Europarako azkeneko trena

Baionak Racingi irabazi behar dio gaur Jean Daugerren, Heineken koparako sailkatzeko azken aukerei eusteko

Baionako jokalariak, Tolosaren aurka jokatu aurretik Anoetan egin zuten entrenamenduan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Baionak aste gogorra izan du. Joan zen larunbateko derbian jasotako zartakoaren zauriak oraindik bizi-bizi dituela prestatu du gaur etxean Racingen aurka jokatu beharreko partida (14:30). Anoetan Lapurdiko bi kluben arteko dema ez zen izan Baionak galdu zuen gauza bakarra. Porrotak min egin zion larunbatean, eta oraindik ere min hori sakona da. Gainera, Anoetan galdu ostean, Baionak oso maldan gora dauka Heineken koparako sailkatzea. Jean Daugerreko taldea bederatzigarren postuan dago orain, Perpinya seigarrenarengandik lau puntura.

Aldea murritza da oraino, baina Top14ko fase erregularra bururatzeko, lau partida baizik ez dira falta, eta Lapurdiko taldeak jada ez du esku artean bere etorkizuna. Ekuazioa sinplea da: Heineken koparako lehian Toulon, Clermont eta Perpinya ditu aitzinetik Baionak. Lehen sei postuetan sartzeko, beraz, hiru talde horiek pasatu beharko ditu. Beste modu batera erranez, azken lau partidak irabazi beharko ditu, eta beste hiru taldeek huts egiteren bat izatea.

Hemendik aitzina, segi beharreko bidea argi dago: irabaztea baizik ez dio balio Baionari. Arratsalde honetan hasiko du bide malkartsu hori, Racingen aurka. Parisko taldea oso aurkari gaiztoa da. Sailkapeneko bigarren postuan dago, Tolosa liderrarengandik puntu bakarrera.

Denboraldi bikaina jokatzen ari da Pierre Berbizierrekzuzentzen duen hamabostekoa. Une honetan, gainera, sasoi betean dago. Joan zen astean jokatu zen Tolosa eta Racing Top14ko bi indartsuen arteko partida, eta Racingek alor guztietan irabazi zion Okzitaniako taldeari. 42-23 izan zen azkeneko emaitza, Pariskoen alde.

Hurrengo sasoiari begira

Alde batetik, beraz, derbiak dezente astindu duen Baiona izanen da, eta beste aldetik Tolosaren aurka hauspoa altxa duen Racing. Gaurko partida ez da txantxetan hartzeko modukoa izanen, eta oso zail izanen du etxeko taldeak irabaztea. Racing konfiantzaz lepo dago, eta garaipenaren bila jinen da Euskal Herrira. «Guretzat proba ona izanen da. Final-laurdenak hurbiltzen ari dira, eta sasoia hartzeko lanean gabiltza», adierazi du Jonathan Wisniewski Racingeko irekitzaileak.

Beste behin ere, ez da ahantzi behar testuinguruak ez duela Aturri eta Errobi bitarteko taldea lagunduko. Hilaren 13an, biltzar nagusia eginen du klubak, eta bertan Baionaren zuzendaritza nork hartuko duen jakinen da. Beste behin ere, botere lehia hau lehen planora itzuli da. Jean Grenet auzapezak atzo jakinarazi zuen taldeari ematen dion 750.000 euroko diru laguntza izoztuko duela. «Baionarrek ez dute ordainduko Alain Aflelouk [Baionaren babesle nagusiak] utzitako hutsunea». Presio neurri horrekin, Grenetek garbi egin du Aflelouren itzuleraren alde, eta Francis Salagoiti presidentearen egoera ahuldu du. Jokalariei, baina, mesede handirik ez diete egiten gisa horretako adierazpenek. Bulegoetan, hurrengo sasoiari daude begira boterea lortu nahi duten aktore guztiak. Zelaian, gaur jokatuko dute jokalariek beren sasoia. Galduz geroz, bederen, haiek ere hurrengo sasoiari begira jarriko dira, irabazteko deus ez dutelako izanen jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.