EAE Auzitegi Nagusiak erabaki du euskal kirol selekzioak ezingo direla lehiatu «mundu mailako probetan», ez nazioartean, ez Espainian, Espainiako Atzerri Ministerioaren eta Kirol Kontseilu Gorenaren baimenik gabe. Era horretan, atzera bota du Eusko Jaurlaritzak iazko martxoan selekzioak laguntzeko eta arautzeko hartutako erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, 1990eko Espainiako Kirolaren Legea da alor horretan balio duen bakarra, eta EAEkoak ez du balio, haren kontra egiten duelako.
EAEko Kirolaren Legeak, iazko martxoan emandako aginduan, euskal selekzioei eman beharreko diru laguntzak arautzen zituen, nazioartean lehiatu ahal izateko. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak dio horretarako eskuduntza duten bakarrak Espainiako Kirol Kontseilu Gorena eta Atzerri Ministerioa direla. Ebazpenean, gainera, zera gogorarazten zaie euskal federazioei: nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartu nahi duten federazio autonomikoek Espainiako federazioen barruan egon behar dutela. Horrela, arrazoia eman dio Espainiako Gobernuari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren kontra helegitea jarrita zeukan errugbiko, eskubaloiko, taekwondoko, bola-jokoetako, karateko, piraguismoko, halterofiliako, xakeko, igeriketako, hipikako, txirrindularitzako eta surfeko federazioen kontra, nazioartean lehiatu nahi zutelako. Haiek eta Euskal Federazioen Batasunak Espainiako Kirolaren Legea errespetatu beharko dutela dio ebazpenean.
Euskal selekzioak ezingo dira Espainiaren baimenik gabe lehiatu
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Atzerri Ministerioaren eta Kirol Kontseiluaren baimena beharko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu