«Ez da azkena izango»

Jose Luis Mendilibarrek Eibarren luzaro jarraitzeko asmoa azaldu du datorren sasoiko kontratua sinatu berritan. «Garbi nuen berritu nahi nuela», esan du

Iñaki Bea, Andoni Azkargorta, Jose Luis Mendilibar, Toni Ruiz eta Josu Anuzita, atzo, Ipuruan. JUANAN RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Eibar</i>
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bezperan albistearen berri eman, eta atzo azalpenak ematea tokatu zitzaien Amaia Gorostiza Eibarreko presidenteari, Jose Luis Mendilibar entrenatzaileari eta Fran Garagarza kirol zuzendariari. «Egun berezia da gaurkoa, Mendilibarren kontratu berritzearen berri ematera gatozelako», hasi zen presidentea. «Oso pozik gaude, lubakietatik itsasontzi hau gidatzeko onena delako. Egitasmo handia da Eibarrena», gehitu zuen gero, benetako protagonistari hitza eman aurretik. «Eskerrak eman behar dizkiet klubari nigan daukaten konfiantzagatik», erantzun zion Mendilibarrek.

Elkarri halakoetan esan ohi zaizkion hitz politekin hasi zuten atzoko agerraldia, eta ondoren sartu ziren entrenatzailea eta kirol zuzendaria mamian, Mendilibarren kontratu berritzean: nola gauzatu den, zergatik denboraldi bakarrerako luzatu, etorkizuneko asmoak, eta abar. Entrenatzaileak azkar batean egin zuen Eibarren osatzear dituen hiru denboraldien errepasoa: «Iritsi ginenean, ez genekien Lehen Mailan edo Bigarrenean ariko ginen, Elx auziaren epaia eman gabe zegoelako. Azkenean, hiru denboraldi egitear gara goreneko mailan gu hemen gaudenetik, eta laugarren bat ziurtatua daukagu. Izan dadila aurrekoak bezain ona», esan zuen. Segituan egin zuen agerraldiko adierazpenik indartsuena: «Kontratu berritze hau ez da azkena izango», iragarri zuen, Eibarren denbora luzez jarraitzeko asmoen berri emanez.

Galdetu zitzaion ea asmo horrek ez duen kontra egiten sarritan adierazi izan duenari: lau denboraldi segidan talde berean «gehitxo» izan daitezkeela. «Aurreko hirurak ondo joan dira, eta ez du zertan gaizki atera laugarrengoak, egitasmo ona delako Eibarrena». Bi bider ekin izan dio laugarren sasoiari beste bi taldetan, Valladoliden eta Osasunan, eta bietan kargugabetu zuten: «Ezin dira alderatu hango bi egoera horiek eta Eibarkoa. Beste bi aldietan aldaketak egon ziren egitasmoetan laugarren sasoirako, eta txarrerako izan ziren. Hemen ez dago berrikuntzarik, eta konfiantza ematen digu gauzak bide onetik jarrai dezaten».

Hainbesteko konfiantza egonda haren eta klubaren artean, kontratu berria denboraldi bakarrekoa zergatik den azaldu zuen zaldibartarrak gero: «Konfiantza dugu bi aldeen artean. Azkenean, sasoi baterako luzatu edo laurako, berdin da halakoetan. Gainera, gertatu izan da kontratu luzea sinatu eta seigarren hilabeterako azkar joatea kalera entrenatzailea». Kluba eta bera erabateko adostasunean daudela luzapenaren iraupenean esan zuen Mendilibarrek, baita berretsi ere Garagarza kirol zuzendariak: «Gauzak oso garbi eta argi dauzkagu bi aldeok, eta ikusi dugu denboraldi baterako luzatzea dela erosoena, eta hala egin».

Elkarren berri ederki dute Mendilibarrek eta klubak, eta hiru denboraldi hauetan lan egiteko modu bat zizelkatu dute denen artean. Datorren denboraldia ere bide beretik joango dela iragarri zuen entrenatzaileak: «Egitasmo guztiak izaten dira zoragarriak hasieran eta aurkezpenetan, eta gero, bat-batean, lehertu egiten dira», bota zuen erdi barrezka; serio jarrita, ondorengoa gehitu zuen: «Eibarren egitasmo hau lehendik dator, oinarria dauka, eta segida baino ez da izango datorren denboraldikoa».

Taldea egiten ari den lanari jarraipena emango zaiola nabarmendu zuen Garagarzak ere ondoren: «Oso zaila da Lehen Mailan mantentzea; begira, zein talde doazen behera sasoi honetan. Gu egiten ari garenak erraza dela ematen du, baina zailtasunak handiak dira. Taldearen indarra eta balioa eguneroko lanean daude, eta guretzat funtsezkoa daMendilibarrek lan horretan jarraitzea. Hura da protagonista».

Negoziazioak, lasaiak

Asko hitz egin da Mendilibarren kontratu berritzearen prozesuaz, berrituko zuela, ez zuela, beste eskaintzak batzuk zeuzkala, ez zeuzkala... Entrenatzaileak eta kirol zuzendariak atzo aditzera emandakoaren arabera, klubaren kanpo bakarrik egon dira urduritasuna eta kezka gai honen inguruan, beraiek lasai ederrean egon direla azaldu baitzuten: «Hasieratik izan dut garbi zer nahi nuen, eta Eibarren jarraitzea izan da nire nahia», azaldu zuen Mendilibarrek. «Kluba eta ni beti hizketan ibili gara kontratu berritzeaz, eta lasai egon naiz. Kluba lasaitzen ere egon naiz». Garagarzak berretsi baino ez zituen egin hitzok: «Gauzak argi eta garbi egon dira hizketaldi hauetan».

Jarraitu beharko du kirol zuzendariak hitz eta pitz, baina oraingoan jokalariekin, ekarri nahi dituztenekin eta kontratua berritu nahi dietenekin. Mendilibarrek hauxe esan zuen atzo balizko kontratu berritze horien inguruan: «Hor daude Ramis, Charles eta Lomban, kontratua bukatzen zaienak, eta iritsiko da abagunea albisteak emateko».

Bukatzeko, Mendilibarrek gogoan izan zituen bere laguntzaileak [Toni Ruiz, Iñaki Bea, Josu Anuzita eta Andoni Azkargorta], eta loreak bota zizkien laurei: «Ez naiz ezer haiek gabe eta haien lanik gabe. Nik neuk bakarrik ezingo nituzke jokalariak eta kluba kudeatu. Lan bikaina ari dira egiten guztiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA