Tati Garmendia, Bera Berako kirol zuzendaria, pozik dago. Donostiako taldeak hamargarren aldiz irabazi zuen liga larunbatean. Zortzigarrenez lortu dute azken hamar urteetan. «Zerbait ondo egiten ari garen seinale da», adierazi du. Denboraldia bikaina izan dela nabarmendu du, eta unerik gogorrena ondorengoa izan da: «Albak eta Estherrek erretiroa hartuko zutela esatea». Emaitzak hain onak izanda, berak ere onartu du egunerokoak pisu handiagoa duela.
Hamargarrenez irabazi zenuten liga larunbatean. Nola ospatu zenuen?
Jokalariekin batera afaldu nuen. Baina gero ohera joan nintzen. Leher eginda nengoen.
Nola bizi zenuen partida?
Oso urduri egon nintzen partida osoan, dena estu zegoelako. Ez genuen partida ona jokatu: nekea, egiten zuen beroa, denboraldia amaitzeko nahia... Presaka jokatu genuen, eta une batez pentsatu nuen ez genuela irabaziko. Bigarren zatiaren lehen hamabost minutuetan, gol bakarra sartu genuen. Amaitzean, izugarri poztu nintzen. Nahiz eta etxean jokatu, ez genuen hirugarren partidara iritsi nahi. Izan ere, norgehiagoka bakar batean edozer gerta daiteke.
Liga, Espainiako Kopa eta Iberiar Superkopa irabazi dituzue, bai sasoi honetan bai aurrekoan. Erraz esaten da, ezta?
Hala da. Gainera, uste dute denboraldi honetan zailagoa izan dela hiru tituluak lortzea, Europan multzoen fasea jokatu dugulako. Penalti batengatik geratu ginen Lauko Finaletik kanpo. Egutegia beteagoa izan da horren ondorioz, eta jokalariak gehiago nekatu dira. Ahalegin izugarria egin dute: gehiago bidaiatu dute, astean bi partida jokatu dituzte, ahalmen fisiko handiagoa duten taldeen kontra jokatu dute... Balentria handia egin dute liga irabazita. Ez dakit nolatan lortu dugun liga irabaztea. Berdintasun handia dago, eta talde guztien helburua da irabaztea. Horretarako prestatzen dira. Detaile txikiek erabakitzen dute dena.
Uste duzu Lauko Finalerako sailkatuta liga ere irabaziko zenutela?
Aitortu beharra dut: ez nuen espero liga hau irabaztea. Jokalariengan uste osoa nuen, baina, esan bezala, oso nekatuta zeuden, eta, gainera, liga erregularrean gorabehera asko izan ditugu. Normala da. Baina aurreko udan zazpi jokalarik utzi zuten taldea, tartean bi atezainek, eta denbora behar da egokitzeko. Dena den, nik liga hau aldatuko nuen Lauko Finala jokatzeagatik.
Zailtasunak zailtasun, liga irabazi duzue. Zein izan da horretarako gakoa?
Ospakizuneko afariaren ostean jokalariei esan nien moduan, klub honek badu ederra den zerbait: hemen dauden eta hona etortzen diren jokalariek oso barneratuta dute lehiakor izatea, eta unerik zailenetan ere atera egiten dute izaera lehiakor hori. Jokalariak joan eta etorri egiten dira, baina esentzia hori ezin dugu galdu. Hori da dugun altxorrik handiena.
«Jende askorentzat normala da guk hiru tituluak irabaztea, baina asko kostatzen da. Iritsiko da garai bat non ez dugun irabaziko»
Aspaldian Alba Menendez eta Esther Arrojeria arduratu dira iritsi direnei hori helarazteaz. Orain, ordea, erretiroa hartuko dute. Nork egingo du lan orain?
Horrek ez nau kezkatzen, beti egin baita. Ondare hori hor dago. Hortxe ditugu hemengoak diren beste jokalari batzuk: Maitane [Etxeberria], Anne [Erakuskin]... Gainera, Laurak [Hernandez] eta Elkek [Karsten] ere denbora asko daramate hemen. Jokalari horiek izango dira batez ere ardura hori izango dutenak. Dena den, gainerako jokalariek ere oso garbi dute zein den klub honen nortasuna eta filosofia.
Menendezi eta Arrojeriari merezitako agurra ematea ere hauspo izango zen liga irabazteko, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Denek argi genuen hala izan behar zuela. Finaleko azken gola Estherrek sartzea ere berezia izan zen. Partidan gorabeherak izan zituen, eta, esan didatenez, Imanolek [Alvarez entrenatzailea] berak zera esan zion: «Lasai egon, finaleko azken gola zuk sartuko duzu eta». Hala izan zen.
Gomendiorik eman diezu? Zuk ere ondo dakizu zer den erretiroa hartzea.
Egia esan, ez. Ez dugu horretaz hitz egiteko tarterik izan. Gainera, gertu izango ditugu, harmailetan. Espero dudana da bete-betean aprobetxatuko zutela azken txanpa hau. Gainera, erretiroa hartuta, gauza on asko ere iristen dira.
Zure egiteko nagusia fitxaketak egitea da. Denboraldia amaituta, nola ikusi dituzu aurreko udan iritsi ziren jokalariak?
Oso ondo. Uste dut asmatu egin genuela. Gehienak jokalari oso gazteak dira, eta ez zeuden ohituta sailkapenaren goialdean dagoen talde batean lehiatzera. Micaela [Rodrigues], gainera, urtarrilean iritsi zen. Denboraldi oso ona egin dute, eta ziur nago hurrengoan are hobeto arituko direla.
Tamara Kostic eta Marie Louis badoaz, eta momentuz Nicole Wiggins atezaina fitxatu duzue. Zein itxura du datorren sasoiko multzoak?
Itxura ona du, multzoaren bizkarrezurrari eutsi diogulako, eta hori gero eta zailagoa da. Kezka gehien Estherren ordezkoak eragin digu. Baina Elbak [Alvarez] denboraldi bat izan du postu horretara egokitzeko. Nicole fitxatuta ere atea indartu dugu, eskarmentu handia duen jokalaria delako, eta Luciari [Prades] hazten segitzen lagunduko dio.
Taldea indartzeko jokalarien artean hauek aipatu dira: Esther Somaza eta Elena Amores.
Hurrengo egunetan jakinaraziko ditugu, baina izan daiteke. Nicolez gain beste hiru fitxaketa egingo ditugu.
Datorren denboraldirako zein helburu izango dituzue?
Berriro ere Europan multzoen fasea jokatzea. Denboraldi honetan lortu izanak ez digu bermatzen hurrengo urtean ere halaxe egitea. Zozketak asko baldintzatuko du. Talde indartsu bat egokituz gero, gerta daiteke ez sailkatzea.
Imanol Alvarez entrenatzaileak egindako lana ere azpimarratzekoa izango da, ezta?
Dudarik gabe. Nik uste jendeak ez diola balioa ematen Imanolek egiten duen lanari eta klub honi ematen dionari. Talde ona izan arren, entrenatzaile batzuk ez dira gai hark egin duena egiteko.