Joseba Zaldua. Realeko jokalaria

«Ez dago ezkortasunik Realaren inguruan, baina pazientzia behar da»

Badaki hobea izan zitekeela, okerragoa ere bai, baina Realaren liga hasierarekin konforme dago donostiarra. Azaldu du jokalariek bat egiten duela Eusebioren ideiekin, eta uste du emaitzak etorriko direla. Athleticen aurkako derbia garrantzitsutzat jo du, irabaziz gero aurrea hartuko dutelako txuri-urdinek.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Denboraldi hasierako ezuste pozgarrienetakoa izaten ari da Joseba Zaldua (Donostia, 1992). Lesioen erruz iragan sasoian hamaika kalbario igaro ondotik, indartsu itzuli da Realaren hasierako hamaikakora. «Zaldua onena gertu dago». Sasoi-aurrean joko ona azaldu eta gero, dagoeneko 540 minutu jokatu ditu ligan, eta Eusebiok konfiantza osoa lortu du defentsako eskuin hegalerako. Minutu gehien pilatu duen Realeko seigarren jokalaria da, Rulli, Iñigo, Illarramendi, Zurutuza eta Oiartzabalen ondoren.

Ligaren bigarren atsedenaldira hamar punturekin heldu da Reala. Nolakoa da balorazioa?

Polita dela esango nuke. Zapore gazi samarra daukagu, uste dugulako Vila-realen eta Espanyolen aurka batez ere zerbait gehiago merezi genuela. Baina ez gaude kexatzeko. Zazpi jardunaldi besterik igaro ez diren arren, badakigu erregulartasuna falta zaigula, baina gogor ari gara lanean egunero hori konpontzeko.

Denbora zen Realak hain liga hasiera onik egiten ez zuela. Zaila ere ez zegoen kontua.

Azken bi urteotan batez ere hori zen bekatu nagusia: oso gaizki hasten genuela liga. Hasierek baldintzatzen ziguten sasoi osoa. Aurten, helburu nagusia zen halakorik ez gertatzea, eta lortzen ari gara. Hamar puntu ez dira izugarri, baina onenen artetik gertu gaude, eta horrek lanerako are motibazio handiagoa ematen digu. Proiektuan sinesteko arrazoi aski da pentsatzea sailkapenaren goialdetik gertu-gertu gaudela.

Orain arte denetik jaso du Realak: loreak eta kritikak. Noizko erregulartasun apur bat?

Futbola halakoa da. Erakutsi dugu onenekin lehiatzeko moduko taldea daukagula, baina txanponaren beste aldea ere ezagutu dugu. Erregulartasuna falta zaigu. Las Palmasen aurka distira egin zuen taldeak, baina hasieratik dena jarri zitzaigun alde. Gola sartzeaz gain, aurkaria hamarrekin geratu zen. Lau egun geroago, guri gertatu zitzaigun gauza bera Eibarren. Lore eta kritiken arteko marra oso fina da futbolean, eta detaileek erabakitzen dute guztia askotan. Detaile horiek gure alde izateko lan egin behar dugu.

Zer moduz dago taldea?

Oso ondo. Partaide gehienok denbora dezente daramagu Realean, eta hori garrantzitsua da. Badakigu nora iritsi nahi dugun eta horretarako zein bide den egokiena. Lagungarri da familia moduko bat izatea. Jokalari denon konpromisoa oso handia da, eta hori beharrezkoa da talde baten jardunean.

Zein da segitu beharreko bidea?

Eusebiok planteatzen digun erronka gustatzen zaigu. Itsu-itsuan sinesten dugu haren ideietan. Baloia hanketan eduki eta jokoan protagonista izatea nahi du. Egia da partida batzuetan sakontasuna falta izan zaigula gola sartzeko aukera garbiagoak sortzeko, baina, oro har, pozik gaude egiten ari garen lanarekin. Atzean itxi izan zaizkigun aurkarien aurrean ez dugu asmatu neurketa kudeatzen, eta jakina da hobetzeko gauza asko ditugula. Baina gutxienez badakigu zer nahi dugun eta zer egin behar dugun zelaian.

Beraz, zaleek lasai egon behar dute, eta zuengan konfiantza izan?

Pazientzia apur bat eskatuko nuke. Zelaian filosofia bat nagusitzea nahi denean, denbora utzi behar da. Noski, azkenean emaitzak agintzen du, puntu kopuruak. Baina guk ez diogu gehiegi begiratzen horri. Orain, hamar punturen ordez zazpi edota hamahiru izan bagenitu ere, berdin jarraituko genuen lanean. Jokalari guztiok bat egiten dugu Eusebioren ideiarekin.

Eta iragan sasoian, David Moyesengan ez zenuten sinesten?

Hasieran, bai, baina, gero, gain behera joan zen proiektua. Gauzak ez zitzaizkigun nahi bezala atera, eta halakoetan porrot egitea ohikoa izaten da. Aurten bestelako ustea dugu. Nik ez ezik, taldekideek ere pentsatzen dute denboraldi ona egingo dugula. Partidaz partida joango gara.

Liga hasieran bazirudien erosoago jokatzen zenutela etxetik kanpo, baina zenbakiek ez diote gezurrik. Hamar puntutik zazpi Anoetan lortu dituzue.

Oso garrantzitsua da guretzat Anoetan indartsu sentitzea. Edozein aurkari etortzen dela ere, helburuak beti izan behar du irabaztea. Gotorleku bilakatu behar dugu gure estadioa. Ohitura denez, aurkari guztientzat beti izan da zaila Anoetan irabaztea, eta hala jarraitu behar dugu. Hori lortzen badugu, sailkapenean ondo kokatuta egongo gara.

Las Palmasen aurka, besteak beste. 10.000 lagun soilik zeuden harmailetan. Kezkatzen al zaituzte datu horrek?

Ordutegiek ez digute batere lagundu. Kontuan hartu behar dugu jende asko joaten dela Anoetara Gipuzkoa osotik, eta, hurrengo egunean lana edukita, erosoagoa da partida telebistaz ikustea. Guk ulertzen dugu.

Olabek esan zuen halako ezkortasun bat ikusten duela Realaren inguruan. Ados al zaude?

Ez zait hala iruditzen. Donostiarra naiz, Realeko jende ugari dut inguruan, eta ez naiz iritzi horretakoa. Orain asko ez dela Txapeldunen Liga jokatu genuen, Europako liga ere bai, eta urtero halakoak lortzea ez da erraza. Errealitateak dio, Atletico Madril, Real Madril eta Bartzelonaz gain, talde gutxik lortzen dutela beti Europan egotea. Zaila da hori. Jokalariok gara lehenak onena nahi dugunak Realarentzat, eta autokritika eginez, badakigu azken bi sasoiak oso txarrak izan direla, baina ulertu behar da zaila dela Europarako sailkatzea. Halere, ez dut ezkortasunik nabari.

Telebista eskubideek emandako dirua tarteko. Gero eta garestiago al dago Europan sartzea?

Bai. Baina gosea eduki behar du Realak, eta ezin du ezerekin konformatu. Onenen artean egotea da xedea. Bi jokalari soilik fitxatu ditu klubak, baina gustatzen zaizkit. Juanmik kalitate handia du, eta uste dut Willian Josek zeresana emango duela. Golerako sena du, langilea da, eta gogotsu ari da.

Eta zer moduz dago Vela?

Zoriontsu ikusten dut. Erabateko konpromisoa du Realarekin, eta gero eta hobeto dago. Zelaian antzematen da. Ondo badago, gure jokalaririk onena da, eta bere maila onenetik gertu dago.

Zein da sasoiko helburua?

Anoetara joaten diren zaleak gustura uztea. Harmailetatik joatean zapore gozoa izatea. Hori lortzen badugu, seinale izango da goran ibiliko garela. Noski, Europan sartzea polita izango litzateke, baina gaur-gaurkoz hobe da horretan ez pentsatzea.

Pertsonalki, zer moduz sentitzen zara? Sufrimendua ahaztu al duzu jada?

Bai, kalbario guztiak atzean utzi ditut. Iragan sasoia oso gogorra izan zen, lesioen erruz. Gaizki pasatu nuen, baina esperientzia txarretatik zerbait ikasten omen da beti, eta hala pentsatzen dut nik ere. Orain hobeto ezagutzen dut nire gorputza, badakit noraino hel daitekeen eta noraino ez, eta erosoago lan egin dezaket. Orain, espero dut denboraldi polita bizi ahal izatea. Gozatzea. Oraingoz oso ondo nago. Gainera, nire jokoak fisikoki ongi egotea eskatzen du, eta egunero lanean ari naiz ahalik eta finen egoteko.

Gaizki pasatzea zer da, negar egitea? Eguneko hogeita lau orduetan burumakur egotea?

Hainbeste ere ez, baina niri eguneroko umorea baldintzatzen zidaten lesioek. Ez nintzen gustura sentitzen. Denboraldi osoan behin bakarrik jokatu nituen hiru partida jarraian. Behin hasita, berehala geratu behar izaten nuen. Frustrazio latza neukan. Nire ondoko pertsonek ordaintzen zuten dena, baina, zorionez, buelta eman diot.

Orain, jokalari erabilienetan seigarrena zara. Bada zerbait.

Eskertzekoa da. Gainera, Realeko eskuin hegalean lehiakortasun handia daukagu, eta hainbeste jokatzea seinale ona da. Orain bi urteko joko maila hartara ez naiz iritsi oraindik. Denbora gehiago beharko dut. Baina gertu dago Zalduarik onena. Konfiantza hartzen ari naiz.

Ligako etenaren ondoren, Athleticen aurkako derbia izango duzue San Mamesen. Aukera ederra zaleak pozik uzteko.

Azken urteotan ongi moldatu gara San Mamesen, baina partida zaila izango dugu. Athletic oso sendo ari da etxean. Hori bai, uste dut bolada onean helduko garela gu ere. Hamabi puntu ditu Athleticek, eta ematen du liga hasiera bikaina egin duela. Bada, guk irabazten badiogu, aurrea hartuko diogu. Beraz, oso partida garrantzitsua izango da. Berezia bezain garrantzitsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.