Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak

Ez dira hobeak

Maccabik alde du kanporaketa banakoarekin, baina bere merituengatik baino, Baskoniak bigarren partidan egindako akatsengatikJokatutako 80 minutuetan aurretik ibili dira gasteiztarrak ia beti, baita hobeto jokatu ere

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Konfiantzak eman egiten du batzuetan. Kendu besteetan. Norena da konfiantza? Maccabirena? Baskoniarena? Hirugarren demaren atarikoan, israeldarrena. Baskonia baino okerrago jokatuta banakoarekin daudelako kanporaketan, eta etxean erabakitzeko ahalmenarekin. Asko esan nahi du horrek, talde sendoa delako etxean. Portzentaje bat emate aldera, etxeko lanen %60 egina du Maccabik, eta %40 Baskoniak, eta gaur irabaztea derrigorrezkoa da arabarrentzat. Galtzen badu, mirari bat beharko du etzi Lauko Finalari agur ez esateko.

%20ko karga hori astintzeko argudio bilaketa da ondokoa. Denetan garrantzitsuena, Maccabik aldeko duela kanporaketa, baina ez dela Baskonia baino talde hobea. Dusko Ivanovicek zuzendutako taldeak aise irabazi zuen lehen partida, eta bigarrenean ere kontrolpean eduki zuen aurkaria tarte handienean. Azken minutu txar batek hondoratu zuen. Maccabi talde mugatuagoa da talentuz, eta, hala dela dakien neurrian, beste baliabide batzuk erabiltzen ditu. Kanpoko jokalarien defentsa zorrotza, pase lerroak oztopatu eta korrika egiteko. Horretan hobeak dira.

Errebotean ere bai. Sofoklis Schortsanitisi erasoan errebote bat kentzea zaila da, eta Richard Hendrixek ere esku bereziak ditu inork harrapatzen ez dituen alderatzeak bereganatzeko, bi metro eskas izan arren. Hortxe Maccabiren baliabideak: errebotea, presioa eta kontraerasoa. Joko estatikoan Schortsanitis bilatuko dute, baina Gasteizen egin zuen txikizioarekin, pentsatzekoa da gaur zailtasun gehiago izango dituela.

Greziarra gabe, komeriak hasten dira Maccabirentzat. Jeremy Pargo eta Doron Perkins onak dira barneraketak egiten; ez hainbeste jaurtiketetan. Chuck Eidson galduta dabil, eta ez esnatzea onena. Lior Eliyahu bezala, une batzuetan izan ezik. David Bluthenthalekin ere tentuz jardun behar du Baskoniak. Maccabik daukan hiruko jaurtitzaile peto bakarra da. Lau sartu zituen bigarren deman, eta arnasa eman.

Historia aldeko du

Baskonia talde gogorra da, eta eskarmentua dauka jaikitzen, kolpe mingarriak jaso izanagatik. Agian hamar edo hamabost puntugatik galduko ditu Israelgo bi partidak, baina ez du berehalakoan etsiko. Izaera du, nortasuna. Menorcako garaipenak galdutako kemena berreskuratzen lagunduko dio. Beti da ona garaipena, are gehiago azken unean lortutakoa bada eta gaizki samar jokatu ondoren. Aintzat hartzeko moduko baldintzak dira hurrengoak. Marcelinho Huertasek bere freskura bereganatu behar du, eta Brad Olesonek jaurtiketak asmatzen hasi. David Loganek, Fernando San Emeteriok eta Mirza Teletovicek Alaskakoaren laguntza jasotzea garrantzitsua litzateke. Stanko Baracek, berriz, balantza desoreka dezake. Handia delako: neurriz eta jokoz. Nerbio apur bat falta zaio, haserretzea eta zartako on batzuk ematea, aurkariari pultsua botatzeko.

Historia aldeko du Baskoniak. Hamar aldiz jokatu du Nokia Arenan XXI. mendean, eta lautan irten da garaile Eliasen Eskua zenaren infernutik. Balio du historiak edo ez? Baskoniarentzat bai, Maccabirentzat ez.

MACCABI-BASKONIA

Lehiaketa. Euroligako final-laurdenetako 3. partida.

Maccabi Tel Aviv. Pargo, Bluthenthal, Hendrix, Sharp, Blu, Eliyahu, Green, Pini, Burstein, Labanowski, Eidson, Macvan, Perkins eta Schortsanitis.

Caja Laboral Baskonia. Ribas, Garcia, Huertas, Logan, Teletovic, Batista, San Emeterio, Oleson, Buesa eta Barac.

Lekua. Nokia Arena (11.700 ikusle).

Ordua. 21:30 (ETB1).

Gaurko beste partidak. Montepaschi Siena-Olympiakos (20:00), Valentzia-Real Madril (20:45) eta Panathinaikos-Bartzelona (20:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.