Arrauna

Ekaitzaren erdian ere, Orio izan da garaile Ondarroan

Donostiarra bigarren izan da, bost segundora, eta Ondarroa hirugarren geratu da, hamalau segundora. Bazirudien 'Torrekua II' ontziak irabaziko zuela, baina haize ufadak baretu egin dira, eta horrek mesede egin dio 'San Nikolas' ontziari.

Orioko trainerua Ondarroako bandera irabazi izana ospatzen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Orioko trainerua Ondarroako bandera irabazi izana ospatzen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
2026ko abuztuaren 8a
20:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barearen ostean dator ekaitza, dio Hertzainak taldeak abesten duen Aitormena kantak. Hori gertatu da gaur Ondarroan (Bizkaia) ere, Eusko Label ligako estropadan,eta, denboraldian zehar askotan gertatu moduan, Orio izan da garaile, 20.09,64 denbora eginda. Iker Zabalak zuzendutako taldeak ligako bederatzigarren bandera eskuratu du, eta liga irabazteko bidean beste urrats bat egin. Donostiarra bigarren izan da, bost segundora, eta Ondarroak hirugarren postua lortu du etxean estropada bikaina osatuta. Aitzol Elu Ondarroakoa da, eta pozik agertu da etxeko bandera irabazi ondoren: «Astean zehar ontzia ongi joan da, eta elkarri estutuz estropada irabaztea lortu dugu». 

Bigarren txandatik ohorezko txandara aldaketa nabarmena izan da haizeari dagokionez. Horrez gain, euria barra-barra hasi du, eta horrek ere eragina izan du lehian. Txanda hasieratik Orio izan da estropada buruan. Zierbena gainean izan du batzuetan, baina berehala egin dio ihes. Bigarren luzean, baina, haizea aurka zuten lau taldeek, eta asko sufritu dute arraunean. Baldintzak tarteko, pentsatzekoa zen Donostiarrak irabaziko zuela gaur bandera, harena baitzen denborarik onena: 20.15,42. Baina laugarren luzean haize ufadak baretu, eta San Nikolas ontziak eskuratu du garaipena.

Bigarren txandan, Donostiarrak txanda gobernatu du hasieratik. Ondarroak eta Hondarribiak lehia estua eduki dute. Bazirudien Mikel Orbañanosek gidatutako taldeak ihes egingo zuela, eta Ondarroa eta Isuntza ibiliko zirela elkarren artean lehian. Etxeko taldeak, ordea, abiadura handitu, eta birritan hartu dio aurrea, eta txandako bigarren postuan amaitu du. Azpimarratzekoa izan da Ondarroak egin duen estropada; herritarrek urte askotan izango dute buruan, ziur. Lekittarra txandako laugarren izan da, baina estropada duina osatu du beste behin, eta seigarren izan da.

Chapelak, aurrerapausoa

Chapela eta Ares sailkapenaren zuloan daude, eta lehia estua izan dute lehen txandako azken tokian ez geratzeko. Aurrean, berriz, Santurtzi eta San Juan aritu dira, baina azkenerako Sotera nagusitu da; San Juanek bi segundo gehiago behar izan ditu estropada osatzeko. Chapelak lau segundo atera dizkio Aresi Galiziako ontzien arteko deman. Horrenbestez, Juan Zunzuneguik zuzendutako taldeak aurrerapausoa eman du kanporaketetako postuei begira, eta are gehiago hondoratu du Ares. Hala ere, bi ontzien artean hiru puntu eskasen aldea dago, eta hurrengo estropadak erabakigarriak izango dira. Biharkoa Hondarribian jokatuko da (11:10, ETB1).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA