Eskuz Banakako Txapelketako final-zortzirenak Azkainen (Lapurdi) hasiko dira gaur. Sebastian Gonzalez herriko semeak eta Mikel Idoate nafarrak neurtuko dituzte bertan indarrak, lehen aldiz. Buruz buruko nagusian sekula elkarren aurka aritu gabeak dira. Gonzalezek gaur du estreinako partida eta Idoatek Belokiren kontra ezustekoa emanda egin zuen larunbatean aurrera —aurretik Pascual eta Laskurain ere gainditu zituen kanporaketetan—. Gaurko irabazleak Asier Olaizola du zain, final-laurdenetan.
Gonzalezek ez du etxean kalerik egin nahi. Joan den urtean itxura kaskarra eman zuen bere estreinako partidan, eta hasiberritan esan zuen agur. Xalaren kontra aritu zen final-laurdenetako ligaxkan, eta 22-5 galdu zuen. Partida haren ostean txapelketa uztea erabaki zuen, min hartuta, eta Julen Retegi sartu zen gero haren ordez. «Gogoz nago, eta sasoiko. Txapelketa honetan zerbait polita egin nahi nuke», zioen Gonzalezek, herenegun, pilotak aukeratu zituzten egunean. Hasteko kontrario zaila daukala ere aitortu zuen azkaindarrak. Idoate bere kirol ibilbideko unerik gozoenean dagoela, eta oso kontrario arriskutsua dela.
Eta ez zaio Gonzalezi arrazoirik falta. Jarritako helburuak sobera bete dituenaren patxadaz aritzeko modua izango du gaur Mikel Idoatek. Arriskutsu egiten du horrek, baina ez horrek bakarrik. «Niretzako Gonzalezen kontra jokatzea saria da», zioen herenegun. Baina Belokiren kontra jokatzean ere esan zuen hori, haren txikitako idoloa zela esan zuen orduan, eta lau tantotan utzi zuen gero. Buruz burukorako dohain apartak ditu Idoatek. Sake-errematean oinarritzen du bere jokoa, eta horregatik iragarri du gaurko partidak ez duela askorik iraungo. «Partida gogorra izango da, erritmo eta intentsitate handikoa, ikuslearentzat gustagarria. Ez da partida piloteatua izango, baina oso gogorra bai». Bi pilotari ezkerti eta errematatzaile tartean egonda, pentsatzekoa da Idoatek iragarri duena bezalakoa izango dela partida.
Final-zortzirenetako lehen partida izango da Azkainen jokatuko den hori. Bihar jokatuko dira beste bi, Iruñean eta Zornotzan, hurrenez hurren, eta Eibarren jokatuko da azkena, igandean. Azken partida horretarako pilotak atzo aukeratu zituzten Oinatz Bengoetxeak eta Aritz Lasak. Ez zen otarrean aukeran jarritakoekin inolako arazorik izan Astelenan.
Behetik gora datorrenaren arriskuaz ohartarazi zuen han ere Oinatz Bengoetxeak. «Arretxe II.aren kontra oso pilotari gogorra eta ausarta dela erakutsi zuen Lasak. Badakit gauzak ongi egin beharko ditudala hari irabazteko. Errespetu handia izan behar zaio horrelako pilotari bati».
Eta Lasak ere egin beharrekoa egin duenaren patxadaz aritzeko modua duela gogorarazi zuen. Gustura dago Arretxeren kontra egin zuen partidarekin, Bengoetxearen kontra ez duela ezer galtzekorik dio, eta bere jokoa egiten asmatzen badu aurrera egiteko aukera izan dezakeela. Sotamano borroka espero da.
Ez du etxean kalerik egin nahi
Gonzalezek Idoateren kontra ekingo dio gaur buruz burukoari, Azkainen, iazko lan kaskarra ahazteko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu