ikusten da Sadarretik

Osasuna eta Reala aurrez aurre izango dira gaur Iruñean. Nafarrek David Garciaren eta Abderen hutsuneak dituzte gaurko partidarako. Realak, berriz, nekea du etsai

Realaren eta Osasunaren arteko partida bat, joan den abenduan, Anoetan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Esku artean helburu handiak darabiltzate Osasunak eta Realak. Gorritxoek Espainiako Kopa irabaz dezakete datorren astean, eta, horrekin batera, Europarako sailka daitezke. Beste aukera bat ere badute sailkapena lortzeko: liga zazpi onenen artean bukatzea. Lehia horretan bete-betean daude sartuta, azken lau partidetatik hiru irabazi ondotik. Txuri-urdinek, berriz, Txapeldunen Liga jokatu nahi dute datorren denboraldian. Hilabeteak daramate lau onenen artean, eta hor goian jarraitzea dute desio. Hori horrela, Europarantz beste urrats bat egiten saiatuko dira gaur Osasuna eta Reala, Sadarren elkarren aurka jokatuko duten derbian.

Zurrunbilo batean sartuak dira nafarrak, hilabete hasieran Kopako finalerako sailkatu zirenetik. Klubaren historiako partidarik garrantzitsuenetako bat izango da maiatzaren 6an Cartuja estadioan jokatuko dena. Ez dago beste hizketagairik, eta normala da. Halere, Jagoba Arrasateren jokalariak ez dira bertan gozo gelditu, eta arretari eusten ari zaizkio ligako neurketetan. Irabazi egin dituzte azken biak, Betisen eta Cadizen aurka, eta hirugarren garaipena kateatzen ahaleginduko dira gaur. Finalaren aurretik etxean jokatuko duten azken norgehiagoka izango da, eta, hori gutxi balitz bezala, lehia hasi aurretik omenaldia egingo zaie 2005eko Kopako finalean aritu ziren jokalariei. Hots, giroa gori-gori izango da harmailetan.

Bestela ere, jokalariak «grina handiz» dakuski Arrasatek, eta gaur «lehiakor jardutea» eta «txinparta izatea» gustatuko litzaioke. Bizitasunari eutsi ahal izateko, taldea azalberritu egingo du berriz ere. Hamaikakoan zortzi aldaketa egin zituen Cadizi aurre egiteko, eta gaur beste astindu bat emango dio koktel ontziari. Litekeena da taldeak iragan larunbatean Betisen aurka aritu zenaren antza izatea. «Aldaketak egingo ditut. Logika kontua da: asteartean jokatu genuen azken partida. Freskotasuna behar dugu, eta, horretarako, esfortzuak kudeatu behar ditugu, betiere lehiakortasunari eutsiz».

Osasunak garaipen baliotsua lortu zuen Cadizen zelaian, baina ondorio txarrik ere izan zuen partida hark: Abdek txartel gorria ikusi zuen, eta David Garciak kolpe handia hartu zuen sudurrean. Bi jokalari horien hutsunea izango du gaur taldeak. Kontrara, Kike Garcia deialdian sartu da berriro, zigorra bete ondotik. Chimy Avila ere zerrendan da, astearteko lehia hasterik izan ez zuen arren, arazo fisikoen ondorioz.

Silva eta Merino, hasieratik

Europako postuetan sartu nahi du Osasunak, eta bertan jarraitu Realak. Donostiarrak Txapeldunen Ligako postuetan daude hamalaugarren jardunaldiaz geroztik, eta asteartean beste pauso bat egin zuten, Betisen zelaian berdinduta. Aspaldi dira bi garaipen kateatu gabe, baina azken sei lehietatik hiru irabazi dituzte. Gaur Sadarren nagusituko balira, balioa erantsiko liokete Villamarinen lortutako puntuari.

Jokalari asko «oso nekatuta» daudela adierazi zuen atzo Imanol Alguacilek, eta ordutegiei egotzi zien horren errua. «Ez da posible partidak gaueko hamarretan jokatzea. Zaleentzat oso ordu kaskarra da. Gainera, lehengoan, jokalariek goizeko ordu bietan bukatu zuten afaria». Baldintza horietan gorputza osatzea «ezinezkoa» dela salatu zuen Realeko entrenatzaileak.

Nekeak neke, exijentzia handiko beste partida bat izango dute gaur txuri-urdinek, eta baliteke hasieratik jokatzeko aukera izatea Silvak eta Merinok, astearteko lehia aulkian hasi ondoren. Imanolen esanetan, «sekulako meritua» du Osasuna egiten ari den sasoiak, eta Kopan onena opa dio.

OSASUNA-REALA
Osasuna. Herrera; Ruben Peña, Aridane, Unai, Manu Sanchez; Torro, Moncayola, Aimar; Barja, Ruben Garcia eta Kike Garcia.
Reala. Remiro; Aritz, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino; Silva, Kubo, Sorloth eta Oiartzabal.
Epailea. Pizarro Gomez.
Lekua. Sadar futbol zelaia.
Ordua. 21:00 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.