Zale batzuek ondo hartuko naute, eta beste batzuek, ez. Ez diot inori eskatuko ni txalotzeko». Hamazazpi urtez Athleticen aritutako futbolari batek aste honetan esana da. 11 urterekin klub zuri-gorriaren haztegian sartu eta heldua izan arte Athleticekin batera ibilbidea egin zuen futbolari baten iritzia da. Jokalari eta pertsona moduan hazten lagundu zion taldearen eta behar den moduan baloratua sentitu ez zen profesionalaren arteko harremanaren etenaren ondoriozegin beharreko galderaren erantzuna da. Fernando Amorebietaren iritzia da (Cantaura, Venezuela, 1985).
Bi hamarkada igaro dira Amorebietak Lezama lehen aldiz zapaldu zuenetik. Aitonak eramaten zuen, Iurretatik (Bizkaia)—Venezuelan jaio zen Amorebieta, baina 2 urterekin joan zen Euskal Herrira bizitzera—. Pozik aitona, eta ilusioz gainezka gazte bizkaitar gehienen ametsa betetzen ari zen mutila. Ez zuen denbora asko behar izan bere dohainen berri emateko. Hasteko, ezkerra zen. Eskuinak baino askoz gutxiago daudenez, teknikariek oso kontuan hartzen dituzte. Baina, horrez gain, bestelako gaiak ere erakutsi zituen: azkarra, indartsua, garaia eta oldarkorra zen. Oldarkorregia, akaso. Lezamak eman duen azken urrezko belaunaldiko lagunekin batera landu zituen gai horiek guztiak gorengo mailara iritsi arte —Fernando Llorente, Joseba Garmendia eta Andoitz Galdosekin batera, besteak beste—. Gaztetan lesio larria izan arren, Amorebietak azkar egin zuen bidea Athleticen lehen talderaino.
20 urte betetzear zegoela egin zuen debuta. Intertoto kopako partida batean jokatzeko aukera eman zion Jose Luis Mendilibarrek. Orduan, Europako atarikoak jokatzea txarto ikusita zegoen Espainiako Ligako taldeen artean. Udako prestaketan traba zen. Horregatik, gazte askorekin lehiatu zen Athletic. Amorebietak ez zuen aukera asko behar izan onenen artean zeresana emango zuela erakusteko. Lehen taldera igotzea eta hasierako hamaikakoan toki bat egitea, biak bat izan ziren. Hasieran, defentsaren ezker hegalean eta erdiko atzelari postuan tartekatzen zuten entrenatzaileek, Lehen Mailari neurria hartu bitartean. Esperientzia apur bat hartu zuenean, ez zen defentsaren erditik mugitu.
Gorengo mailako sekretuak ikasteko ez du arazorik izan, baina askoz gehiago kostatu zaio futbolaren inguruarekin moldatzea. Amorebieta hitz gutxikoa da. Sekula ez da ondo moldatu mikrofonoen aurrean. Eta bere jokoaren gaineko kritikak ere ez ditu oso ondo ulertu. Bere kirol ibilbidearen hasieran, oldarkorregia izatea kritikatu zioten. Sarrera gogorregiak egitea, une batzuetan burua galtzea, alegia.
Bielsarekin mugarria
Jokalari guztiei gertatu legez, harmailetan aldekoak eta kontrakoak izan ditu. Baina talde zuri-gorrian izan zituen entrenatzaileentzat beti izan zen ordezkaezina. Beste askorekin gertatu legez, Marcelo Bielsaren eskutik eman zuen onena. Onena, eta akaso txarrena ere bai. Bielsaren aginduetara egon zen lehen sasoian, 2011-2012koan, bikote gaindiezina osatu zuen Javi Martinezekin. Aurreko urteetako gorabeherak utzi, eta ondo aritu zen sasoi osoan. 27 urterekin, bazirudien ibilbideko urterik onenen atarian zegoela.
Baina usteak ustel. Hurrengo sasoian ezerezean geratu zen dena. Bielsaren exijentziak gainezka egin zien futbolari askori. Emaitzak ez ziren onak izan, eta jokalariei kosta egiten zitzaien teknikari argentinarrak eskatzen zuen intentsitateari eustea. Hori gutxi ez, eta Europako talde boteretsuenen arreta piztu zuten Athleticen bizkarrezurra osatzen zuten futbolariek: Javi Martinezek, Ander Herrerak, Iker Muniainek, Fernando Llorentek eta Amorebietak berak.
Testuinguru zailean hasi ziren kontratua luzatzeko negoziazioak Athleticen eta jokalariaren artean. Horiek horrela, Josu Urrutiak apustu sendoa egin zuen erdiko atzelariaren alde: bost urteko kontratua eskaini zion. Urtetan erakargarria eta dirutan aparta. Baina Amorebietak gehiago gura zuen. Edo, bestela, argi zeukan ez zuela Athleticen jarraitu gura. Soka tenkatu zuen, eta klub zuri-gorrian gutxitan gertatzen dena gertatu zen: zuzendaritzak, atzera egin, eta erretiratu egin zion eskaintza. Ez gehiago, ezta mahai gainean ordura arte zuena ere. Ezer ez. Egoerari buelta emateko aukera bakarra zegoen: Amorebietak atzera egin eta Ibaiganeko ateak jotzea negoziazioei berriro ekiteko. Baina, ordurako, giroa gaiztotuta zegoen, ez zegoen atzera-bueltarik. Bi aldeek argi zuten eten egingo zela hamazazpi urteko harremana. Elastiko zuri-gorriarekin 254 partida jokatu eta lau gol sartuta utzi zuen taldea.
Orduan nahiko argi ikusten zen gerora baieztatu dena: Athleticen eskaintza ez onartzea Amorebietak bere kirol ibilbidean hartu duen erabakirik txarrena izan da. Etxean taldeko zutabe eta erreferentzia nagusietako bat izateko aukera baztertu eta bide berriak zabaltzea erabaki zuen. Klub zuri-gorriarekin zuen lotura amaitu berritan, uste zuen eskaintza erakargarriak izango zituela, baina mahai gainean jarri zizkioten aukerak ez ziren izan espero zuen bezain erakargarriak. Errusiatik diru askoko eskaintzak jaso zituen, baina jokalariarentzat ez zen lehiaketa aberasgarria. Ingalaterratik, berriz, maila ertaineko talde baten arreta baino ez zuen jaso, Fulhamena. Kirol arloan eta ekonomikoan galdu zuen. Ingalaterran, Athleticekin baino diru gutxiago irabazi du, eta hiru denboralditik bitan Bigarren Mailan aritu da. Iazko udan, Sportingen eskaintza onartu zuen, bere ibilbideari azken bultzada bat eman guran.
Amorebietaren kasuan argi ikus daiteke zenbateko garrantzia duten zelaitik at hartzen diren erabakiek. Haren kasuan argi dago: ezin zaie etekin gutxiago atera futbolean aritzeko dohainei.
Ez du asmatu
Fernando Amorebietaren kirol ibilbidea zelaitik at hartutako erabaki okerrek baldintzatu dute. Etekin txikia atera die futbolean aritzeko izan dituen dohain bikainei. Igande honetan, San Mames berria ezagutuko du, Sportingekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu