Euskal selekzioak Espainiakoaren aurka galdu du haien arteko lehen partidan

Emakumezkoak ez dira fin aritu finalaren atarikoan: ostiralean jokatuko dute titulurako partida erabakigarria. Gizonezkoek, berriz, aise irabazi diete Filipinei, eta bihar jokatuko dituzte finalerdiak, Espainiaren aurka.

Euskal selekzioa Espainiakoaren aurka, gaur, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioa Espainiakoaren aurka, gaur, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Gernika-Lumo
2025eko ekainaren 4a
20:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikurrina bizkarrean batzuk, eta astinduz beste batzuk; eta zutik, oihuka eta txaloka guztiak. Harrera beroa egin diete Jai Alai pilotalekuan bildutako ikusleek euskal selekzioko pilotariei. Agertokia ez baita nolanahikoa. Euskal selekzioa lehenbiziko aldiz ari da Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean, eta gero eta gertuago du helburua. Jokatu bakarrik ez, irabazi ere egin nahi du. Asmo horretan, bide onean egin ditu lehen urratsak. Emakumezkoak finalerako sailkatu dira —ostiralean jokatuko dute, 21:00etan, Espainiako selekzioaren aurka—. Pauso bat gehiago eman beharko dute gizonezkoek. Espainiaren aurka jokatuko dituzte finalerdiak, bihar, 22:00etan. Eta, irabaziz gero, AEBak edo Frantzia izango dute aurkari finalean. Dena ondo bidean, finalean izango dira haiek ere; izan ere, euskal selekzioa da faborito nagusia gizonezkoetan.

Gaurkoa ez zen beste edozein partida bezalakoa. Euskal selekzioa eta Espainiakoa parez pare zeuden lehenbiziko aldiz; euskal ordezkariak, elastiko berdea soinean zutela; eta urdinez jantzita Espainiakoak, ohiko kolore gorria baztertuta. Partidaren aurkezpenean, zaleek txalo artean egin diete harrera lau pilotariei, baina askoz ozenagoak izan dira animoak Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea euskal selekzioko ordezkarientzat.

Frontoian nabari zen ilusioa. Harmailak lepo, eta emozioa borborka; eta, ondorioz, giro aparta. Emakumezkoetan, finalaren atarikoa jokatu dute euskal selekzioak eta Espainiak, proba. Izan ere, partida hasi aurretik biak sailkatuta zeuden finalerako. Kale egin du euskal selekzioak, nagusitasunez irabazi baitio Espainiak: 2-0. Halere, lehia erabakigarria ostiralean jokatuko dute. Eta hor, zergatik ez, baliteke guztiz bestelakoa izatea jokoa eta emaitza.

Honela esan du Gogenola aurrelariak partida amaitutakoan: «Gauzak ez zaizkigu nahi bezala atera, eta gure lekua ezin topatuta ibili gara. Uste dut finaleko partidak ez duela izango zerikusirik». Hori berretsi du Goikoetxea atzelariak ere: «Ea ostiralean hobeto aritzen garen eta gure onena erakusten dugun».

Haiek jokatu dute gaur euskal selekzioaren elastikoarekin, eta Erika Mugartegik eta Arai Lejardik Espainiakoarekin. Ondo ezagutzen dute elkar, bizkaitarrak baitira kantxan izan diren laurak. Euskal selekzioan, oraingoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek soilik parte hartu ahal dute; oraingoan, ordea, bi puntisten hautua izan da Espainiako selekzioarekin aritzea.

Ondo ekin diote bi bikoteek lehiari, eta gogorrak izan dira lehen tantoak, pilotakada askokoak. Espainiako selekzioak hartu du aurrea, ordea, markagailuan, eta aldea zabalduz joan da apurka-apurka. Ez dute apenas huts egin Mugartegik eta Lejardik, eta horrek eman die modua tantoak pilatzeko. Izan ere, Gogenolak eta Goikoetxeak gehiagotan egin dute kale.

1-2 hasi dira, baina, ondoren, Espainiako selekzioak sei tanto segidan egin ditu. «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak» kantuan hasi dira zaleak, euskal selekzioari indarra eman nahian. Ordurako, baina, hautsita zegoen lehen seta. Nagusi izan dira, eta, azkenean, 5-15 amaitu da. Euskal selekzioaren tanto bakoitza gogoz ospatu dute zaleek.

Berdintsuagoa izan da bigarren setaren hasiera. Ez dira hain fin aritu Espainiako selekzioko puntistak, eta hori aprobetxatu dute euskal selekziokoek. Aurretik ere jarri dira markagailuan: 5-4. Eta ez edonola, gainera; Gogenolak erremate ikusgarria egin du zabalera, ezinezkoa aurkarientzat. Kontua bestelakoa izan da hortik aurrera. Bederatzi tanto segidan egin ditu Espainiak, eta partida erabakita utzi: 7-15 bukatu da. Halere, txalo zaparrada batekin agurtu dituzte euskal selekzioko bi puntistak.

Irmo eta nagusi

Gizonezkoek jokatu dute jarraian, eta multzoen fasean lehen tokia ziurtatu dute, Filipinei erraz irabazita: 2-0. Bihar jokatuko dituzte finalerdiak, eta Espainia beste multzoko bigarren sailkatuaren kontra ariko da. Eñaut Urreistik eta Unai Lekerikak jokatu dute Filipinen aurkako lehia, eta haiei ere harrera goxoa egin diete zaleek.

Urreistiren horma-biko apart batekin ekin dio partidari euskal selekzioak. Eta hortik aurrera, nahieran aritu dira. Hobeak izan dira, eta erraz irabazi dute. Filipinarrek 6-1ekoa egin dutenean, gogoz egin diete txalo ikusleek, haiei ere animoak emateko. Ez du misteriorik izan lehen setak: 15-5 bukatu da.

Ezta bigarrenak ere, hasiera estuagoa izan den arren. Lehen tantoa filipinarrentzat izan da, Robin Floresi esker. Tanto on batzuk egin ditu aurrelariak; gehiago sufritu du atzelariak. 6-4 joan dira, baina, orduan, serio jarri dira euskal selekziokoak, eta erreskadan egin dituzte tantoak, ia bukatu arte. 14-4 jarri dira markagailuan. Txapelketari agur esan aurretik, Floresek azken tanto on bat egin du. Eta kito: 15-5 bukatu da.

Finala eta finalerdiak dauzka orain begiz jota euskal selekzioak. Helburua eta nahia, irabaztea. Hori ere historikoa litzateke. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.