ATHLETIC 0-1 GETAFE

Europako nekea ordaindu du Athleticek, eta galdu egin du Getaferen aurka

Zuri-gorriek partida kaskarra jokatu dute, eta Getafek merezita eraman ditu hiru puntuak San Mamesetik. Neke fisiko eta psikologikoa igarri zaie jokalariei, eta aldaketek ez diote fruiturik eman taldeari.

ATHLETIC-GETAFE. LUIS TEJIDO / EFE
Getafeko jokalariak, gola ospatzen. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2025eko urriaren 25a
20:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru egunen buruan txanponaren bi aldeak ezagutu ditu San Mamesek. Joan den asteazkenean zerua ukitu zuen taldeak, Txapeldunen Ligan lehen garaipena lortu ondoren, Karabakhen aurka. Ordea, Getafek mutu utzi ditu gaur zelaian bildutako jarraitzaile guztiak, hiru puntu eskuratu baititu Bilbon. Bi aurkari izan ditu Athleticek: Getafe bera eta nekea. Partida ona jokatu du Madrilgo taldeak, ohi bezain sendo aritzeaz gain energia handiz jardun baitu hasi eta buka. Hortaz gain, beren jokorik onena urrun izan dute zuri-gorriek. Etxean azaldu ohi duten nagusitasunik ez dute erakutsi, eta energia eta txinparta falta izan zaizkie jokalariei. Europako lehiaketaren ondorena igarri zaie, eta, gogotik saiatu arren, puntu soil bat ere ezin izan dute eskuratu. Beste behin, gola sartzeko zailtasun handiak izan dituzte.

Partidaren garrantziaren jakitun, ohiko jokalariz josi du hamaikakoa Ernesto Valverdek. Egun gutxiko atsedena izanagatik, nahiago izan du aulkia askorik ez astindu, baina ez du asmatu erabakiarekin. Izan ere, neke fisiko eta psikologikoa hasiera-hasieratik igarri zaie jokalariei. Nahi eta ezinean aritu dira, eta Getafe gehiago izan da jokoaren arlo guztietan: intentsitatean, lehian eta arrisku jokaldietan. Madrildarrek helburu izan dute erritmo bizian jokatzea, eta arnasa lasai hartu ezinda ibili dira etxekoak. Bizpahiru pase jarraian emateko komeria handiak izan dituzte. Egoera aldatzeko, baloia oinetan gehiago izan beste aukerarik ez zuen Athleticek, baina ez du lortu. Ruiz de Galarreta, Jauregizar eta Sancet jokoz kanpo sentitu dira.

Getafek bere gidoiari eutsi dio. Etxetik kanpoko partidetan erosoago sentitu ohi da, eta emaitzek ere hala diote. Hamalau puntu ditu sailkapen nagusian, eta horietatik bederatzi euren zelaitik urrun lortu dituzte. Ez dute erasoan jokaldi arriskutsurik osatu, baina Unai Simonen atetik gertu jokatzen aritu dira une oro. Lehen zati osoan lau korner ere atera dituzte. Athleticek, berriz, bat bera ere ez. Tristea izan da lehen zatia, baina zuri-gorriek izan dute aukera on bat atsedenaldia baino lehen. Horixe izan da lehen gol aukera, baina Sanceten jaurtiketari ongi erantzun dio David Soriak.

Nico Williams, onenetik urrun

Beste animo batekin ekin dio bigarren zatiari etxeko taldeak. Guruzetak gola sartzeko aukera bat izan du eta Sancetek beste bat, baina alferrik, ez baitira distiraz aritu azken metroetan. Egoera ikusirik, hiru aldaketa egin ditu Valverdek kolpetik: Maroan, Robert Navarro eta Vesga zelairatu ditu. Baina aldaketek ez diote fruiturik eman taldeari. Bazirudien Nico Williams izango zela aulkira joango zenetako bat, baina ez da hala izan. Ruiz de Galarreta, Berenguer eta Guruzetak utzi dute zelaia. Williams anaietan gazteenak oso partida kaskarra egin du, eta harmailetatik txistu hots batzuk ere iritsi zaizkio. Hainbat saiakera egin ditu ezker hegaletik, eta bakar batean ere ez ditu atzean utzi aurkariak. Erasoko gainerako jokalariek ere ez diote batere lagundu. Liga honetan soilik bederatzi gol sartu ditu Athleticek. Oso datu eskasa da erasoari begira.

Getafek, berriz, lortu du gola sartzea, azken txanpan hain justu. Nonbait, puntu batekin ez zegoen konforme Athletic, eta azken minutuetan gora egin dute jokalariek. Baina kontrolik eta ordenarik gabe. Aukera ezin hobeki baliatu dute madrildarrek. Jokaldi polita josi dute eskuin hegaletik, eta Borja Mayoralek sartu du 0-1ekoa. Golaren ondoren Izeta bera ere zelairatu du Valverdek, baina Athleticek ez du adorerik eta jokorik izan berdintzeko. Orain, aste barruan ez du partidarik izango, eta datorren larunbatean Realaren aurka jokatzeko atseden apur bat hartu ahal izango dute jokalariek.

ATHLETIC-GETAFE
Athletic. Unai Simon; Lekue (Areso, 31. min.), Vivian, Laporte, Yuri; Ruiz de Galarreta (Vesga, 59. min.), Jauregizar; Berenguer (Robert Navarro, 59. min.), Sancet (Izeta, 75. min.), Nico Williams; eta Guruzeta (Maroan, 59. min.).
Getafe. David Soria; Kiko Femenia, Iglesias, Duarte, Djene, Diego Rico; Milla, Aranbarri, Liso, Da Costa (Mario Martin, 67. min.); eta Mayoral.
Golak: 0-1: Borja Mayoralek (75. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.