EUROPAKO ERREKOPA FINALERDIETAKO ITZULIKO PARTIDA. Apustua, karta bakar batera

Gummersbachek joanekoan lortutako lau goleko aldea ezerezean utzi nahi du San Antoniok, Errekopako finala jokatzeko. Iruñeko taldeak zaleen babesa eskatu du, gaurkoa baita sasoiko lehia garrantzitsuena

edurne elizondo
Iruñea
2010eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Partidarik garrantzitsuena. Sasoi honetako unerik inportantena. Dena emateko ordua iritsi da San Antoniorentzat. Europako Errekopako finalerdietako itzuliko norgehiagoka jokatuko du gaur NUPeko pabiloian, Gummersbachen kontra. Alemaniako taldeak lau goleko aldea ekarriko du Iruñera, 30-26 irabazi baitzuen joanekoan. Alde hori hutsean uztea eta finalerako sailkatzea izanen da Iruñeko taldearen helburua.

Helburu edo xede bat baino gehiago da garaipena iruindarrentzat. Ivan Nikcevik ezker hegalekoak atzo orriotan bertan onartu zuenez, sasoia dago jokoan haientzat gaurko partidan. Asobal ligan bosgarren postua lortzea da asmoa. Ligan gorago gelditzeko aukerak laster galdu zituen San Antoniok denboraldi zail honetan. Horregatik, Europako Errekopa da taldearentzat zerbait lortzeko itxaropen bakarra. Duela bost urte irabazi zuen Iruñeko taldeak bere azken txapela, eta, ondorioz, iraganeko sentsazioak berreskuratzeko helduleku bakar bilakatu da, sasoi honetan, Errekopako txapela.

San Antonio izan zena oraindik badela erakutsi nahi dute jokalariek. Txapeldunen Liga irabazi duen talde batentzat bigarren mailako saria izan daiteke, akaso, Europako Errekopa, baina, txapela da, finean. Eta Europakoa. Eta 2005etik txapelik irabazi ez duen talde batentzat, sari handia, zalantzarik gabe.

Sari hori eskura du San Antoniok. Alemaniako joanekoan galdu arren, aurkariaren lau goleko aldea ez da muga gaindiezina. Are gehiago kontuan hartuta taldeak partida ona eta serioa egin zuela Alemanian, eta bi taldeen arteko oreka izan zela nagusi, ia partida osoan. Hau da, pistan ikusi zena baino alde zabalagoa erakusten du emaitzak. Irudipen hori zuten jokalariek ere. Baita Chechu Villaldea entrenatzaileak ere. Gogor kritikatu zuen epaileen lana, eta argi utzi zuen nafarrek gehiago merezi zutela.

Pabiloia bete nahian

Gaur dute aukera hori erakusteko. Gehiago merezi dutela erakusteko. Eta hori lortzeko. Eta, horretarako, zaleak nahi dituzte ondoan jokalariek. Asteazkeneko Torrevellaren aurkako partidan inoiz baino hutsago ikusi zuten pabiloia. 300 pertsona izan ziren harmailetan. Gaur egoera bertzelakoa izanen dela espero dute taldeko kideek. Zaleen babesa nahi dute. Haien berotasuna. «Etor daitezela zaleak, haien laguntza behar baitugu. Hagitz partida garrantzitsua da hau», azpimarratu du San Antonioko jokalari Mariusz Jurkiewiczek.

Jurkiewicz, eta gainontzeko jokalariak, pistara ateratzeko irrikan dira. «Sasoiko partidarik inportantena da, dena ematera aterako gara», erran du Cristian Malmagrok. Torrevellaren kontrako partida harmailetik ikusi zuen, deialditik at utzi baitzuen Villaldeak, atseden har zezan. Atseden hartu zuen, halaber, Carlos Ruesgak. Ratko Nikolic aritu zen, baina gutxi. Izan ere, hirurak funtsezkoak izanen dira San Antoniorentzat gaur.

Torrevellaren kontrako partidako deialditik at gelditu zen Malik Besirevic atezaina ere. Kolpea hartu zuen Alemanian, eta gaurko ongi egotea nahi zuen Villaldeak. Atea, defentsa osoa, nafarren jokoaren giltzarri izanen baitira. Defentsa sendoarekin alemaniarren erasoa gelditzea eta baldintzatzea lortzen badute, urrats handia eginen dute iruindarrek, kontraerasoan aritzeko, eta, batez ere, aurkariari nahi duen bezala aritzeko aukera ez uzteko.

Partida hasteko prest da. Kartak mahai gainean daude. Eta San Antonioko jokalariek apustua egin dute. Europako Errekopako finalean egoteko apustua. Pistara atera, eta partida jokatzea bertzerik ez da falta orain.

Bertze finalerdian, Granollersek eta Steaua Bukarestek bihar jokatuko dute itzulikoa Katalunian. Joanekoan 32-28 irabazi zuten errumaniarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.