Urduritasunak goia joko du gaur arratsaldean, Portugaleten (18:00). Euskotren ligan zein traineru ariko diren zehaztu gabe dago oraindik, eta TKEren barnean dagoen liga horretako arduradunek erabaki zuten sailkatze estropaden bidez erabakiko zela. Gaur da aurrenekoa, eta bihar bigarrena, Zarautzen (12:00). Erlojuaren aurka lehiatuko dira zazpi traineru: Getaria-Tolosa, Galizia, Zumaia, San Juan, Orio, Hondarribia eta Hibaika.
Getaria-Tolosak lekua dauka ligan, iazko irabazlea izateagatik, eta, ondorioz, beste seien artetik aterako da falta den hirukotea. Bi egunetako puntuak batu, eta hiru onenak izango dira ligaren barruan —Getaria-Tolosaren puntuak kontuan hartu gabe—.
Zalantzak dira nagusi sei klub horietan. Batzuen kasuan, norberak eman dezakeenaren inguruan; eta denen kasuan, erreferentzia zehatzik ez dutelako besteekiko. Horretan, Galizia dago baztertuen, besteetako inorekin ez delako lehiatu aurten. Gipuzkoarrek ere ez dute galiziarren berririk. Euskal Herrian, estropada batzuk jokatu dituzte, baina Gipuzkoako klubak ez dira denak batera lehiatu. Gaur bilduko dira guztiak aurrenekoz.
Horregatik, ez da erraza asmatzen zein izan daitekeen faboritoa. Aurreko urteetako emaitzek ere ez dute asko balio, ia klub denetan aldaketa asko izan direlako iaztik. Asko esatea izango da, akaso, baina hutsetik hastea bezalakoa da ia denentzat. Batzuei eta besteei entzundakoan oinarrituz, Galizia indartsu etorriko da. Aurreko urteetan bezala, selekzioa osatu du Rias Baixas izenaren azpian. Inguruko onenak bildu, eta uretara. Hala izanik, ez da harrigarria faboritoen zerrendan sartzea.
Gipuzkoarren kasuan, pentsa liteke Zumaia eta San Juan indartsuagoak direla, baina ezer ez da ziurra. Atzeko traineruen eta aurrekoen arteko aldea asko txikitu da, eta, nork daki, Orio eta Hibaika gai izan daitezke ezustea emateko. Hondarribiak zailxeago izan behar luke, oraintxe hasten direlako traineruan lanean, aurretik aulki mugikorrean lan handia egin ondoren. Ibaian izanik estropada, ur bareetan ariko dira, eta gizonezkoetan ez bezala, kaleen arteko alderik ez da egongo, bakarka ariko direlako.
Liga gaur bertan hasiko da
Getaria-Tolosa irteeran izatea ez da aparteko zerbaiten ondorio. Izan ere, gaur bertan hasiko da Euskotren liga, eta ontzi denen lanak kontuan hartuko dira lehen sailkapena osatzeko. Hortaz, ez da bakarrik sailkatze estropada izango, ligarako puntuagarria ere bai baita, biharkoa izango den bezala.
Euskotren ligara sailkatzeko lehen estropada da gaur
Portugaleten ariko dira zazpi ontzi, eta horietako bat, Getaria-Tolosa, sailkatua dago jada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu