Ez da izan lan erraza

Bengoetxea VI.a eta Ruiz partida gogorra irabazita sailkatu dira sanmateoetako torneoko finalerako

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Uda osoa egin dute elkarrekin, eta behin udazkena hasita eskutik jarraitzen dute. Bengoetxea VI.aeta Ruiz lagun onak direla jakina da pilota munduan, eta aurtengo udan harreman hori estutu dute. Hiru torneo jokatu dituzte batera, eta hiruetan finalerako sailkatu dira. Lehen bietan, sanferminetakoan eta Zarauzkoan, trofeo astunak altxa zituzten, eta bihar berdina egiten saiatuko dira Logroñoko sanmateoetakoan. Bide horretan Irujo eta Pascual dira azken oztopoa.

Bengoetxea eta Ruiz atzo sailkatu ziren finalerako, Asegarceko beste bikote bati irabaziz. Egoerak susmoak sorrarazi zituen, finalean sartzeko beste hautagaiak Aspekoak baitziren, baina Olaizolak eta Apraizek euren profesionaltasunaren inguruko zalantzarik ez izateko moduko lana egin zuten. Izan ere finalean sartzeko aukerarik ez izanda are, asko zuten jokoan eurek ere. Olaizola I.ak torneo gutxi jokatu ditu udan eta aldarrirako aukera ona zuen.Apraizek, berriz, aurreko herenegungo irudia garbitu nahi zuen. Biek ahalegina egin zuten, eta lehia maldan gora jarri zitzaienean ez zuten amore eman. Lanean jarraitu zuten, baina ez zen aski izan, bukaeran Bengoetxearen sasoia -bederatzi tanto egin zituen -, erabakigarria izan zelako.

Espero zen bidetik garatu zen partida, kirol helburu garbia izateak bultzada erabakigarria delako, eta bereziki defentsa lanean hortzak estutzera bultzatzen duelako. Gauzak hala, Bengoetxea VI.a eta Ruizek hobeto ekin zioten partidari. Defentsa lana oinarri hartuta jokatu zuten, eta leitzarrak ondo baliatu zituen Ruiz piloteoan nagusitu zen tantoak (8-15). Tarte hori erabakigarria suertatu zen azkenean.

Tanto gogorrak ziren, baina partidak laster bukatuko zuela zirudien. Olaizolak eta Apraizek, ordea, ez zuten halakorik nahi. Goizuetakoa nabarmendu zen, zortzi tanto egin zituen guztira, eta berak gogortu zuen gehien partida. Gorriak Ruizen bila joan ziren, Bengoetxea VI.a saihestuz. Urduritasunak ez zien irabazleei mesederik egin, eta Olaizola eta Apraiz asko gerturatu ziren (17-19), enpresaren interesak kolokan jartzeraino. Baina Bengoetxeak berriz ere hartu zuen ardura bere gain. Azken txanpan agertu zen, ausart, eta berak eman zituen bikotearen udako hirugarren finalerako azken pausoak.

Errioxarrak berriz ere batera

Adarragako ikusleak Titin III.a eta Merino II.a berriz ere elkarrekin jokatzen ikusteko gogoz gelditu ziren herenegun, bada Aspek gaur asebeteko ditu, batera arikobaitira ehun ardo kaxen desafio klasikoan (17:15, Nitro). Errioxako pilotazaleen bi kutun batera jartzea primerako amua izan daiteke harmailak betetzeko. Aurkariak, berriz, Saralegi eta Begino izango dira. Aurretik, Jon Ander Albisuk eta Stephane Lemunok debutatu berrien buruz buruko torneoko finala jokatuko dute.



Olaizola I.a-Apraiz 17

Bengoetxea VI.a-Ruiz 22

Iraupena. 70 minutu.

Pilotakadak. 725.

Saketik. Olaizola I.ak alerik ere ez; Bengoetxea VI.ak 2.

Markagailua. 1-0, 1-1, 2-6, 6-8, 7-10/ 8-15, 13-16, 15-18, 17-19 eta 17-22.

Bestelakoak. Jende asko Logroñoko Adarragan. Apustuak urdinen alde irten ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.