Pilota

Euskal selekzioa Munduko Frontball Txapelketan ariko da

Mexiko Hirian jokatuko dute txapelketa hori, azaroaren 9tik 15era bitartean. Zortzi pilotari ariko dira euskal selekzioan, eta beste hamalau Espainiakoan eta Frantziakoan.

Naroa Agirre. EDUARDO AGIRRE
Naroa Agirre Ados Pilota klubeko pilotaria, partida batean. Munduko Frontball Txapelketan ariko da. EDUARDO AGIRRE
Julen Etxeberria.
2025eko azaroaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal pilota selekzioa nazioarteko txapelketak jokatzen eta jokatzen dabil Euskadiko Federazioa Nazioartekoaren kide denetik. Igandean ekingo dio hurrengoari: Munduko Frontball Txapelketan ariko da, Mexiko Hirian, Iztapalapan. 36 selekzio lehiatuko dira hilaren 15a bitarte, eta horietako bat izango da euskal selekzioa. 160 pilotarik hartuko dute parte, eta bi mailatan ariko dira: maila nagusian eta 23 urtez azpikoan. Gizonezkoen eta emakumezkoen lehia izango da.

Zortzi pilotari hauek ariko dira euskal selekzioarekin: maila nagusian, Julen Alberdi, Mikel Aurrekoetxea, Miren Larrarte eta Itxaso Erasun; eta, 23 urtez azpikoan, berriz, Bingen Beitia, Oihan Etxeberria, Nora Mendizabal eta Naroa Agirre.

Aurreko txapelketetan gertatu bezala, hainbat euskal pilotarik Espainiako eta Frantziako selekzioekin jokatuko dute. Euskal selekzioarekin jokatzeko, Nafarroakoek hiru urtez egon beharko lukete erroldatuta Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan. Iparraldekoek, berriz, hori egiteaz gain, Espainiako herritartasuna izan beharko lukete. 

Espainiako eta Frantziako selekzioetan Euskal Herrikoak dira ia pilotari guztiak, hamaseitik hamalau. Espainiakoan, zazpi pilotari nafar hauek ariko dira: maila nagusian, Santi Yaniz, Javier Oskoz, Goiuri Zabaleta eta Laia Salsamendi; eta, 23 urtez azpikoan, berriz, Unai Esain, Ane Mendiburu eta Leire Oskoz. Frantziakoan, berriz, Ipar Euskal Herriko zazpi pilotari hauek jokatuko dute: maila nagusian, Olivier Goienetxek, Andoni Larzabalek, Marie Goienetxek eta Maritxu Houssetek; eta 23 urtez azpikoan, berriz, Allende Chapeletek, Joana Dutaretek eta Naia Hegik.

Munduko Frontball Txapelketa bukatu eta berehala, euskal selekzioa 36 metroko frontoiko Nazioen Ligan ariko da. Bilbon jokatuko da, azaroaren 23tik 30era. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.