Ez dirudi hain handia

Enpresek bi orduan saldu dituzte binakako finalerako sarrerak, eta zale asko gelditu dira gabe

Bizkaia frontoiko harmailak goraino beteta, finalerdietan. M. DEL VALLE / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Agian motz gelditu dira Bilboko pilotalekua egitean. Bizkaia pilotalekua goraino beteko da hilaren 17ko binakako finalean, eta, enpresen arabera, eskaera asko gelditu dira ase gabe. 3.000 sarrera daude, baina askoz gehiago beharko zituzten pilotazale guztien nahiak betetzeko. Bi ordu baino gutxiagoan saldu zituzten atzo sarrerak, eta enpresek «historikotzat» jo zuten ikusmina. Halere, ez zituzten sarrera guztiak jarri salgai. Aspek, esaterako, 500 baino ez zituen jarri, besteak pilotarientzako eta enpresa konpromisoentzat behar dituelako.

«Ikusmina ona da, baina kontu handiz aztertu behar da. Bilboko lehen finala izateak ere badu eragina», adierazi zuen atzo Inaxio Errandonea Aspeko logistika arduradunak. Pilotari ohiak zehaztu zuenez, gainera, Bizkaitik eskaera handia izan dute, normalean baino handiagoa. Aspek launaka banatu ditu sarrerak, eta finalean ariko diren pilotariek 180na sarrera izango dituzte. Kontuan hartzekoa da, halaber, artekari eta babesleek sarrera kopuru jakin bat izaten dutela euren esku, eta Bizkaiko Aldundiaren palkoan 170 eserleku daudela salgai jartzen ez direnak.

Sarrerak inoizko garestienak izan dira binakako final baterako. Kantxek 140 euro balio dute, iazkoan baino hamar euro gehiago. Atzera begiratuta, igoera harrigarria izan da azken hamar urteetan. 2001eko lau t'erdiko finalean, Eugik eta Barriolak Ogetan jokatutakoan, kantxak 10.000 pezeta balio zuten (60 euro). Kalkuluekin jarraituz, pilotazale batek Bizkaia-ko sarrera guztiak erosi nahiko balitu, 234.620 euro ordaindu beharko lituzke. Kantxa nagusian, 140 euroko sarrerak 1.041 eserleku daude, eta horientzako 145.740 euro beharko lituzke. Hirugarren solairuko harmailakoak erosteko, berriz, 40 eurokoak —bigarren harmailarik handiena, 493 eserlekurekin—19.720 beharko lituzke.

Sarrera lortu dutenek apirilaren 14an,12:00etatik 13:00etara, eta finalaren egunean, 12:30etik 13:30era, jaso ahal izango dituzte Bizkaia-ko txarteldegietan; eta 14an ere bai, 19:00etatik 20:00etara, Iruñeko Labrit pilotalekuko txarteldegietan.

Barriolaren eskumuturra

Abel Barriolak lotailu haustura txiki bat du ezker eskumuturrean, eta binakako finalaren ondoren bere burua nola ikusten duen, erabakiko du ebakuntza egingo dioten ala ez. Pilotaria Bartzelonako mediku baten kontsultan egon zen atzo, etaaurreratu zioten indartzeko ariketa batzuk eginez gero ez duela izango arazorik binakako finala jokatzeko. Gaur, Iruñean izango du kontsulta; ezker hankako soleo giharra aztertuko diote. Zuntz-haustura badu, atzerapena eskatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.