Euskadiko Futbol Federazioak baieztatu du «elkarlanean» ari dela Palestinakoarekin, partida bat jokatu ahal izateko. «Denbora daramagu elkarrizketetan partida hori jokatu ahal izateko». Ohar baten bidez nabarmendu du halako ekitaldi bat antolatzea «konplexua» dela: «Gizarteko eragile guztien lankidetza eskatzen du. Unea iristen denean jakinaraziko ditugu partida horren inguruko xehetasunak».
Federazioak «atsekabea» azaldu du Gazako egoeraren inguruan, eta hau gehitu du: «Futbola elkartasunerako bozgorailu izan daiteke; hala izan behar du». Partidaren helburua «bakea aldarrikatzea» izango da. «Bien bitartean, lanean jarraituko dugu kirolaren bidez bakea eta elkartasuna aldarrikatzeko. Konpromiso argia dugu horretarako».
Ser Irrati kateak atzo gauen zabaldu zuen Palestinako futbol selekzioak Euskal Herrikoaren aurka jokatuko du azaroaren 15ean. Irratiak Jerusalemen duen berriemaileak azaldu zuenez, bi federazioak hainbat astez aritu dira elkarlanean lagunarteko partida lotu ahal izateko. Eguna eta tokia adostuta, Palestinako taldea dagoeneko jarri da Espainiako ordezkariekin harremanetan.
Palestinako selekzioko jokalaria da Yaser Hamed atzelari bizkaitarra. Leioakoa da, eta palestinarra du aita —Gazakoa, hain zuzen—. Athleticen harrobian aritutakoa da, eta gaur egun Qatarreko Al-Gharafa taldean jokatzen du. Joan den ekainean, Espainiako COPE irrati kateko elkarrizketa batean adierazi zuen Euskadiko eta Palestinako futbol federazioekin hizketan ari zela San Mamesen bi selekzioen arteko partida bat antolatzeko. «Biak zeuden prest. Data aurkitu beharra zuten. Polita izango litzateke».
Palestinako selekzioarentzat hau ez da futbol partida soil bat, Gazan eta Zisjordanian gertatzen ari dena salatzeko beste aukera bat baizik.
Palestinako Futbol Federazioaren arabera, 355 futbol jokalari hil ditu Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik; baita beste kirol federazioetako 277 kide ere. «Inoiz ikusi gabeko hondamendia da».
Azken hilabeteetan hildako futbolarietako bat da Suleiman al-Obeid, Palestinako Pele ezizenez ere ezaguna. Israelgo armadaren bonbardaketa batean hil zuten, joan den abuztuan; 41 urte zituen. Giza laguntzaren zain zegoen Gaza hegoaldean, bonbardaketa hasi zenean. Palestinako Futbol Federazioak gogor salatu zuen hilketa.
Geroztik gehiago ere izan dira. Irail hasieran Abu Al-Amaren hil zuten tiroz, Al-Hilal futbol taldeko jokalaria, hura ere giza laguntzaren zain zegoela.
Kirol arloari dagokionez, Palestina 99. postuan dago Nazioarteko Futbol Federazioaren (FIFA) sailkapenean. Duela gutxikoa du lorpenik handiena, gutxigatik ez baita sailkatu datorren urtean AEBetan, Kanadan eta Mexikon jokatuko den Munduko Koparako. Asiako azken kanporaketaren atarian geratu zen ekainean. Omani irabazi behar zion Jordanian, eta bana berdindu zuen, aurkariak 97. minutuan sartutako penalti bati esker.
Euskal Herrian gero eta gehiago dira Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egin dutenak eta Palestinari sostengua agertu diotenak, baita kirol arloan ere. Espainiako Vuelta izan da azken asteetan hizpidea eman duena, izan ere, Euskal Herrian jokatutako etapetan ez ezik, Espainiakoetan ere Israelen aurkako protestak izan dira nagusi, eta azken etapa, Madrilen jokatu beharrekoa, bertan behera utzi zuten protestak zirela eta.
Azkenekoz, Uruguairen aurka
Gizonezkoen euskal selekzioak iazko martxoan jokatu zuen azkenekoz, Uruguairen aurka. Bana berdin zuten —Alvaro Djalok sartu zuen gola—. Orduan, ia hiru urte eta erdi zeramatzan partidarik jokatu gabe —tarterik luzeena 1993tik—.