OLINPIAR JOKOAK

Euskal Herritarrak Jokoetan

Brontzezko hiru domina ekarri dituzte etxera euskal kirolariek: Maialen Chourrautek piraguismoan, Maider Undak borroka librean, eta Nely Carla Alberto, Eli Pinedo, Andrea Barno eta Patricia Elorzak jokalariek eta Jorge Dueñas hautaatzaileak eskubaloian. Ahalegina handia izan da euskal kirolari guztien artean.

2012ko abuztuaren 14a
11:01
Entzun

Euskal kirolariek hiru brontzezko domina lortu dituzte Londresko Olinpiar Jokoetan. Lehen saria Maialen Chourrautek (Lasarte, Gipuzkoa, 1983) eskuratu zuen, hirugarren postuan bukatu zuen piraguismoko K1 eslalomeko modalitatean. Orohar euskal piraguistek lan bikaina egin dute. Ander Elosegi (Irun, Gipuzkoa, 1987) dominatik oso hurbil geratu zen: 4. postua C-1 modalitatean.  

Bigarren domina Maider Undarena izan zen (Gasteiz, 1977). Londreserako bidea zaila izan da Undarentzat, lesioak medio eta arabarrak merezitako saria pozik ospatu zuen. Azken domina Espainiako emakumezkoen eskubaloi selekzioarena izan zen. Bertan aritu dira Eli Pinedo, Nely Carla Alberto, Andrea Barno eta Patricia Elorza euskal jokalariak eta Jorge Dueñas hautatzailea. Taldeak txapelketa ona egin du eta brontzezko domina irabazi zuten Hego Korearen aurka.

Ahalegina handia izan da, ordea, euskal kirolari guztien artean eta asko, dominen atarian gelditu dira. Laugarren eta zortzigarren postuen artean bukatu ostean, diploma olinpikoa eskuetan itzuli dira hainbat. Mingarrienetako bat, Sugoi Uriarteren (Gasteiz, 1984) laugarren postua izan da, judoko 66 kiloz azpiko modalitatean. Epaileek aurkariaren aldeko erabakia hartu zuten brontzea irabazteko borrokan, euskal herritarra garaipena ospatzen ari zenean.

Ophelie Aspord igerilaria (Baiona, Lapurdi, 1991) 6. postuan helmugaratu zen ur irekietako 10 kilometroko maratoian. Ainhoa Muruak (Zarautz, Gipuzkoa, 1978), triatloian lasterketa ona egin zuen, 7. postuan amaituz. Gauzak okerrago joan dira Zuriñe Rodriguezentzat (Barakaldo, Bizkaia, 1982); 44. postuan gelditu da. 

Onenetatik urruti geratu dira batzuk, baina olinpiar jokoetan parte hartu izanaren ohorearekin. Oiana Blanco (Orio, Gipuzkoa, 1983) eta Kiyoshi Uematsu (Portugalete, Bizkaia, 1978) txapelketatik at geratu ziren hasierako borroketan, 48 eta 73 kiloz azpiko modalitatean, hurrenez hurren.

Iker Martinez ((Donostia, 1977) eta Xabi Fernandez (Ibarra, Gipuzkoa, 1976) bigarrenaren lesio batek markatuta aritu ziren, eta ez ziren dominak irabazteko probara sailkatu, belako 49er modalitatean. 12. postuan geratu ziren sailkapen orokorrean. Atletismoan, Mikel Odriozola (Errenteria, Gipuzkoa, 1973) 42. postuan heldu zen 50 kilometroko ibilketan.

Errepideko txirrindularitzan, Jonathan Castroviejok (Getxo, Bizkaia, 1973) maila onarekin egin du debuta Olinpiar Jokoetan. 9.a izan da erlojupekoan, eta 26.a lasterketan. Belodromoan fin ibili dira euskal jokalariak. Juan Peralta (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1990) keirineko modalitatean 10.a izan zen. Hodei Mazkiaranek (Altsasu, Nafarroa, 1988) esprinteko finalera heltzea lortu zuen, nahiz atzeko muturrean bukatu azken lasterketan; 16. postuan. Leire Olaberriak (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977) 13. postuan bukatu zuen omniuma.

Tiro olinpikoan, Juanjo Aranburuk (Irun, Gipuzkoa, 1981) ez zuen sailkapena lortu skeet modalitatean, eta 23. geratu zen. Pablo Carrera (Bilbo, 1986) ere ez zen 50 metroko pistolaren finalera igaro (22. postua), baina 10 metroko aireko pistolaren finalean izan zen, eta 6. bukatu zuen.

Espainiako gizonezkoen eskubaloi selekzioa, Julen Aginagalde(Irun, Gipuzkoa, 1988), Eduardo Gurbindo (Iruñea, 1988) eta Mikel Agirrezabalaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1988) euskal jokalariekin, final-laurdenetan geratu zen Olinpiar Jokoetatik kanpo, Frantziaren aurkako partidan. Futbol selekzioak ere kale egin zuen. Javi Martinez (Aiegi, Nafarroa, 1988), Iker Muniain (Iruñea, 1992) , Ander Herrera (Bilbo, 1989), Iñigo Martinez (Ondarroa, Bizkaia, 1991) eta Cesar Azpilicuetak (Iruñea, 1989) ez zuen lehenengo fasea gainditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.