Europako saskibaloi onena berriro izango da Illunben. Lerroburu hori ikusita erraza da ondorio sinplea ateratzea. Saskibaloi on horren ikurra dela Real Madril. Badenik ukatzea alferrikakoa da, baina Bruesak saskibaloi on horretako kide izan nahi du. Nola lor dezakeen galderaren erantzuna erraza da: Real Madril mendean hartzea eta saskibaloi zaletasuna errotzea Gipuzkoan arrakastaren bidetik. Miguel Santos presidenteak eta Pablo Laso entrenatzaileak esan dute Illunbera joaten den zaleak Bruesa ikustera joan behar duela aurkariak ikustera baino gehiago, bestela, taldeak jai izango duela.
Bruesak lehen garaipenari ihes egiten utzi zion joan den asteburuan Granadan, baina taldea indartsu dago buruz-eta, zaleen aurrean berriro ACB ligan jokatzeko grinarekin. Real Madril ez dago ondo. Unicajak astindu handia eman zion lehen jardunaldian, eta ostegunean oso larri irabazi zion Granadari, 81-80. Madrilgoak justu antzean dabiltza, Raul Lopezen hutsunea estali ezinik, Papadopoulos nora ezean dutela, eta Massey, Hosley eta Bullock estatubatuarren menpekotasun handiarekin. Noizbait aukera ona izatekotan, gaur du aukera ona Bruesak Real Madril menderatzeko. Joan den denboraldi txarrak Joan Plazaren taldearen jokoa ilundu du, eta ez dute argirik ikusten. Horrek, ordea, ez du esan nahi gaur ikusiko ez dutenik. Illunben ez ikustea onena. Bruesak ere badu hori lortzeko giltza.
Europako saskibaloi onena berriro ere Illunben
Bruesak Real Madril ahalguztiduna hartuko du bere kantxan, Ligako lehen garaipena lortzeko helburuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu