Euria jaitsi ahala ari zuela topatu du BERRIAk David Roumieu (Albi, 1981), Baionako Jean Dauger estadioan. Iluntze honetan, Tolosaren aurka jokatu behar duen denboraldi-aurreko azken lagunarteko partida prestatzen ari da taldekideekin batera. Sasoia hasteko gogoz dago, eta une batez taldekideak zirikatzeari utzi dio galderei erantzuteko.
Gaur duzue denboraldi-aurreko azken partida, Tolosaren aurka. Hemendik hamar egunera, berriz, Top 14a hasiko da. Liga berriz hasteko irrikaz egonen zara, ezta?
Deboraldi-aurrea luze joan da, ekainaren 17an hasi ginelako berriz entrenatzen. Bi hilabeteko deboraldi-aurrea luzea da, eta berriz lehian sartzeko gogoz gaude. Top 14aren errutinan sartu nahi dugu, asteburutik asteburura partidak jokatuz eta astean horretarako prestatuz.
Jokalari berri anitz etorri dira taldera uda honetan; 9 jokalari fitxatu ditu Baiona. Nola doa horien egokitzea?
Errugbi profesionalean gauza normala da uda garaian mugimendu anitz izatea. Jokalari berriekin gauzak oso ongi doaz, eta ez da batere arazorik. AnitzekChristian Lanta eta Christophe Deylaud jadanik ezagutzen zituzten, eta horrek ere gauzak erraztu ditu.
Batzuen ustez, jokalari anitz Agendik etortzeak arazoak sor ditzake. Jokalarien artean ez da azpitalderik sortu ?
Ez nago batere ados horrekin. Jokalari berriek oso izpiritu ona dute. Langileak dira eta lanerako gogoz daude. Denak ongi konpontzen gara gure artean, eta talde giroa oso ona da.
Lehen lagunarteko partidak garaipenarekin bukatu dituzue —28-12 Perpinyaren aurka eta 19-10 Stade Françaisen aurka—. Konfiantza hartzeko garrantzitsua da hori?
Irabazteko ari gara, eta partidak irabaztea oso garrantzitsua da. Gustura gelditu gara egindako lanarekin. Zaila da erratea itxura horren ona izan dugun ala ez. Denboraldi-aurreko partidetan beti badira hobetu beharreko gauzak. Partidaz partida, aurreko eguneko alde txarrak ezabatzen entseatzen gara, eta aitzina joaten. Hala ere, benetan balio duena Top 14a da, eta liga hastean jakingo dugu prestaketa ona ala txarra egin dugun.
Alain Afflelou presidenteak talde berria zaleen aitzinean aurkezteanerran zuen sasoi honen helburua 7. postuan bukatzea dela, iaz baino postu bat gorago. Hala ere, 6. postua eta Heineken koparako txartela buruaren txoko batean izanen duzue?
Gauza horiek denak entrenatzaileenak dira. Haiek erranen dizute zein diren helburuak. Gu, jokalariok, gure lana egiten entseatzen gara, zelaian plazera hartuz, eta partidak irabaziz. Hortik aitzina, ikusiko dugu noraino iritsi ahalko garen.
Hala ere, sasoi honi begira, badago itxaropen olatu bat Baionan. Adibidez, gaur, Tolosaren aurkako lagunarteko partidan, 10.000 zaletik gora egonen da. Urte berezia izan daitekeela uste duzu?
Zaleen sostenguak ez dauka hitzik. Uda betean, lagunarteko batean hainbeste jende izatea txalotzekoa da. Urtez urte ez dute hutsik egiten. Zazpi urte dira taldera iritsi nintzenetik, eta urtez urte gora doa sostengu hori. Guri dagokigu orain itxaropen horri ahalik eta molde onenean eustea eta zaleen erantzunari behar bezala erantzutea.
Zazpi urte daramatzazu taldean. Iragan sasoian partida guztiak jokatu zenituen. Aldagelako lider gisa ikusten duzu zeure burua?
Orain arte zorte handia izan dut partida anitz jokatuz. Ez dut minik hartu, garrantzitsua da hori, eta entrenatzaileek konfiantza eman didate. Denak gara lehiazaleak, eta denon helburua da ahalik eta partida gehien jokatzea. Hori dela eta, oso pozik nago. Hala ere, ez dakit aldageletako lider jo dezakedan neure burua. Ni baino lehenago jokalari anitz dago, Aretz Iginiz edo Mark Chisholm adibidez. Ni soldadu soil batnaiz. Nire lana ongi egiten saiatzen naiz, eta taldeari ahal dudan gehiena ekartzen.
Harroin berriak etorri dira taldera sasoi honetan, eta araudia ere aldatu da uztartzeetan. Nola ikusten duzu uztartzeen fasea?
Ez naiz sobera kezkatzen. Harroin berriek goi maila ongi ezagutzen dute, eta postu horretan potentzial handia dugula iruditzen zait. Lanean gabiltza, eta ez dugu arazo handirik izanen. Gero, araudia nola aplikatuko den ikusi beharko da, baina hori ez dago gure esku.
David Roumieu. Baionako jokalaria
«Ez dut uste taldeko liderretako bat naizenik»
Aztalkariak itxaropentsu ekin nahi dio agorrilaren 17an hasiko den sasoi berriari. Taldean zazpi urte daramatza, eta harrituta dago tarte horretan Baionako zaleen sostenguak izan duen bilakaerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu