PILOTA

Euskadiko Federazioa «itxaropentsu eta zuhur» dago Nazioartekoaren batzarrari begira

Euskadiko Federazioko ordezkariek denbora daramate lanean uztailaren 29an Mexiko Hirian egingo den ezohiko batzarrean ahalik eta babes gehien lortzeko. 

CIJBk Alziran (Herrialde Katalanak) antolatutako Munduko Txapelketan aritu ziren euskal pilotariak. EUSKADIKO PILOTA FEDERAZIOA
Julen Etxeberria.
2023ko uztailaren 4a
13:51
Entzun

Uztailaren 29a baliteke egun historikoa izatea euskal pilotarentzat. Egun horretan, Nazioarteko Pilota Federazioak ezohiko batzarra egingo du Mexiko Hirian, eta horretan bozkatuko dute Euskadiko Pilota Federazioa kide izateko estatutuak aldatu edo ez. Mexikon 11:00ak direnean hasiko da batzarra, Euskal Herrian 19:00ak direnean.

Bigarren aldiz bozkatuko dute Euskadiko Federazioa Nazioartekoaren kide gisa onartu edo ez. 2002ko abuztuaren 26an egin zuten lehen aldiz, Iruñean, han jokatu zen Munduko Txapelketaren harira. Venezuelak egin zuen proposamena, baina batzarrak ezezkoa eman zion.

Baina, oraingoan, itxaropentsu egoteko arrazoiak daude. Atzo gertatukoa da bat. Xavier Cazaubon Nazioarteko Federazioko presidenteak erakundearen idazkari nagusi kargutik kendu du Julian Garcia Angulo Espainiakoaren presidentea, Euskadikoaren kontrako kanpaina egiteagatik.

Mexiko Hirian sinaturiko gutunean eman du Cazaubonek erabakiaren berri, Garcia Angulori zuzenduriko testuan. «2023ko apirilaren 13tik Nazioarteko Pilota Federazioari eraso egiten aritu zara, eta, zehazki, neuri», azaldu du Cazaubonek. Presidenteak Espainiakoaren buruari gogoratu dio Nazioarteko Federazioak apirilaren 10ean «aho batez» erabaki zuela ezohiko batzarrera deitzea Euskadiko Federazioa kide gisa onartzeko estatutuak aldatu edo ez erabakitzeko. Batzarrera deitze hutsak «eraso eta mehatxu olde» bat eragin zuela azaldu du Cazaubonek. «Isilik egon naiz zure laido eta difamazioen aurrean».

Baina Garcia Angulok Nazioarteko Federazioaren kideei bidaliriko azkeneko agirian erakundearen 44. artikuluak idazkari nagusiari ematen dizkion eskumenak gainditu dituela iritzita, hura kargugabetu du presidenteak. Apirilaren 13tik erakundeari egunero eraso izana egotzi dio Garcia Angulori, eta beste herrialdeetako federazioei ere mehatxu egitea leporatu dio. «Sentitzen dut erabaki hau hartu behar izatea».

Garcia Angulok egin dizkio kritika zorrotzenak Euskadiko Federazioak egindako eskaerari eta haren aurrean Nazioartekoak hartutako erabakiari. Hala, apirilean, Nazioartekoak uztailean ezohiko batzarra egingo zuela esan eta berehala, Garcia Angulok esan zuen ezetz bozkatuko duela, Euskadiko Federazioa sartzeak Espainiako Federazioari eta Espainiari «eraso» egiten diola argudiatuta. Idazkari nagusi izateari utzi arren, Espainiakoaren burua da oraindik ere, eta argi dago kontrako botoa emango duela bozketan.

Badira itxaropentsu egoteko beste arrazoi batzuk; nagusia, Nazioarteko Federazioak ezohiko batzarra egingo duela, eta horretan bozkatuko duela Euskadikoa onartzeko estatutuak aldatu edo ez. Euskadiko Federazioak bitan egin zion aurretik eskaera, eta ez batean ez bestean ez zuen erantzunik jaso. Hori gutxi ez, eta Nazioartekoaren presidenteak berak proposatuta jorratu dute gaia. Aldaketa esanguratsua da hori.

Gai zerrenda da itxaropentsu egoteko beste arrazoi bat. Hasiera batean, gai bakarra izango zuen ezohiko batzarrak: Euskadiko Federazioa onartzeko estatutuak aldatu edo ez bozkatzea. Baina bigarren gai bat sartu dute zerrendan: estatutuak aldatzea onartuz gero, jarraian bozkatuko lukete Euskadiko Federazioa onartu edo ez. Hau da, Euskadikoa ofizial izan daiteke egun horretan bertan. Hala izango balitz, Euskadiko Federazioko pilotariek nazioarteko txapelketa guztiak jokatuko lituzkete, Munduko Txapelketatik hasita. 2026an jokatuko da hurrengo ekitaldia, San Luisen (Argentina). 2030ekoa, berriz, Euskal Herrian izango da.

Bozketaren nondik norakoak

Estatutuen aldaketa onartzeko, bozketan parte hartzen duten bi herenen babesa behar da. 33 herrialdek dute ordezkaritza, eta hamabostek bozkatzen dute; bakoitzak boto kopuru jakin bat du, azken munduko txapelketan parte hartutako diziplinen araberakoa: Espainiak, Frantziak eta Mexikok bederatzi dituzte, eta Kubak eta Argentinak zortzi, besteak beste. 76 dira guztira. Lehen bozketaren babes bera beharko luke balizko bigarren bozketak, Euskadikoa onartu edo ez erabakiko lukeenak.

Euskadiko Federazioko ordezkariek denbora daramate lanean ahalik eta babes gehien lortzeko. «Itxaropentsu» daude, baina «zuhur» jokatu nahi dute.

Espainiako Kongresuak Kirolaren Legea onartu eta zortzi hilabetera etorri da berria. EAJk baiezkoa eman zion legeari, PSOErekin ituna egin ostean. Urrian eman zuten itunaren berri, Miarritzen (Lapurdi) Munduko Txapelketa jokatzen ari zela, eta azaroan onartu zuten legea. Hartan, nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko selekzioek bete beharreko baldintzak zehaztu zituzten. Horren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu, eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.