Jon Salsamendi. Orioko entrenatzailea

«Ez da egia Orio diruarekin ari dela arraunlariak fitxatzen»

Asko hitz egin zen Salsamendiz Oriorekin sinatu baino lehen, baita sinatu ondoren ere; bada hizpidea bazterretan. Zertara itzuli den herrira garbi du entrenatzaileak, eta gauzak nola egingo dituen ere bai.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Orio
2016ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euria ari du Orion ere. Udazkenaren alderdi hezea da. Ondo ezagutzen du arraunlariak eguraldi mota hau: argitasun gutxi, hotza, hezetasuna... Entrenatzen hasteko garaia da, eta horretan hasiko dira Orioko arraunlariak astelehenean, Jon Salsamendi entrenatzaile dutela (Orio, Gipuzkoa, 1970).

Azkenean, Oriora.

Bermeon segitu nahi nuen, baina ezin zen, eta, azkenean, hemen nago. Nire egoera pertsonala kontuan hartuta, eta Orio zer den ikusita kirol arloan, hauxe da aukerarik onena.

Nolakoa izan zen adostasuna lortu arteko bidea?

Esan nuen Salsamendi profesionala aurkituko zutela negoziatzean, eta halaxe izan da. Ez nuen nahi hemengoa izateak eragina izatea adostasuna lortzeko prozesuan. Oriok deitu nau aldaketa behar duelako, eta nire erara ulertzen dut zergatik nahi duen aldaketa.

Zergatik nahi du, bada, aldaketa zuzendaritzak?

Horri erantzutea ez dagokit niri. Nik neure hausnarketa daukat, eta ez dut zertan partekatu hemen. Hori kontuan edukita, nire baldintzak jarri ditut mahai gainean. Ez naiz kontatzen hasiko, baina garbi utzi nien gauzak nire erara egingo ditudala. Adibidez, prestatzaile fisikorik gabe egiten dut lan, eta orain ere hala izango da. Orion daudenak onenak izango dira, baina ez daukat denborarik ikusteko metodo hori ona den edo ez.

Medikua ekartzeko baldintza ere jarri duzu?

Nire lantaldeaz hitz egingo dut, ez pertsona jakinez.

Zaila izan zen tratua egitea?

Ez. Baina gauzak garbi adierazi nahi izan nituen, eta gerta daiteke beste alderdiak ezustea hartzea. Baina hasieratik ikusi nuen borondatea bi aldeetatik tratua egiteko. Ni ez nator hona Orioko kluba hankaz gora jartzera.

Zertara zatoz Oriora, banderak irabaztera?

Zuzendaritzak ez dit horrelako hausnarketarik egin. Ni nator Orio entrenatzera, eta kito. Nik neure filma egin dut, eta zuzendaritzak adierazi behar du publikoki zer nahi duen, hala nahi badu behintzat.

Luzera begirako egitasmoa da?

Ados nago Orion lan egiteko lan erarekin eta zuzendaritzak egindako hausnarketarekin, baina nire egitasmoa urtebeterako bakarrik da, ikusi dudalako gauzak nola izaten diren beste taldeetan. Seguru ibili behar dut urtebeteko tartea bakarrik dudalako nahi dudana lortzeko, eta horregatik egingo ditut gauzak nik egiten ditudan bezala, eta horregatik dator nire lantaldea ere.

Lantalde horren barruan daude Gorka Aranberri eta Bersaitz Azkue arraunlariak, zurekin Urdaibain egondakoak?

Zuzendaritzarekin adostasuna lortzeko bidean, nik ez neukan arraunlaririk lotuta. Izen horiek ez ziren mahai gainean azaldu ere egin. Gero gauzatu den zerbait da. Arraunlarien kasuan, lehendabizi taldean zeudenekin hitz egin nuen. Galdetu nien zein zihoan uztera. Garbi dut nik hemen bete nahi ditudan helburuak betetzeko taldeak gutxieneko maila izan behar duela, eta horretan ari gara.

Dirua inoiz baino gehiago gastatzen ari da Orio talde indartsua osatzeko?

Ezta pentsatu ere. Orio azken urteetan erabiltzen ari den filosofian dabil diru kontuetan. Ez da egia diruarekin ekarri ditugula ekarri ditugunak, Oriok ez duelako gaitasun ekonomikorik arraunlarien merkatua puskatzeko.

Kanpotik arraunlariak ekartzea harrobiari ateak ixtea bezala hartzen duenik ere bada.

Kanpotik? Ez da aldatu Orioren filosofia. Etxera begira ari gara, eta Bersaitz [Azkue], Paul [Galdiz] eta Gorka [Aranberri] izan ezik, beste guztiak hemen dabiltzanak edo ibilitakoak dira, hemengoak edo hemen ingurukoak. Kanpotik datorren hirukotea gurekin egotea miraria da, ikusita nondik datozen eta zein egoeratan zeuden beren taldeetan. Beraien kasuan arrazoi pertsonalek eragin handia izan dute Oriora etortzeko erabakia hartzerakoan. Arraunlari guztiek dakite Orion zer dagoen.

Zein izango dira beste arraunlari berriak?

Alexander Esteban eta Jon Albizu.

Osatua dago taldea?

Atea irekita dago, eta etorri nahi duena ondo hartua izango da.

Zein ez dira izango aurtengo taldetik?

Zazpi arraunlari dira, baina ez noa izenik esatera. Gerta daitekeelako gero iritziz aldatzea eta ez lagatzea. Egoera pertsonalak aldatzen badira, aukerak ezin zaizkie itxi taldean jarraitzeko.

Bigarren taldea zertan da?

Neguan bi taldeetako arraunlariak nahasian erabili nahi ditut, denei aukera bera emateko. Arraunlari guztiak baldintza berberetan hasiko dira.

Egia al da bigarren taldean zortzi bat arraunlari bakarrik direla segitzekoak?

Saiatzen ari gara ahalik eta gutxienek utz dezaten, eta azkena esan didatena izan da hamar arraunlari badaudela bigarren taldean, kontatu gabe aurten goian eta behean ibili direnak. Gutxi egonda ere, bigarren taldearen egitasmoak aurrera segituko du.

Irakoitz Etxeberria patroiak esan du bidali egin duzuela taldetik. Haserre dago.

Ez noa ezer esatera. Baina ez bera delako edo haserre dagoelako; bakarka ez dut arraunlari bakoitzaren kasuaz ezer esango. Gauza bakarra esango dut: eskubide osoa duela nahi duenari nahi duena esateko. Eta ulertzen dut minduta egotea.

Uda urruti dago, baina galdetu egin behar: taldea ikusita, Orio banderen lehian izango da?

Hori ez da bakarrik egongo taldearen mailaren mende. Beste lan batzuk egin behar ditugu ondo aurretik. Garbi dago Orio 23 segundora ibili dela banderak irabaztetik aurten; datu zehatza da, udako batezbestekoa. Orio banderekin lotu nahi duenak hor du datua. Hortik abiatu behar dugu lanean banderekin lotu nahi bagaituzte. Nola gutxitu aldea? Bada, gauza askotan hobetuz, eta horixe izango da nire lana. Hainbeste lan dago hobekuntza lortzeko eta hain denbora gutxi daukat, udaberrira arte ezingo dugu helburuez hitz egin. Umiltasunez hartu behar dugu egoera hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.