Euskal Herriko ardi moztaileen selekzioa aurrenekoz lehiatu da Munduko Txapelketan, Zeelanda Berrian. «Txapelketa bat baino gehiago izan da. Euskal Herriko zazpi lurraldeak ordezkatzea gauza handia da. Harro gaude, eta poz handia sentitu dugu, baina baita ardura handia ere. Dena den, asko disfrutatu dugu», adierazi du Janire Artabe euskal selekzioko kideak. Handik itzuli berri dira. 27 herrialdek parte hartu dute, eta sailkapenaren erdialdean geratu dira.
Joseba Attard euskal selekzioko prestatzaileak kontatu du esperientzia «betea bezain gogorra» izan dela: «Esperientziak oinak lurrean jartzeko balio izan du. Hemen ez genuen erreferentziarik, baina, hara joanda, oso argi geratu da munduan maila handia dagoela». Emaitzetatik harago, gainera, «mugarri historikoa» lortu dute: Munduko Kontseiluko kide izango dira aurrerantzean.
«Esperientziak oinak lurrean jartzeko balio izan du. Ez genuen erreferentziarik, baina, hara joanda, oso argi geratu da munduan maila handia dagoela»
JOSEBA ATTARD Ardi moztaileen euskal selekzioko prestatzailea
Artabez gain, beste bost ardi moztaile eta artile biltzaile ere aritu dira lehian Zeelanda Berrian, eta, haiekin batera, Attard joan da entrenatzaile moduan. Hiru diziplinatan hartu dute parte. Lehen bietan, ardiari ilea mozten zaio artaziz edo makinaz, eta, azkenekoan, ardi moztaileak ilea mozten duen bitartean, artile biltzailearen lana ondorengoa da: ile hori sailkatzea. Artabek adierazi du «itsu-itsuan» joan zirela Zeelanda Berrira, eta egoera zein den ikusteko balio izan diela: «Herrialde anglosaxoiak daude gorenean. Ipar hemisferiotik hegoaldera alde handia dago artilean. Gainera, amaierara arte ez dugu jakin zer-nola epaitzen zuten gure lana».
Emaitzarik «onena» izan ez den arren, Artabek nabarmendu du Euskal Herriaren inguruan «babes eta interes handia» sortu dela gainerako taldeen eta ikusleen artean: «Zorionak eman dizkigute. Gainerako kiroletarako mugarri izan daiteke, ofizialtasunaren bidean pausoak emateko».
«Futbolean FIFAn bezala»
Ardi moztaileen euskal selekzioak 2023an lortu zuen ofizialtasuna, eta orain beste pauso bat eman du: Munduko Kontseiluan sartu da. «Futbolean FIFAn egotea bezala da», azaldu du Attardek. Haren hitzetan, Euskal Herrian ez dago beste kirolik halako aitortza duenik, ez eta herrialde gisa aitortzarik duenik. Finean, ardi moztaileen euskal selekzioa Munduko Kontseiluan egoteak zera egiteko modua eman die: batetik, boto eskubidea izatekoa bertan hartzen diren erabakietan; bestetik, epaile profesionalak edukitzekoa.
«Munduko Kontseiluan egonda, aukera dugu hemen Munduko Txapelketa bat antolatzeko, eta ez pentsa Zeelanda Berrikoa iaz Abadiñon egin genuen txapelketa baino askoz ere handiagoa izan denik», azaldu du Artabek. Joan den irailean jokatu zen aurrenekoz Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketa Abadiñon (Bizkaia). Euskal Herriko eta nazioarteko 42 ardi moztaile aritu ziren lehian. Attardek esan du oraindik «goiz» dela Euskal Herrian Munduko Txapelketa bat antolatzeko, baina, etorkizunera begira, «aukera bat» izan daitekeela.
Epaileei dagokienez, uste du euskal selekzioak aurrerapausoa eman dezakeela epaile profesionalak edukiko balitu. Frantziaren adibidea jarri du hori azaltzeko: «Frantzian salto handia eman zuten herrialdeko epaileak profesionalizatu zituztenean. Izan ere, Munduko Txapelketetara joaten dira epaile lanak egitera, eta horrela badakite gauzak nola epaitzen diren. Horrenbestez, kirolariek lan hobea egin dezakegu. Kalitatean salto bat emango genuke». Zeelanda Berrian bizitakoarekin, eta hara iristeko egin duten bidearekin dokumental bat egingo dute.