Lau segalari ariko dira bihar Leitzan (Nafarroa), Euskadiko txapela irabazi nahian (12:00). Hiru gipuzkoar eta nafar bat izango dira, nor gehiago: Mikel Alkorta donostiarra, Juanjoxe Lizaso asteasuarra, Jexuxmari Ormaetxea Urki orendaindarra eta Jon Kanflanka leitzarra. Lizasok eta Urkik badakite txapela janztea zer den. Bitan irabazi dute azken bederatzi ekitaldietan: Lizasok, iaz eta 2009an; eta Urkik, 2010ean eta 2003an. Iazko finalarekin alderatuta, Urki da berria. Iaz, Oiartzunen (Gipuzkoa), Lizaso nagusitu zen, Kanflanka, Alkorta eta Arkaitz Arteaga baliarraindarraren aurretik.
Faborito argirik gabeko finala da biharkoa. Kanporaketan gertatutakoari erreparatu besterik ez dago finalisten arteko parekotasunaren berri izateko. Alkortak ebaki zuen belar gehien: 1.537,5 kilo. Hala ere, nahiko gertu izan zituen Lizaso —1.482 kilo ebakita— eta Urki —1.471,5 kilo ebakita—. Kanflanka, ordea, dezente atzean geratu zen, 1.307 kilorekin. Beraz, itxura batean, Alkorta, Lizaso eta Urkiren arteko lehia gogorra espero da.
Ordubeteko lan gogorra
Bihar Leitzako Urtotxiki baserriaren ondoko zelaian ariko diren lau segalariek ordubeteko lana egin beharko dute, eta, araudiak dioen bezala, ahalik eta belar kilo gehien ebakitzen duenak jantziko du txapela, aintzat hartuta epaileek zigorrak jar ditzaketela belarra txukun ez ebakitzeagatik.
Euskadiko Sega Txapelketa jokatuko da bihar, Leitzan
Mikel Alkorta, Jon Kanflanka, Juanjoxe Lizaso eta Jexuxmari Ormaetxea 'Urki' ariko dira lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu