Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Urdaibai. Jose Manuel Francisco. Urdaibaiko entrenatzailea

«Ez da erraza izango iazkoa berriz lortzea»

Badaki sekulako taldea duela, baina zuhurra da hizketan. Ez du garbi esaten aurreko urtekoa baino kuadrilla hobea duela. Ez du onartu nahi faboritoak direla. Presioa kentzen abila da.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Autoan harrapatu du kazetariaren deiak Jose Manuel Francisco (Meira, Galizia, 1966). Kilometro asko egiten ditu atzera eta aurrera, Galiziatik Euskal Herrira, Euskal Herritik Kantabriara (Espainia), Kantabriatik Galiziara eta abar. Geroago deitzeko eskatu du, gidatuz telefonoz hitz egin ahal izateko tramankulu guztiak behar bezala jartzeko denbora behar duela eta. Bigarren deian hasi da elkarrizketa, baina ekin aurretik, garbi utzi nahi izan du ez duela erantzunik emango Urdaibairen balizko dopinaren auziari buruz galdetuz gero. Kirolaz jardun nahi du, ez beste ezertaz.

Zer espero behar du zaleak Urdaibaik aurten eman dezakeenaz?

Bigarren urtea du gure egitasmoak, eta egitasmoa bera finkatzen joan nahi dugu, horixe da gure asmoa. Zehatzago hitz eginda, saiatuko gara arraunean egiteko dugun estiloa hobetzen.

Lehiaketako helburuez galdetuta, zein dira zuen helburuak?

Ez dugu ezer zehatzik finkatu nahi, aurreko urteko esperientziarekin ikasi egin dugulako. Iaz, aipatzen genuen hasiera honetan aukera bat izan zitekeela liga baztertzea emaitzak onak ez baziren, txapelketak-eta prestatu ahal izateko. Gero, dena atzekoz aurrera atera zitzaigun, eta azkenean, ligan ondo ibili ginen, eta liga bera eta Kontxako Bandera irabazi genuen. Gauza bat da zuk aurretik zer nahi duzun, eta gero, aurkariaren lanaren arabera, zer lortzeko gai zaren. Iazkoa lortu eta gero, gustatuko litzaiguke berriz lorpen berdinak izatea, baina ez dugu uste hala izango denik, aurkari oso gogorrak daudelako. Badakigu, gu indartsuak izanagatik ere, aurkariek uzten digutenera moldatu beharko dugula.

Zuen aurkariek zuk diozunaren kontrakoa diote, Urdaibai dela koska bat gainetik dagoena.

Bueno, betiko kontua da, baina ez diegu sinesten. Presioa gainetik kentzeko esaten dituzte halakoak, lehiaketan lasaiago ibiltzeko.

Baina aurtengo Urdaibai ez al da iazkoa baino hobea?

Hobea? Ordukoaren maila bera badu, behintzat, eta bi arraunlari on ekarri ditugu; ari dira taldearen martxan sartzen. Hobea den ez dakit, baina sendoagoa da aurtengo ontzia.

Horrek zer esan nahi du, estropada batetik bestera egin beharko dituzun aldaketak egiteko aukera gehiago dauzkazula aurreko denboraldian baino?

Justu antzean gabiltza arraunlari kopuruari erreparatzen bazaio, propioen kontuagatik. Baina uste dut aldaketak egiteko iaz baino aukera gehiago edukiko ditugula, bai.

Iazko ontzia baino sendoagoa izate horren eraginez, bandera gehiago irabaziko al dituzue?

Erregularragoak izango garela uste dut, baina iazkoa hobetzea ez da erraza izango.

Denboraldi-aurrean lortu dituzuen emaitza bikainek zer ematen dizute aditzera?

Adierazgarriak dira, taldea ona dela erakusten dutelako, baina gero emaitzetan islatzea beste kontu bat da. Hor daukazu iazko adibidea, esaterako. Jaitsiera asko irabazi genituen, baina gero, liga hasieran ez ginen gai izan irabazteko. Aurten ere irabazi ditugu jaitsierak, eta ikusiko dugu zer gertatuko den gero.

Iaz ligan ez zinetela ondo hasi esan duzu, eta hasiera hura hobetzea al da oraingo helburua, duela urtebeteko esperientzian oinarrituz?

Ez da ez ginela ondo hasi. Kontua da taldea berria zela, eta denboraldi-aurrean asko irabazi eta gero, sekulako aurreikuspenak zabaldu ziren gure inguruan, dena irabaziko genuela... Ondorioz, taldea ez zen behar bezain lasai joan hasierako estropada haietara, presio gehitxorekin ekin zion ligari, eta aurten barneratuagoa daukagu kontu hori. Garbi dugu ez bagara ondo hasten, gero joango garela gorantz. Ez da arazoa izango ondo ez hastea.

Aurreko sasoian San Miguel liga eta Kontxako Bandera irabazi ondoren, zailagoa al da entrenatzailearentzat arraunlariak motibatzea?

Ez. Denboraldiak ez dira berdinak. Arraunlariei irabaztea gustatzen zaie, eta ez daukate inoren motibazioaren beharrik banderak irabaztera ateratzeko. Iaz, arazoa kontrakoa zen, gogo gehiegi zuten, eta aurten ere antzeko izaera dugunez, gauza bera gertatzen bazaie, motibatu baino lasaitu egin beharko ditugu.

Taldea lasaitzeko lan horretan egokia izan daiteke Jon Elortegiren fitxaketa?

Bai, fitxaketa ona da kirol arloan eta bere izaeragatik. Burua bere lekuan dauka, eta lagungarria izango da. Hala ere, talde baten izaera ez du pertsona bakarrak zehazten, talde osoak baizik.

Hitz egin nahi ez duzun gai hori arraunlariak motibatzeko egokia al da?

Ez dut gai horretaz hitz egingo. Gai horretaz esan dezakedan bakarra da guk uretan hitz egingo dugula, gure lana hori dela, eta beste guztia argituko dela argitu behar duen lekuan. Gaiaz jardutea denentzat da kaltegarria. Ematen du norbaiten mesederako dela, baina ez da horrela. Guri eta arraunari osotasunean egiten dio kalte.

Lehen aipatu dituzu aurkariak, baina zehatzago esanda, nola ikusi dituzu orain arteko estropadetan?

Beti dago ezkututik azaltzen den bat, eta kontrakoa ere gertatzen da, ondo ibiltzeko asmoz dabilen bat hain ondo ez ibiltzea. Hori aparte utzita, uste dut San Juan goian ibiliko dela; iaz ere ederki jardun zuen, eta talde sendoa da, segurua. Astillerok ere talde ona osatu du, fitxaketak ondo eginez. Eta Kaiku ere hor izango da. Iaz ez zuen eman zezakeen maila eman, baina aurten goiko aldean ibiliko da. Gero, lehen esandako ezusteren bat ere gehituko da goikoetara.

Liga bi zatitan hauts al daiteke?Hau da, alde batetik estropadak irabazteko hautagaiak zaudetela, eta bestetik ez jaisteko lehian dabiltzanak daudela.

Ez dut uste. Urterokoa gertatuko da. Uztaila erdialdera arte denek nahiko dute ondo ibili, eta hortik aurrera, bereizi egingo gara: liga irabazteko aukerak dituztenak, batetik; ez jaisteko borrokan ibiliko direnak, bestetik; eta azkenik, ez gora eta ez behera daudenek Kontxako estropada prestatzeari ekingo diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.