Ez dakite irabazten

Denboraldiko lehen partida irabazi nahi du gaur Osasunak Racingen aurka; bestela, egoera gaiztotu egingo litzateke

2008ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ligako bost jardunaldietan partida bakar bat irabazi ez duten lau talde besterik ez dira geratzen: Osasuna, Betis, Racing eta Sporting. Lau talde horietatik bi aurrez aurre izango dira gaur Nafarroako Erresuman, eta Osasunak zein Racingek denboraldiko lehen partida irabaztea izango dute helburu. Lau taldeotatik Osasuna da jaitsiera postuetatik kanpo dagoen bakarra, bost partidetatik lau berdindu baititu Jose Angel Zigandaren taldeak. Halere, puntuak hirunaka batzen hasteko ordua dela badakite gorritxoek, eta Santanderko taldea mendean hartuta etorkizuna argitu nahi dute nafarrek.

Ez dadila orain bi denboraldikoa gertatu, dena dela. 2006-07 denboraldiko seigarren jardunaldian ere gorritxoek Santanderkoen bisita jaso zuten. Orduan, Jose Angel Zigandaren taldea zen UEFAn jokatu berri zuena Trabzonsporren aurka -Racingek Finlandiako Honka Espoo hartu zuen mendean ostegunean-. Miguel Angel Portugalen Racing, berriz, kinka larrian iritsi zen Iruñeko hitzordura: partidarik irabazi gabe ziren, eta Nafarroako Erresuman galduz gero Portugal kargutik kenduko zutela zioten zurrumurruek. UEFAko partiden ajea ederki nabaritu zuen Osasunak, ordea. Heerenveenen aurka jokatzen zuen handik lau egunera, eta Racingek ederki baliatu zuen aukera Felipe Melok sartutako penalti bati esker denboraldiko lehen partida irabazteko. Gaur ezin da halakorik errepikatu, eta sasoi honetan UEFArekin nahasita dabilen taldea Racing dela agerian utzi behar dute gorritxoek. «Astelehenaz gerotik, Santanderko Racingen aurkako partidan pentsatzen ari gara gu, eta haiek aldiz ostirala arte beste toki batean jarri dute arreta guztia. Horrek nabaritu egin behar du zelaian», esan zuen herenegun Miguel Flañok, eta Noaingo atzelariak bazekien zertaz ari zen, 2006-07 denboraldian UEFAko finalerdietaraino iritsi baziren ere, Ligan azkenaurreko jardunaldia arte sufritu baizuten gorritxoek. Osasuna, Racing eta halako taldeentzat oso zaila da sasoi berean hiru lehiaketatan nabarmentzea, eta Santanderkoek UEFAko ajea nabaritzea espero dute gorritxoek. Ez daitezela gehiegi fida, dena dela: UEFAko partidek ajea eragin dezakete, bai, baina konfiantza ere hartzen dute jokalariek UEFAko garaipenekin, eta Racingek orain arteko bi partidak irabazi egin ditu Europako lehiaketan. «Ligan ez dira ondo hasi, eta sailkapenean hain behean egonik presioa izango dute orain, baina UEFAn irabazi izanak Ligako zapore gazia gozatuko zien, eta adorea indartuta itzuliko ziren Finlandiatik», esan zuen atzo Zigandak, badaezpada.

Oier Sanjurjo, hasieratik

Atzealdean orain bezain sendo jarraitzea da gorritxoen helburuetako bat, bost partidatan hiru gol besterik ez baitituzte jaso. Halere, aurrealdean eraginkorragoak izan behar dutela ere badakite Zigandaren mutilek, eta Larraintzarko entrenatzaileak joko sistema aldatzea ere hausnartu du aste honetan golak egiteko erraztasun handiagoa izango dutelakoan. Hargatik, azken unean 4-2-3-1koari eustea erabaki du gorritxoen entrenatzaileak, eta Sorian bezala Masoud erdi punta irandarra eta Dady aurrelari portugaldarra izango dira gizonik aurreratuenak. Halere, Numantziaren aurkako partidarekin alderatuz gero, bi berritasun izango dira: Patxi Puñal Vadocz hungariarraren ordez ariko da, eta Monrealen hutsa Oier Sanjurjok beteko du, eta ez Javier Flañok. Lizarrako gaztea lehen aldiz ariko da titular postuan ligan.



Datua

0

Puntuak. Zigandak lau aldiz zuzendu du Osasuna Racingen aurka, eta ez du oraindik batere punturik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.