Euskal Herriko Itzulia

Euskal Herriko Itzuliak bere oinarriari eutsi dio: ibilbide «gogorra» prestatu dute

Apirilaren 6tik 11ra jokatuko dute. Ziklistek 809,6 kilometro egin beharko dituzte, eta 29 mendate igo. Bilbon hasiko da, eta Bergaran bukatu.

Itzulia Iruñetik pasatzen, iaz, artxiboko irudi batean. ITZULIA
Itzulia Iruñetik pasatzen, iaz, artxiboko irudi batean. ITZULIA
Jone Bastida Alzuru.
2026ko otsailaren 11
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Berezia» izango da aurtengo Euskal Herriko Itzulia, 65. aldiz jokatuko baita. Baina ez da aldaketa esanguratsurik izango. Ohi bezala, etapa gogor eta gorabeheratsuak prestatu dituzte antolatzaileek, eta, beraz, azpimarratu dute ikuskizuna bermatuta egongo dela. Sei etapa izango dira, denak ere «tranpatiak». Apirilaren 6tik 11ra jokatuko dute, eta ziklistek guztira 809,6 kilometro egin eta 29 mendate igo beharko dituzte. Horietako lau lehen mailakoak dira, zazpi bigarren mailakoak, eta hemezortzi hirugarren mailakoak. Horiek horrela, txirrindulariek 16.154 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diote.

Bilbon hasi eta Bergaran (Gipuzkoa) bukatuko da lasterketa. Eta, azken urteetan bezala, erlojupeko bat jokatuko dute lehen etapan, «laburra»: 13,9 kilometro osatu beharko dituzte. Ezaguna egingo zaie zenbaiti: izan ere, denboran atzera egin nahi izan dute antolatzaileek, eta 2021ean jokatutako erlojupekoa izan dute gogoan. Pandemia garaian izan zen, eta ikuslerik gabe lehiatu ziren txirrindulariak. Hortaz, orduko bide bera egitea erabaki dute: «Berriro egitea polita iruditzen zitzaigun, baina, oraingo honetan, ikusleekin. Festa egun bat izatea nahi dugu». Begoñan hasi, San Domingo igo, eta ondoren Bilboko kaleetan barrena lehiatuko dira txirrindulariak. 

Bigarren etapa, berriz, Nafarroan jokatuko dute: Iruñetik Mendukiloko kobazuloetara joango dira txirrindulariak. Luzea da ibilbidea: 164,1 kilometro egin beharko dituzte, eta 3.300 metroko desnibela igo. Lau mendate gainditu beharko dituzte, horietako bat lehen mailakoa: Done Mikel Aralarkoaren santutegirainoko aldapa, zeina 9,5 kilometro luze baita. Ihesaldietarako aproposa izan daiteke, eta faboritoek «adi» egon beharko dutela adierazi dute antolatzaileek. 

Hirugarren etapa zertxobait samurragoa izango da, baina ez lasaia: Basaurin (Bizkaia) hasi eta bukatuko da. Gainera, bukaera gogorra izango du. Basozelai auzoan amaituko da, eta azken 300 metroetan %16-19ko aldapa dago. Ez da etapa erabakigarria izango, baina baliteke «arriskutsua» izatea. 

Lasterketaren erdia eginda, mugimenduetarako aukera aproposa izan daiteke laugarren etapa. Ordurako, kilometro asko izango dituzte eginak txirrindulariek, eta baliteke nekea sumatzen hastea. Laugarren etapa ere Bizkaian hasi eta amaituko da: Galdakaon. Igor Anton txirrindulari ohiak diseinatu du. Zazpi gain igo beharko dituzte, eta 167,2 kilometro osatu. Txirrindulariek bi aldiz igoko dute Ganguren, baina toki desberdinetatik; lehenengorako, asfaltatu berria dute bidea. Aurrez, kostatik ibiliko dira ziklistak.

Bosgarren etapa klasikoa da, aski ezaguna, eta gogorrena: Eibarren (Gipuzkoa) hasi eta bukatuko da. Ziklistek 176,2 kilometro eta 3.841 metroko desnibel positiboa izango dituzte aurrez aurre, eta baliteke egun erabakigarria izatea sailkapen nagusirako. Faboritoen arteko erasoak izatea espero da. Hantxe aurkeztu dute gaur, hain zuzen, Itzuliaren ibilbidea. Etaparik luzeena eta aldapatsuena izango da. Zortzi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, horietako hiru lehen mailakoak: Azurki, Krabelin eta Urkaregi. Aurten apur bat aldatu dute ibilbidea, batez ere erdialdean: normalean, Bergara aldera jo ohi zuten ziklistek, eta aurtengoan Etumetara igoko dira, Aizarnatik. Handik Debara jaitsi, eta Kalbaro igoko dute gero. 

Euskal Herriko Itzuliaren aurkezpena, gaur, Eibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU
Euskal Herriko Itzuliaren aurkezpena, gaur, Eibarren. ANDONI CANELLADA / FOKU

Azken-aurreko etapa funtsezkoa izango bada ere, lehiari eta emozioari azkeneraino eutsi nahi izan diote antolatzaileek. Horiek horrela, azken etapa ez da nolanahikoa izango. «Bosgarren etapan mugimendu esanguratsuak egongo dira seguruenik; beraz, seigarren etapan, taldeek lan egin beharko dute sailkapenari eusteko edo zerbait aldarazten saiatzeko». Antzuolan hasi eta Bergaran amaituko da, Gipuzkoan: 135,2 kilometro ditu ibilbideak, eta 3.000 metroko malda.

Ikusi beharko da egun horretarako nola dauden kontuak, baina, badaezpada, parte hartzaileek hobe dute Itzulia amaitu arte ez lokartzea. Halaxe esan dute antolatzaileek: «Egun errazik gabekoa izango da lasterketa».

Txirrindularien berririk ez

Ibilbidea jada aurkeztu dutenez, parte hartuko duten taldeen eta txirrindularien berri izatea falta da. Antolatzaileek adierazi dutenez, oraindik ez dakite nortzuk lehiatuko diren: «Guztiek esan digute talde indartsua ekarriko dutela, baina oraindik dena hitzezkoa da; ez dakigu ezer. Asko falta da. Parte hartze ona espero dugu, baina itxaron beharko».

Iaz, Joao Almeidak (UAE) irabazi zuen Itzulia. Eibarko etapa erabakigarria izan ohi da, eta azken egunean jokatu zen iaz, baina ez zen aldaketarik izan: hartan ere portugaldarra izan zen nagusi, eta aise defendatu zuen lidergoa. Aurten, ikusi beharko da. Beste behin «zaleek gozatzea» nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.