Ez dadila itzali San Mameseko argia

Zuri-gorriek Manchester United jasoko dute gaur Europa ligako finalerdien joanekoan, etxean. Oihan Sancet ez beste jokalari guztiak prest izango ditu Ernesto Valverde entrenatzaileak.

Athleticeko jokalariak borobilean bilduta, asteleheneko entrenamenduan, Lezaman. MIGUEL TOÑA / EFE
Athleticeko jokalariak borobilean bilduta, asteleheneko entrenamenduan, Lezaman. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2025eko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela zazpi hilabete pasatxo ekin zion Europako ibiliari Athleticek, Erroman. Sei denboraldiz kontinente zaharreko lehiaketarik jokatu gabe egon eta gero, gogotsu eta ilusioz ekin zieten lanari zuri-gorriek. Are gehiago jakinda San Mamesek hartuko zuela final handia, maiatzaren 21ean. Ordea, inor gutxi ausartzen zen finalaren konturik aipatzera orduan, oso urrun ikusten baitzen finaleko eguna. Bada, pixkanaka bidea jorratuz joan da Athletic, eta pauso bakarrera du helburua. Hori bai, pausorik zailena falta du. Besteak beste, Europa ligako finalerdien joaneko partida jokatuko du gaur Ernesto Valverderen taldeak, San Mamesen, eta neurri handiko taldea izango du aurkari: Manchester United.

Finalean sinesteko motiboak baditu Athleticek. Berme handia eskaintzen duen multzoa osatu du Valverdek, eta Europa ligako talde guztien artean etxean partida denak irabazi dituen talde bakarra da. Hain zuzen, sei partida jokatu eta irabazi ditu: Az Alkmaar (2-0), Slavia Praga (1-0), Elfsbor (3-0), Viktoria Plzen (3-1), Erroma (3-0) eta Glasgow Rangers (2-0) taldeen kontra. Hamalau gol sartu dituzte zuri-gorriek euren zaleen aurrean, eta soilik bi sartu dizkiete. Distira egin du San Mamesek, eta argi hori ez itzaltzea behar du Manchester Uniteden aurka. Izan ere, orain arte ez bezala, joanekoa etxean jokatuko dute, eta itzulerakoa kanpoan. Beraz, ia derrigortuta daude gaur emaitza ona lortzera. «Futbolean inoiz ezin da jakin, baina egia da etxean irabazteak beste lasaitasun bat ematen duela itzulerakoari begira. Gure helburua irabaztea izango da, eta, zenbat eta alde handienarekin irabaziz gero, orduan eta hobeto», adierazi zuen atzo Nico Williamsek.

Eztanda egingo dute San Mameseko harmailek. Final-laurdenetan orain arteko marka berria ezarri zen, 52.114 ikusle bildu baitziren Glasgow Rangersen aurka. Marka hori hautsi egingo da gaur, eta, Valverderen hitzetan, zaleen bultzada ezinbestekoa izango da. «Oso partida garrantzitsua daukagu; ez soilik denboraldiari begira, baita klubaren historiari begira ere. Manchester United ohituago dago halakoetara. Esperientzia txikiagoa daukagu guk, eta gure zaleen babesa ezinbestekoa izango da egoera honi aurre egiteko». Besteak beste, jokalariei naturaltasunez jokatzea eskatu die entrenatzaileak. «Gure lana egin, daukagun guztia zelaian eman, eta kito. Gure esku dagoena ongi egitera behartuko ditut jokalariak, buruari buelta askorik eman gabe».

«Gure lana egin, daukagun guztia zelaian eman, eta kito. Gure esku dagoena ongi egitera behartuko ditut jokalariak, buruari buelta askorik eman gabe»

ERNESTO VALVERDE Athleticeko entrenatzailea

Athletic eta Manchester United ezagun zaharrak dira. Zehazki, hirugarren aldiz ikusiko dute elkar Europako lehiaketa batean. Lehenengoz 1957an egin zuten topo. Bilbotarrek 5-3 irabazi zuten etxean, baina, Old Trafforden 3-0 galdu zutenez, Europatik at geratu ziren. 2012. urtekoa historikoa izan zen. Marcelo Bielsak gidatzen zuen taldeak 2-3 irabazi zuen Ingalaterrako lurretan, eta 2-1 nagusitu zen itzulerakoan, San Mamesen, final-zortzirenetan. Hamahiru urte geroago, soilik Oscar de Marcosek jarraitzen du taldean. Arabarra protagonista izan zen kanporaketa hartan, bi partidetan sartu baitzuen gola. Gaur ere historiaren parte izango da, Athleticekin Europan partida gehien jokatu duen jokalaria bilakatuko baita. 76. partida izango du. Nico Williams: «De Marcosek aholkatu digu gozatu egin behar dugula. Ni neu hazi egiten naiz partida garrantzitsuetan, eta lasai eta ilusioz gainezka nago». Williams anaietan gazteena da zuri-gorrien artean onena Europa ligan: bost gol daramatza.

United galdu gabe dago

Manchester United ez dago bolada gozoan. Liverpoolekin batera, Ingalaterran historia handiena duen kluba da, baina garai zailean murgilduta dago. Alex Ferguson entrenatzaile historikoak 26 urte egin zituen Uniteden aulkian, eta hainbat titulu eman zizkion klubari. Azkenekoa, 2013an: Premier League. Ordea, ordutik soilik garaikur bat eskuratu du: 2017an, Europa ligakoa. Geroztik lehortean dago taldea, eta sasoi honetan oso korapilatsu doazkio kontuak. Hamalaugarren sailkatua da ligan. Dena den, Europan bestelako aurpegi bat erakusten ari dira jokalariak, eta lehiaketa osoan partidarik galdu ez duen talde bakarra da. Valverde ez da fio: «Manchester United talde handia da, izarrez josia. Baloi geldian arrisku handia sortzen du, baina beste ezaugarri batzuk ere baditu: baloia jokatzen badaki, eta zelaian lasterka egiten ere bai. Ez dut ikusten faboritorik».

Hutsune handia izango du Valverdek gaurko partidarako, Oihan Sancet ez baita garaiz osatu. Unai Gomezek edo Alex Berenguerrek hartuko du haren tokia.

Athletic-Manchester United

Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Ruiz de Galarreta, Jauregizar; Iñaki Williams, Berenguer, Nico Williams; eta Maroan.

Manchester United. Onana; Mazraoui, Yoro, Maguire, Shaw, Dorgu; Mainoo, Casemiro, Garnacho; Bruno Fernandes eta Hojlund.

Epailea. Espen Eskas (Norvegia).

Lekua. San Mames (53.331 ikusle).

Ordua. 21:00 (Movistar).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.