Pilotako euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan nabarmentzen jarraitzen du: non lehia, han euskal selekzioko pilotariak dominak irabazten. Gaur, hiru eskuratu dituzte Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia) jokatzen ari diren 36 metroko frontoiko Nazioen Ligan: urrezkoa irabazi dute gizonezkoen zesta-puntan; eta, zilarrezkoa, emakumezkoen zesta-puntan eta gizonezkoen pala motzean.
Aritz Erkiagak urrezko domina jantzi du zesta-puntan. Erkiagak Jean Olharan Frantziako selekzioko puntista hartu du mendean finalean, Barakaldoko (Bizkaia) udal pilotalekuan: 2-0 (15-6 eta 15-10). Bi puntista horiek lehia oso estua izan zuten ligaxkan jokatutako neurketan, eta Erkiaga nagusitu zen hirugarren set erabakigarrian. Gaur, ordea, Ispasterko (Bizkaia) pilotaria nagusi izan da, eta gutxiago sufritu du Olharan mendean hartzeko. Erkiagak jokatu du gaur, baina harekin batera Eñaut Urreisti ere aritu da Nazioen Ligan. Hark ere jantzi du urrezko domina.
Emakumezkoetan, berriz, Ihart Arakistainek galdu egin du finalean Espainiako selekzioko Erika Mugartegiren aurka: 2-0 (15-12 eta 15-6). Ligaxkan, Mugartegik bi setetan irabazi zion Ihart Arakistaini, eta gauza bera egin du gaur. Galdu arren, Arakistainek lan ona egin du, eta merezita jantzi du zilarrezko domina. Arakistainekin batera Elaia Gogenola ere aritu da Nazioen Ligan, eta hark ere zilarrezko domina jantzi du.
Pala motzean ere galdu egin du euskal selekzioak finala, Frantziakoaren aurka: 2-0 (15-6, 6-15 eta 10-4). Euskal palistak kontrakarrean aritu dira. Lehenik, aurreneko setean 6-3 galtzen ari zirela Imanol Ibañezek min hartu du, eta partida utzi behar izan du. Xabier Ibargaraik ordezkatu du. Kosta egin zaie hasiera batean hari eta Esteban Gaubekari elkarrekin aritzea, eta frantziarrek hori baliatu dute lehen seta nagusitasunez irabazteko. Baina Gaubeka eta Ibargarai indartsu ekin diote bigarren setari, eta gero hobetu aritu dira. Horri esker, erraz irabazi dute bigarren seta: 15-6. Hirugarren set erabakigarrian,ordea, 10-4 galdu dute. Gaubekaz, Ibañezez eta Ibargaraiz gain, Ibon Garate ere aritu da pala motzean euskal selekzioarekin Nazioen Ligan. Hark ere jantzi du urrezko domina.
Bihar, beste bost final
Euskal selekzioak gutxienez beste bost domina lortuko ditu, bihar sei final jokatuko baitituzte, eta paleta larruzko modalitatean ez beste, guztietan ariko baitira euskal selekzioko pilotariak. Bizkaia frontoian jokatuko dituzte final guztiak. 11:00etan, euskal selekzioa Espainiakoaren aurka ariko da gizonezkoen eskuz binakakoan. Arratsaldean, 17:00etan hasita, lau final jokatuko dituzte jarraian euskal selekzioko pilotariek: lehenbizi, gizonezkoen eskuz banakakoa jokatuko dute, Espainiaren kontra; jarraian, pilota egokitukoa, Frantziaren aurka; ondoren, emakumezkoen eskuz banakakoa, Espainiaren kontra; eta, azkenik, emakumezkoen eskuz binakakoa, berriro Espainiaren aurka. Final horiek guztiak bukatzen direnean emango dituzte dominak.
Euskal Herrian jokatzen ari diren Nazioen Liga sailkapen torneoa da datorren urtean San Luisen (Argentina) jokatuko duten Munduko Txapelketarako. Ekainean, 54 metroko frontoiko zesta-puntako Nazioen Liga jokatu zuten Gernika-Lumon (Bizkaia), eta euskal selekzioa nagusitu zen horretan: urrezko domina irabazi zuen gizonezkoetan, eta, zilarrezkoa emakumezkoetan. Nazioen Liga horretan aritu zen lehen aldiz euskal selekzioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean.
AGUSTINA OTAOLA ERRAKETISTA PROFESIONAL IZANDAKOA HIL DA
Agustina Otaola Errenteriako (Gipuzkoa) erraketista profesional izandakoa hil zen atzo, 98 urte zituela. Otaolak kirol ibilbide luze eta oparoa egin zuen: 15 urterekin hasi zen jokatzen profesionaletan, Madrilen, eta 41 urterekin hartu zuen erretiroa; hau da, 26 urteko kirol ibilbidea egin zuen. Nagusiki, Madrilen jokatu zuen, baina beste hainbat tokitan aritu zen ere: Bartzelonan eta Habanan, besteak beste. Aurrelari trebea zen, haren garaiko onenetako bat. Errenteriako udal pilotalekuak haren izena darama.
Â