Sailkapenaren gorenean egoteko hutsik egin ezin duen partida horietakoa jokatuko du gaur Realak Anoetan, Espanyolen aurka (20:00, BeIN). Denboraldi hasieran ibili gorabeheratsua izan ondoren, badirudi berriro onbidean sarturik dagoela Eusebio Sacristanen taldea, eta bolada onari jarraipena ematea izango du helburu.
Joan den ostegunean Vardarren aurka garaipen historikoa lortuta (0-6), Europa ligako final-hamaseirenetarako bidea bideratua dauka taldeak. Hortaz, arreta osoa ligari jartzeko moduan da, eta, Espanyolen kontura hiru puntuak batuta, sailkapeneko onenen artera itzuli nahi du.
Ondo bidean, aukera egokia izan dezake horretarako, Espanyolek baino lau puntu gehiago baititu. Faborito izaerak arriskua ere berarekin izango du. Ohi bezala, baloia oinetan izan eta jokoan nagusitzera zelairatuko da Reala, baina itsu-itsuan kontraerasoan irten nahiko du Espanyolek. Hain zuzen, era horretako lehiatan topatu du komeria gehien Eusebioren taldeak. Hamaikakoari dagokionez, baliteke Iñigo Martinezek eta Juanmik hasieratik jokatzea, osatu egin baitira.