Realeko jokalaria

Ainhoa Marin: «Europan aritzeak ilusioa egiten digu, baina ligan ere arreta jarri behar dugu»

Deportivotik iritsi berri da Donostiara Marin. Oso pozik dago egin dioten harrerarekin, eta lehen egunetik asko ikasten ari dela nabarmendu du: «Entrenamenduak kalitate handikoak dira, bai teknikoki, bai taktikoki».

Ainhoa Marin Realeko jokalaria. JON URBE / FOKU
Ainhoa Marin Realeko jokalaria. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko abuztuaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Entrenamendua amaitu, eta taldekide batzuk bideo bat grabatzen ari diren bitartean, Zubietako zelaiko harmailan eseri da Ainhoa Marin (Badalona, Herrialde Katalanak, 2001). Realak denboraldi honetarako fitxatu dituen jokalarietako bat da. Irribarrea du ahoan, eta, bere indarguneetako bat aurkariak atzean uztea den arren, ez die galderei izkin egin. Argi eta gertutasunez mintzatu da.

Zer moduz lehen egunak Realean eta Donostian?

Oso ondo. Izugarri pozik nago, egia esan. Harrera bikaina egin didate, eta pixkanaka egokitzen ari naiz eguneroko berrira. 

Zertan nabaritu duzu aldaketarik handiena?

Donostia eta Coruña nahiko antzekoak dira. Kirolaren ikuspegitik, entrenamenduak kalitate handikoak dira, bai fisikoki, bai teknikoki. Horretara egokitzen ari naiz pixkanaka, eta entrenatzaileengandik eta taldekideengandik asko ikasten, zelaian nire onena eta eskatzen didatena emateko. Emakumezkoen taldearentzat gune bat izatea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Azken batean, gure beharretara egokitzen da.

Zerk bultzatu zintuen Realaren eskaintza onartzera?

Urteak dira Realak jokatzen duen modua gustuko dudala, are gehiago iragan denboraldian. Teknikoki eta taktikoki izugarri erakarri ninduen nola egin zien aurre partidei, baita ere jokalariek zer erreminta zituzten neurketetan sortzen ziren egoerei aurre egiteko, eta zer konponbide ematen zituzten. Gainera, ni erasoan aritzen naiz, eta aurreko denboraldian taldea ikusgarri aritu zen arlo horretan. Horrek asko erakarri ninduen. Arturok [Ruiz entrenatzailea] hori eskatzen digu: zuzen jokatzea eta jokalari askorekin ailegatzea areara; betiere zentzuz. 

Zer eman diezaiokezu Realari?

Batez ere ausart aritzeko eta aurkariak desorekatzeko eta atzean uzteko modua. Arturo eta beste entrenatzaileak, gainera, beste hainbat gauza eskatzen ari zaizkit. Adibidez, barrurago jokatzen ari naiz. Beso zabalik hartu ditut gauza horiek, badakidalako horrek bestelako aukerak eta erremintak emango dizkigula bai taldeari, bai niri. Oso pozik nago.

«Batez ere ausart aritzeko eta aurkariak desorekatzeko eta atzean uzteko modua eman diezaioket taldeari»

Aurreko denboraldian entrenatzaileak maiz aipatzen zuen zail egiten zitzaiola hamaikakoa osatzea, jokalariek bikain entrenatzen zutelako egunerokoan. Zuk ere nabaritu duzu hori?

Bai; aipatu dudan moduan, kalitate handia dago entrenamenduetan. Denek argi dugu denboraldian zehar gure aukerak izango ditugula, eta Arturok ere hala esan digu. Garrantzitsuena zera da: une hori iristen denerako prest egotea, eta horretarako funtsezkoa da egunerokoan bete-betean aritzea. Uste dut hori izan zela aurreko denboraldian Realak hain denboraldi ona egiteko beste arrazoietako bat, eta sasoi honetan bide horretatik jarraitu nahi dugu. 

Zerk harritu zaitu gehien harengandik?

Egunerokoa oso antolatuta dauka, oso metodikoa da alde horretatik. Horrek ziurtasun handia ematen digu jokalarioi, eta aurreko denboraldian ikusi zen lan egiteko modu horri esker taldeak gauza handiak lortu zituela. Bestalde, arreta eguneroko lanean jartzen du behin eta berriz. 

Orain arte bi lagunarteko partida jokatu dituzue. 0-2 galdu zenuten Torreense taldearen kontra, eta bana berdindu Logroñoren kontra. Zer balorazio egiten duzu?

Ez ditut ondorio asko atera nahi. Bi partida baino ez dira, eta bi talde desberdinek jokatu genuen. Uste dut taldea egokitze prozesuan ari dela, jokalari berriak ohitzen ari gara, eta horretarako dira neurketa hauek. Baina uste dut bi norgehiagoketan behetik gora egin genuela, geroz eta hobeto egokitzen ari garela. Hori da inportanteena. 

Gaur Lyonen kontra jokatuko duzue, Txapeldunen Liga gehien irabazi duen taldearen kontra. Lagunartekoa izan arren, jokalariek gustuko izango duzue halako aurkarien kontra aritzea, ezta?

Dudarik gabe, merezi du. Ziur nago emaitza edozein izanda ere ondorio positiboak aterako ditugula eta asko ikasiko dugula. Ilusio handia dugu partida hori jokatzeko.

Ondoren, asteazkenean, Sentimendu Kopa jokatu duzue, Osasunarekin eta Alavesekin batera; eta igandean Euskal Herria Kopako finalerdia Eibarren kontra. Aste betea duzue aurretik, baina, denboraldi honetan Europan jokatuko duzuela kontuan hartuta, horretara ohitu beharko duzue.

Dudarik gabe. Ohitzen joan behar dugu egun gutxitan bete-betean lehiatzeko gai izatera, halako zikloetara. Gainera, hobetzen segitzeko ere balioko digute. 

Nolakoa izango da datorren denboraldiko Reala?

Aurreko denboraldikoaren antzekoa, nahiz eta aurkariek gehiago ezagutuko gaituzten, eta horretara ere egokitu behar dugun. Baina aurreko denboraldian taldeak erakutsi zuen baduela horretarako gaitasuna. Gainera, taldeak postu diferenteetan joka dezaketen jokalari dezente ditu, eta horrek asko lagunduko digu. 

Zertan ari da jartzen orain arreta entrenatzailea?

Jokatzeko eredua barneratzeko lanean ari gara. Aipatu bezala, uste dut erasoan golak sartzeko aukera asko sortzen jarraituko dugula; defentsako lanean, berriz, Arturok behin baino gehiagotan esan du baloirik gabeko jokoan aurrerapausoak ematen segitu behar dugula. Kanpotik ikusita, nik arlo horretan hobekuntza handia nabaritu nion taldeari aurreko denboraldian. Aurkari moduan, zuk nahi ez zenuen egoeretara behartzen zintuen. Hori lantzen segitzen dugu, eta berriok horretara egokitu behar dugu. 

«Erasoan golak sartzeko aukera asko sortzen jarraituko dugu, eta baloirik gabeko jokoan aurrerapausoak ematen segitu behar dugu»

Asteartean da Txapeldunen Ligako zozketa. Erreparatu diezue aurkari posibleei? Zer nahiago zenuke: aurkari indartsu baten aurka jokatu, ala ustez ahulagoa den baten kontra?

Ilusio handiz gaude, atarikoa jokatze hutsa opari bat da. Nik, behintzat, ez dut aurkarian pentsatu. Nahi dudana zera da: partidaz gozatu eta ondo lehiatu. Anbiziotsuak gara, eta ederra litzateke ligaxka jokatzea, bai guretzat, bai zaleentzat. Baina galdu arren bigarren txapelketa jokatzeko aukera izango dugu, eta horrek ere ilusioa egingo liguke.

Erronka handia izango da aurreko denboraldiko emaitza bera lortzea ezta?

Bai, erronka polita da. Baina, esan bezala, entrenatzaile multzoak egunerokoan du jarrita arreta, ez ditu luzera begirako helburuak jartzen. Ilusioa dugu Europarekin, baina liga oso garrantzitsua da, eta horretan ere jarri behar dugu arreta. Izan ere, txapelketa horretan jokatuko dugu partida gehien. 

Taldekide berrien artean nork harritu zaitu gehien?

Klarak [Cahynova] eta Morazak [Ainhoa]. Moraza ezagutzen nuen, banekien oso ona zela. Entrenamenduetan maiz egokitzen zait haren aurka aritzea, eta oso zaila da hura atzean uztea. Bestalde, eta pertsona moduan, Arola [Aparicio] oso taldekide ona da. Beti kezkatzen da berriekin. Oro har, multzoan dagoen giroa nabarmenduko nuke. Lehen egunetik sentiarazten dizute ez zarela berria. 

Futboletik kanpo zer zaletasun dituzu?

Irakurtzea asko gustatzen zait. Orain El arte de pensar liburua [Pentsatzearen artea] irakurtzen ari naiz bigarrenez, Jose Carlos Ruizena. Horrekin batera, lagunekin eta etxekoekin paseatzea gustatzen zait, eta kafe on bat hartzea. Futbola ere asko ikusten dut. Asko gustatzen zait, eta ikasteko ere balio dit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA