Pilotako Nazioen Liga

Euskal selekzioa goian jartzera

Bihartik datorren larunbatera bitarte jokatuko da Pilotako Nazioen Liga Bilbon eta Barakaldon, hainbat modalitatetan. Maddalen Etxegaraik eta Beñat Lizasok dominak lortu nahi dituzte, lau eta erdian eta pilota egokituan, hurrenez hurren.

Pilotako Nazioen Ligan ariko den euskal selekzioaren aurkezpena, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pilotako Nazioen Ligan ariko den euskal selekzioaren aurkezpena, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2025eko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oroimenean luzaroan gordeko diren irudiak utzi zituen joan den astean euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunarteko futbol partidak, Bilbon. Aurreikusitako helburu guztiak gainditu ondotik, ofizialtasunaren bidean «pauso garrantzitsua» eman zela aitortu zuten antolatzaileek. Bada, astebete geroago, euskal selekzioa ofizialtasunez ariko da lehian Bilbon bertan eta Barakaldon (Bizkaia). Besteak beste, Pilotako Nazioen Liga jokatuko baita bihar hasi eta datorren larunbatera bitarte. Hainbat modalitatetan jokatuko da: eskuz banaka eta binaka gizonezkoetan, eskuz lau eta erdian eta binaka emakumezkoetan, zestaz banaka gizon zein emakumeetan, erremintaz pala motzean zein larruz, eta pilota egokituan. Kirol arloaz gain, erronka handia izango du euskal ordezkaritzak, goi mailako txapelketa bat antolatzeak berekin baitakar lana eta ardura.

Hain zuzen, Nazioarteko Pilota Federazioak beste bi modalitate jarriko ditu martxan lehiaketa honetan: emakumezkoen lau eta erdikoa eta pilota egokitua. Bi modalitate horiek ez dute tokirik izan orain arte nazioartean, baina aurrerantzean bai. Bada, pilotaririk onenak deitu ditu lehiatzera euskal selekzioak, dominak lortzeko helburuz: lau eta erdian lehiatzeko hautagaietako bat izango da Maddalen Etxegarai (Oñati, Gipuzkoa, 2005), eta pilota egokituan ariko da Beñat Lizaso (Usurbil, Gipuzkoa, 1981). Hautatuen artean egon arren, oraindik ez dakite lehian ariko diren, baina ilusio berezia dute biek txapelketaren atarian. Biek ala biek nahi dute dominaren bat janztea, eta, gainera, helburu bera dute begiz joa: 2026ko Argentinako Munduko Txapelketarako sailkatzea.

Lizasok badu eskarmentua aurrez halako ekitaldi erraldoietan. «Aulki gurpildunean lehiatzen gara gu, binaka, eta eskertzekoa da gutaz akordatu izana. Izugarrizko ilusioa egin zigun jakin genuenean gure modalitatea ere lehiaketan sartu zutela. 2022an Miarritzeko Munduko Txapelketan erakustaldi moduan jokatu genuen, baina orain ofizialtasunez lehiatzea luxua izango da». Gainera, orduko hartan Espainia ordezkatu zuen Lizasok, eta orain euskal selekzioaren izenean jokatuko du. «Gure koloreak defendatzeak ez dauka preziorik. Pribilegiatuak gara. Xarma berezia izango du txapelketak, eta urduritasuna ere antzematen dut. Euskal selekzioa ordezkatzea garrantzi handiko kontua da».

Ilusioz eta gogoz ez dago urriago Etxegarai. Lau eta erdian lehiatzeko hura eta Enara Gaminde izan dira hautatuak. «Edonork jokatzen duela ere, ilusio bereziz ikusiko dugu txapelketa. Urteko egutegian partida mordoa dauzkagu, baina egia da txapelketa honek zerbait berezia izango duela. Ez dugu geure buruarentzat jokatuko, baizik herri osoarentzat». Txapelketa Bilbon izaki, babes faltarik ez du izango Etxegaraik. «Kuadrillako asko Bilbon bizi dira, eta frontoira joateko asmotan dira. Etxekoak ere ez dira faltako. Egun bereziak datoz guretzat, eta ea lan ona egiteko gai garen».

Faboritoen artean

Euskal selekzioa faboritoen artean izango da modalitate guztietan. Baita lau eta erdian eta pilota egokituan ere. Lizaso: «Frantzia izan da aulki gurpildunari ikusgarritasun gehien eman dion herrialdea. Haiei esker lehiatuko gara orain nazioartean, eta urrezko domina janzteko faborito nagusiak haiek izango dira. Goi mailako pilotariak dituzte, baina saiatuko gara ezustekoa ematen». Euskal selekzioarekin eta Frantziarekin batera, Argentina eta Portugal ariko dira lehian. Lau eta erdiko txapelketari dagokionez, Espainia izango du kontrario nagusi euskal selekzioak. Etxegarai: «Sasoiz eta eskuetatik ongi nago, konfiantzaz, eta lau eta erdian gero eta hobeto moldatzen naiz. Espainiak ditu izenez pilotaririk onenak, baina haien pare egon gintezke ongi jokatuz gero».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.