Asier Zurinaga. Kaikuko patroia

«Ez dugu aitzakiarik denean ez lehiatzeko»

Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Esperientzia nahi beste dauka Asier Zurinagak (Barakaldo, Bizkaia, 1971). Patroia izanik, inork baino hobeto ikusten du bere arraunlarien lana. Kaiku ondo ari da lanean, eta aurreko bi urteetan ez bezala, San Miguel ligako oilarretako bat izan nahi du. Zurinagak uste du badutela gaia goian ibiltzeko, eta helburuen artean jarri du lehiaketa erregularrean banderak irabaztea.

Zein dira Kaikuren aurtengo ezaugarriak?

Traineru azkarra izango da, eta lehiaketa guztiak irabazteko lehian ibiliko da. Estropada guztietan goian ibili behar dugu. Ez daukagu aitzakiarik denean ez lehiatzeko. Klubaren inguruko norbaitek aitzakiak jarri zituen iaz, baina aurten inork ez dauka halako heldulekurik.

Ligan ere goian ibiliko al zarete?

Bai, bai. Estropada gehienak ligakoak dira, eta maila eman nahi dugu. Banderak irabazten saiatu behar dugu.

Liga irabazteko hautagaien artean ere jartzen zaituztete zenbait pronostikotan. Horretarako gai ikusten al zarete?

Liga irabaztea gauza askoren mende dago. Erregulartasuna behar da, eta aurten Kaiku erregularra izango da; alde horretatik begiratuta, hautagaiak izan gaitezke. Zorte ona ere behar da, kale txarrik ez tokatzea, ziaboga txarrik ez ematea... Entrenatzaileak ere eragina izango du, estropada batzuk begiz jotzen baditu beste batzuetan makalago ibil daitekeelako ontzia. Baina lehen esan dizudan bezala, ez daukagu aitzakiarik.

Ligan ondo ibiltzeko aukera emango dizue arraunlari propio gehiago izateak, aurreko bi urteen aldean?

Jakina baietz. Iaz ez propioak ziren arraunlariak aurten propioak dira, eta horri esker, aukera gehiago dauzka entrenatzaileak ontzia osatzeko.

Kanpotik ere indartu duzue taldea, eta zer eman dizuete berriek?

Azken batean, aurpegiak aldatzea ondo etorri zaigu. Iaz, kalte egin zigun talde laburra izateak, eta kanpoko berriek luzatu egingo digute taldea. Esperientzia handiko arraunlariak eta gazteak ekarri ditugu, eta nahasketa hori ona izango da.

Zer tankera hartzen diozu San Miguel ligari?

Ez badago albisterik Urdaibairen auzian, hautagai nagusia da. Astillerok oso talde ona dauka, San Juan ere goian ibiliko da. Gero, ezuste onak eta ezuste txarrak izango dira. Ematen du Orio dabilela larri. Castro, aldiz, ondo ibili da ontzi txikietan. Hondarribiak ere denboraldi-aurre txukuna egin du, eta San Pedro ere ondo moldatuko da.

Klubeko arduradunek estutu egin al zaituztete San Miguel ligan txukunago ibiltzeko?

Ez. Gu gara kirolariak, eta guk nahi dugu ondo ibili. Guk pasatu genuen gaizkien iaz hamargarren eta hamaikagarren egiten genuenean. Ez zen atsegina izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.