Naroa Agirre. Atleta

«Ez dut nabaritzen pertikaren hutsunea»

Pertika jauzia utzi ondorengo bizimoduari ilusioz heldu dio Agirrek. Erronkak ez zaizkio falta: ama izango da bi hilabete barru, eta DBHko irakasle lanetan dabil.

ainara arratibel gascon
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Psikologikoki nekatuta zegoelako hartu zuen Naroa Agirrek (Donostia, 1979) pertika uzteko erabakia. «Erraz egiten nituen hainbat gauza malda gora egiten hasi zitzaizkidan. Ez nintzen gustura joaten entrenatzera». Luzerako jauzia egiten hasi zen, ez zuelako kirola erabat utzi nahi, ezta Anoetako lagun taldea ere. Ama izateko etenaren ostean, horrekin jarraitu nahiko luke.

Zazpi hilabeteko zaude haurdun. Zer moduz zaude? Nola ari zaizu eragiten zure kirol jardueran?

Oso ondo nago. Haurdun geratu baino lehen erabaki nuen pertikan saltatzeari uztea. Baina atletismoarekin jarraitu nuen, luzerako jauzia egiten. Haurdun geratu nintzen, eta gaur arte entrenatzen jarraitzen dut. Oso- oso suabe, baina jarraitzen dut. Hasierako hilabeteetan ia normal entrenatu nintzen, baina orain gorputzak bi edo hiru gauza egiten uzten dit bakarrik. Astean hiruzpalau egunetan egiten dut kirola: korrika eta gimnasio pixka bat.

Goi mailan lehiatuko kirolari batentzat funtsezkoa izango da, haurdun egonda ere, jarduera fisikoa egun batetik bestera ez uztea, ezta?

Bai. Emaginarekin hitz egin nuen, eta esan zidan nire gorputza kirol asko egitera ohituta zegoela. Beraz, egiten jarraitu behar nuela, betiere gorputzak esaten zidanari entzunez eta kasu eginez. Ni ondo nago, eta ahal dudan neurrian kirola egiten jarraitu dut. Izerditzeak eta giharrak ondo izateak mesede egiten didala uste dut.

Erabaki zaila izan zen pertika uztearena?

Denbora neraman erabakiari bueltak ematen, eta azkenean hartu egin nuen. Konturatu nintzen ez nuela gogorik pertikarekin jauzi egiteko. Aurreko urtea oso gogorra izan zen. Ordura arte kostatzen ez zitzaizkidan hainbat gauza malda gora egiten hasi zitzaidan: pertika gogorrekin aritzea, lasterkaldi luzeak egitea... Une batean neure buruari esan nion: «Zertarako jarraitu?». Beste bide bat hartu behar nuen, eta bizimodu berri bat hasi. Fisikoki ondo nengoen, baina psikologikoki oso nekatuta.

Rioko Jokoetara ez joatea kolpe handia izan zen, ezta?

Hasieran oso gogorra egin zitzaidan. Hasieran ez nituen ezta telebistaz ikusi. Baina gero bai, eta asko gozatu nuen.

Zer falta izan zen? Zorte kontuan izan zen?

Zortea beste gauza askorekin etortzen. Amorru handia sentitu nuen ezin izan nintzelako joan. Eta neure buruari maiz galdetu nion: «Zergatik erori da listoia?». Aurretik egona nintzen Olinpiar Joko batzuetan, eta, onerako edo txarrerako, banekien zer zen galtzera nindoan hori.

Zure entrenatzaileak [Jon Karla Lizeaga senarra] sumatzen zuen hori]?

Bai. Berak eta etxekoek sufritzen ikusi naute, eta poztu egin dira hartu dudan erabakiarekin. Ikusten zuten nola nengoen. Bikotekideak aurretik ere esaten zidan: «Naroa, zu ez zara gozatzen ari». Baina nik beti esaten nion: «Bai, baina aguantatu nahi dut; bai, baina..». Hasieran, neure buruarekin borroka hori izan nuen. Beti duzu zalantza hori, eta ez duzu zama hori kentzen. Izan ere, nik oraindik ere barruan badaukat sentsazioa egindako marka baino gehiago balio dudala. Baina hori demostratu egin behar da, eta horretarako bide bat egin behar da.

Non dituzu gordeak pertikak?

Anoetako estadioan. Baina ez ditut ezta begiratzen ere. Nik entrenatzen dudan lekuan bada pertika jauzian entrenatzen den mutil bat. Nire bikotekidearekin entrenatzen da, eta nik ere laguntzen diot. Baina ez dut inbidiarik edukitzen. Beharbada hemendik pare bat urtera berriro ere gogoa izango dut jolasean hasi eta pertikarekin salto egiteko. Baina oraintxe, ez. Beraz, alde horretatik uste dut asmatu dudala erabakia hartzeko unearekin. Gainera, zenbaitetan denbora behar da zerbaiten hutsunea nabaritzeko.

Emakume kirolari batentzat are zailagoa da ama izateko erabakia hartzea?

Nik beti garbi nuen goi mailan lehiatzen aritu bitartean ez nuela ama izan nahi. Ez nuen nire kirol ibilbidea moztu nahi. Beraz, alde horretatik, ez da zaila izan. Kasu bakoitza desberdina da. Izan ere, argi dago gure ogibidean gorputzak ezinbesteko garrantzia duela. Ez litzateke gauza bera izango informatikari izango banintz. Baina gorputzak agintzen du. Bakoitzaren arabera da hori. Egia da, dena den, bide hori errazteko urratsak egin direla. Adibidez, lehen lehiatzeari urtebete uzten bazenion, ez zenuen bekarik jasotzen. Hori aldatu egin da. Izan ere, amatasunagatik ez dira eteten.Horrek asko laguntzen du.

Pertikan bada bazterkeriarik?

Bekak berdinak dira, eta atletismo pistan ez dago diskriminaziorik. Nik, behintzat, ez dut sumatu. Salbuespena da, agian, baina hori da nik bizi izan dudana.

Bizimodu berriari heltzea kostatu egin al zaizu?

Ez zait kostatu, beste erremediorik ez baitut izan. Erabakia hartu eta gutxira geratu nintzen haurdun. Haurdun geratu ez banintz, ez dakit zer erantzungo nukeen. Baina haurdunaldiarenak asko lagundu dit bide berri honi ekiteko. Bultzada handia izan da. Bestela, agian, egongo nintzen neure buruari esaten: «Beharbada, beste urtebetez jarraitu behar nuen...».

Urte hauetaz zein oroitzapen dituzu?

Parte hartu nuen bi Olinpiar Jokoetan bizi izandakoarekin geratzen naiz. Baina hortik harago,pertikak eman dizkidan bizipenekin, ezagutu dudan jendearekin eta lekuekin... Gauza asko eman dizkit.

Zuk gehiago eman diozu pertikari, edo pertikak zuri?

Senarra bera eman dit; beraz, argi dago pertikak gehiago eman didala niri. Donostiako Atleticorekin gauza bera geratzen da. Klubak gehiago eman dit niri, nik hari baino. Aurreko egunean egin zidaten omenaldia ikusi besterik ez dago.

Asko aldatu da pertika urte hauetan?

Bai, batez ere markei dagokienez. Asko egin dute gora. Eboluzio bat izan dute. Ni hasi nintzenean, nahiko diziplina berria zen nesken artean, eta, egungoekin alderatuz, marka apalekin lortu nuen hainbat txapelketatan egotea. Teknika eta entrenatzeko moduak ez dira askorik aldatu.

Markak gehiago igoko al dira?

Baietz uste dut. Nik uste dut ailegatuko direla mutilen markak baino metro bat gutxiago izatera. Nahiz eta horretarako oraindik denbora pixka bat falta.

Alde hori txikituko al da?

Nik uste dut markak alde horretan egongo direla, nahiz eta uneren batean murriztu daitekeen alde hori.

Zer sentitzen da hor goian?

Ezer ez. Oso azkar joaten baita. Sentitzen duzu saltoa oro har. Sentitzen dena, batez ere, zirrara da. Nahiz eta proba eta momentu bakoitza diferentea izan.

Zer helbururekin hasi zara luzerako jauzia egiten?

Behin pertika utziko nuela erabaki nuenean, garbi izan nuen entrenatzen jarraitu nahi nuela. Nire bizitzaren parte handi batean hori egin dut egunero. Anoetara gutxienez sei egunetan joaten nintzen, eta ez nuen utzi nahi. Izan ere, fisikoki ondo mantentzen laguntzeaz gain, Anoetan dudan lagun taldeari eusteko balio dit. Senarrak proposatu zidan luzerako jauzia egitea.

Lehenago ere ibilia zinen luzerako jauzian...

Bai, bai. Pertika baino lehen luzerakoa egiten nuen. Nire markak ez ziren onak, eta pertika jauziari esker ailegatu nintzen elitera.

Oso desberdinak dira?

Biak saltoak dira. Esan daiteke ez naizela pasatu 100 metroko hesidunak edo 1.500 metrokoak korritzera. Hori bai izango zela aldaketa. Hau saltoen barruan dagoen beste diziplina bat da. Desberdina da, pertika airera begirakoa delako, eta luzerakoa, aurrera begirakoa. Baina entrenamendu aldetik biek ahalmena, indarra... lantzea eskatzen dute, esplosiboak direlako, eta ez iraupenezkoak. Beraz, entrenatzeko unean, teknika kenduta, antz handia dute.

Umea eduki eta gero horretan jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Haurdun geratu aurreko martxarekin segitu nahiko nuke: astean hiruzpalau aldiz entrenatzen jarraitu, luzerako jauziari begira.

Badira goi mailan aritu diren emakume kirolari asko, umea eduki eta gero lehiara itzuli direnak, eta emaitza oso onak lortu, gainera. Zure asmoa luzerako jauzian lehiatzen jarraitzea da, edo soilik entrenatzea?

Ikusi beharko da nola nagoen, eta entrenamenduak nola doazen. Horren arabera, ez dakit noraino iritsiko naizen. Helburu moduan polita litzateke sei metro inguru saltatzea. Nire asmoa hori da. Baina haurdunaldiaren eta erditzearen ostean ikusi beharko dut nire gorputzak nola erantzuten duen. Orain eskuratzeko moduko marka dela pentsatu izan dut, baina ikusi beharko da.

Uste duzu txapelketa garrantzitsuetatik harago zuen lana itzalean geratzen dela?

Agian hala da, baina niri ez dit eragiten. Barneratuta daukat. Gustatuko litzaidake beste kirol batzuek oihartzun handiagoa izatea eta sarriago ateratzea komunikabideetan. Baina ni atletismoa, pertika egiten hasi nintzenetik banekien zer oihartzun zeukan.

Nola ikusten duzu goi mailako atletismoa?

Krisiaren eraginez, oro har, atletismoak gainbehera izan zuen. Baina berriro ere gora ari da, eta marka politak ikusten ari gara, eta harrobiko jendea badator. Urte politak datozela uste dut. Anoetan, adibidez, nabari da oso jende gaztea dabilela atletismoa egiten. Baina gero ikusi beharko da horietatik zenbatek jarraitzen duten, eta zenbatek uzten duten. Asko egoteak, hala ere, laguntzen du. Denetik, dago, gainera: abiadurakoak, saltoak egiten dituztenak, iraupenekoak... Jende berria iristen ari da.

Etorkizunean ikusten duzu norbait Gipuzkoan pertikan lehiatzen?

Badaude, eta harrobia lantzeko denbora behar da. Pazientzia izan behar da.

Hor eragitea gustatuko litzaizuke?

Ikusi egin beharko da. Baina horretarako entrenatzaile izan beharko nuke, eta ez dut neure burua horretan ikusten. Kontraesana dirudi, agian, pertika jauzia egin baitut, eta egun DBHn eskolak ematen lan egiten baitut. Baina ez dut neure burua gai ikusten pertika irakasteko. Sentipena dut ez nintzatekeela eroso sentituko. Gertatzen da norberak gai edo gauza jakin bat menderatu eta bere burua gai ez ikustea edo nahiago izatea inori ez azaldu. Bada, hori sentitzen dut. Inork ez nau horretara animatu, baina galdetu didatenean beti esan dut ezetz.

Harrobiko lan hori ondo egiten ari dela uste duzu?

Bai. Arazoa entrenatzaileekin dugu. Izan ere, askok borondatez egiten dute. Baina, zer gertatuko da horiek uzten dutenean? Haien ogibidea ez da atletismo entrenatzaile izatea. Beste lan batzuk dituzte. Ekonomikoki ezin dute atletismotik bizi, eta hori oztopo bat da. Izan ere, pertika jauzilari on bat lortzeko, esaterako, denbora asko behar da. Entrenatzaile batek lan asko egin behar du, eta horretarako denbora behar da, Horretatik ezin bizita, ordea, zaila da. Nire bikotekideari, adibidez, gustatuko litzaioke horretaz bizitzea, baina ezin du. Hori da aldatu behar dena. Ez dakit nola egin daitekeen, baina aztertzeko modukoa da.

Orain irakasle lanetan ari zara. Zer moduz lan horretan?

DBHko gazteekin ari naiz, eta oso gustura. Irakasle ikasketak izateak lagundu egin dit bide berri honetan. Asko motibatzen nau.

Irakasle izateak zer ematen dizu?

Pertikak ematen zidan hori: irrika, tentsioa, ahalegina, poza...

Pertikaren baino buruhauste gehiago al dituzu orain ikasleekin?

Momentuaren arabera. Izan ere, une batzuetan pertikak ez dit buruhausterik eman, eta dena nahi bezala joan da. Hori aldatu egin zen azken hilabeteetan. Irakaskuntzan gauza bera gertatzen da. Egun batzuk onak daude, eta dena nahi bezala doa; beste batzuetan, aldiz, aurreko egunetan balio izan dizunak ez dizu balio. Zirrara bat sortzen du horrek, erronka bat da.

Aktore lanetan aritu zinen Goenkale-n, eta geratu ezin diren horietako baten itxura duzu. Beste asmorik baduzu buruan?

Bizitzak eman dizkidan aukerak aprobetxatu ditudala esango nuke. Ez nuke esango geraezina naizenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.