Atzo jakin zen Taulell SA enpresak Baskonia saskibaloi klubeko babesle izateari utzi diola, 22 urteren ondoren, eta gaur jakinarazi dute zein den babesle berria: Euskadiko Kutxa-Caja Laboral. 2013ra arteko kontratua sinatu du Gasteizko klubarekin.
"Une egokian emango diogu hasiera garai berriari", adierazi du gaur Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak. "Puntako kirol proiektuarekin segitzeko egonkortasuna eta bermea emango dizkigu". Eskerrak helarazi dizkio aurrezki kutxari, "Euskadiko egitasmo onenari eta nazioartean gehien zabalduenari lotu zaiolako".
"Negoziazio laburra eta erosoa" izan dute, bi parteen arabera; bi bilera egin dituzte ados jartzeko. Dena dela, ez dute akordio ekonomikoaren berri eman; Efe berri agentziak dio urtero bi milioi euro emango dizkiola Euskadiko Kutxak Baskoniari, eta helburukako kopuruak ere izango dira.
Pozik azaldu da Elias Atutxa Euskadiko Kutxako zuzendari nagusia, "gizarteari egiten diogun ekarpena kirolaren bidez ere egiteko aukera izango dugulako".
Keramika enpresa da Taulell, eta azkenaldian egoera ekonomikoekin dabil. Kerejetak harentzako esker ona agertu du, "klubaren hazkunde garrantzitsurako balio izan duelako", eta irailean omenaldia egingo dio Baskoniak.
saskibaloia
Euskadiko Kutxa da Baskoniako babesle berria, 2013ra arte
Tauk atzo jakinarazi zuen Gasteizko klubeko babesle izateari utzi diola, 22 urteren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu