Futbola

Euskadiko eta Palestinako futbol federazioek akordioa lortu dute elkarren arteko partida jokatzeko

Azaroaren 15ean jokatuko dute nazioarteko partida «solidarioa», San Mamesen. Larunbatean aurkeztuko dute neurketa, Gernika-Lumoko Bakearen Museoan.

Palestinako banderak, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Palestinako banderak, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko urriaren 2a
14:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ofiziala da: euskal selekzioak eta Palestinakoak futbol partida jokatuko dute azaroaren 15ean, San Mamesen. Euskadiko eta Palestinako futbol federazioak denbora zeramaten hitz egiten neurketa hori jokatu ahal izateko, eta elkarrizketa horiek fruitua eman dute.

Gaur jakinarazi du Euskadiko Futbol Federazioak, ohar batean, euskal selekzioak eta Palestinakoak nazioarteko partida «solidario bat» jokatuko dutela. Euskadiko Federazioak azaldu duenez, futbolak «elkartasunerako bozgorailu gisa» balio dezake, eta «sinetsita» dago hala izan behar duela. Horrekin batera, berriro argi utzi du zein den neurketaren helburua: «Bakea defendatzea eta eskatzea».

Larunbatean aurkeztuko dute partida, esanahi handiko toki batean: Gernika-Lumoko (Bizkaia) Bakearen Museoan. Han izango dira Jibril Rajub eta Susan Shalabi Palestinako Futbol Federazioko presidentea eta presidenteordea, Yaser Hamed Palestinako selekzioko jokalari leioarra eta Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidentea.

Palestinako selekzioarentzat hau ez da futbol partida soil bat, baizik Israel Gazan eta Zisjordanian egiten ari den erasoaldia salatzeko beste aukera bat. Besteak beste, Palestinako Futbol Federazioaren arabera, 355 futbol jokalari hil ditu Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik; baita beste kirol federazioetako 277 kide ere. «Inoiz ikusi ez bezalako hondamendi bat da». 

Kirol arloari dagokionez, Palestina 99. postuan dago FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren sailkapenean. Gizonezkoen euskal selekzioak, berriz, iazko martxoan jokatu zuen azkenekoz, Uruguairen aurka. Bana berdin zuten —Alvaro Djalok sartu zuen gola—. Orduan, ia hiru urte eta erdi zeramatzan partidarik jokatu gabe —tarterik luzeena 1993tik—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.