Azken egunak ditu Rodrigo Salinasek Bidasoan (Viña del Mar, Txile, 1989). «Pena» du ez jarraitzeagatik, baina «lasai» dago, «oso pozik eta harro» baitago bederatzi urtez egin duen lanarekin. «Betirako izango dut bihotzean Bidasoa eta Irun».
Denboraldiko azken txapelketa jokatzear zaudete, Espainiako Kopa, eta jakina da ez duzula taldean jarraituko. Hori dela eta, bereziak izaten ari dira azken egun hauek?
Ez. Urte dezente daramatzat goi mailan jokatzen, eta horrelako egoeretan egon izan naiz. Normal egotea da horiei ondoen aurre egiteko erarik onena. Gainera, samurragoa egingo zait Kopa jokatzea etxeko azken partida baino. Egun horretan jokatu nuen azken aldiz Artalekun, familia bertan zela. Zaleak agurtu nituen. Despedida zinez ederra eta berezia izan zen.
Ohituta egonagatik ere, bederatzi urte egin dituzu Bidasoan. Denbora asko da hori.
Bai, eta maitasun handia diot Bidasoari, haren zaleei eta nirekin ongi portatu diren guztiei. Kirol arloan eta arlo sentimentalean eman didaten guztia itzultzeko modurik onena da Kopan barruan dudan guztia ematea. Amaiera bikaina eman nahi diot hemen egin dudan kirol ibilbide oparoari.
Duela hilabete eta erdi jakinarazi zuen klubak ez zenuela jarraituko. Horrek mesede egin dizu egoera barneratzeko?
Bai. Gainera, Gabonen aurretik nekien zer asmo zuen klubak.
Klubak erabaki du zuk ez jarraitzea. Zer sentitu zenuen erabaki hori esan zizutenean?
Gogorra izan zen, askotan esan bainuen zer egin nahi nuen: hemen jokatzen jarraitu nahi nuen, hemen erretiratu nahi nuen, eta hemen bizi nahi nuen gero. Klubarekin hitzez adostua nuen erretiratzean klubean lan egingo nuela. Baina kirolaz kanpoko gauza batzuk gertatu ziren, nire esku ez zeudenak, eta kluba eta biok ez ginen ados jarri. Ez zaio buelta asko eman behar. Konforme noa, lan handia egin baitut bederatzi urte hauetan, eta barruan dudan guztia eman. Inoiz ez dut ahaztuko hemen egin dudan garaia; oroitzapen ederrak ditut.
Minduta zaude?
Ez. Oso pozik eta harro noa egindako lanarekin. Ez ezerk, ez inork ez du uhertuko klub honengatik egin dudan guztia. Pena bat da elkarrekin ez jarraitzea, baina ahalik eta ondoen egin behar zaio aurre. Profesionalak gara, kirola horrelakoa da, eta, orain, xakeko pieza aldatu beharra dago.
Jokatzen segitzeko asmoa duzu?
Etxean hitz egin behar dugu horri buruz, baina selekzioan jokatzen jarraituko dut, ziur. Ikusi behar dut zer egin nahi dudan: goi mailan jokatzen jarraitu edo koska bat beherago. Esan dute erretiratuko naizela, baina ez da egia. Jokatzen jarraituko dut.
«Pena daukat. Hemen jokatzen jarraitu nahi nuen, hemen erretiratu nahi nuen, eta hemen bizi nahi nuen gero»
Pena emango dizu anaiarekin gehiago ez jokatzeak?
Bai. Hark ere taldea utzi behar izan zuen, klubak Juleni [Aginagalderi] tokia egin nahi baitzion. Kirolaz kanpoko arrazoiengatik hartu zuten erabaki hura, anaia ikusgarri ari baitzen. Erabaki horrek asko mindu ninduen, baina ni kontratupean nengoen, eta familia hemen nuen. Orain niri tokatu zait. Zorionez, selekzioan elkarrekin jokatzen segituko dugu.
Zer nabarmenduko zenuke Bidasoan egin duzun ibilbideaz?
Lehenik, ametsa bete dut: Txapeldunen Liga jokatu dut. Bigarrenik, anaiarekin jokatzeko aukera izan dut. Eta, hirugarrenik, iritsi eta gutxira txapeldunorde izan ginen ligan.
Partidaren bat gogoratzen duzu bereziki?
Bi. Bata, Artalekun Cuencari irabazi, bigarren izan, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu ginena. Sekulako festa egin genuen Kale Nagusian eta udaletxean. Egun ahaztezina izan zen. Beste partida, berriz, Txapeldunen Ligan jokatu genuen lehena da, Presoven. Irabazi egin genuen. Inork ez zuen hori espero. Gero, ligaxka gainditu genuen. Ikaragarria izan zen.
Irungo egonaldiak arrastoa utziko dizu?
Bai. Semeak bi hilabete eskas zituela etorri ginen, eta, gaur egun, euskalduna da goitik behera. Euskal lurraren zati txiki bat eta odol pixka bat eramango dugu hemendik.
Ahalik eta ondoen bukatzeko, esan duzu Kopan barruan duzun guztia emango duzula. Zer moduz dago taldea?
Oso gogotsu gaude. Cuencaren aurkako partida bukatu bezain laster jarri genuen arreta osoa Kopan, eta hura buru-belarri prestatzen aritu gara aste osoan. Lehiaketa berezia da: edozer gerta daiteke. Talde guztiok nahi dugu ahalik eta urrunen iritsi, eta, ezusterik ezean, finalean Bartzelona ahalguztidunaren aurka jokatu. Partida bakarrean edozer gerta daiteke. Torrelavegaren aurka jokatuko dugu lehenbizi, eta kosta ahala kosta irabazi nahi diogu. Bete-betean ariko gara.
Asobal ligan azken unera arte lehiatu zarete Europarako sailkatzeko, baina laugarren izan zarete, eta erdibidean geratu.
Horrelakoa da Asobal liga: azken jardunaldian talde askok genuen zerbait jokoan sailkapenaren goialdean eta behealdean. Zaila da esatea zehazki non egin dugun huts ez sailkatzeko: partida batean, jaurtiketa batean, defentsako jokaldi batean, galdu genuen baloi batean... Ezin da jakin zehazki. Baina Asobal ligan edonon irabaz dezakezu, eta edonon galdu. Ez dugu ezer geure buruari leporatzeko. Pena bat izan da gol bakar batengatik ez izatea txapeldunorde, baina horrelakoa da kirola. Baina, nire ustez, egin ditugu etxeko lanak, sobran.
«Ezin gara gonbidapen bat jasotzeko zain egon. Argi dugu helburua: finalera iritsi, eta Europarako sailkatu»
Finala jokatzen baduzue, Europako Ligarako sailkatuko zarete. Hori da helburua?
Bai. Ezin gara gonbidapen bat jasotzeko zain egon. Argi dugu helburua: finalera iritsi, eta Europarako sailkatu. Eta, gero, finalean, geratzen zaigun gasolinarekin Bartzelonarekin borrokatu, betiere aurretik inork ez badu hura kanporatzen.
Asmo horretan, itxuraz, final-laurdenetakoa da partidarik zailena, Torrelavegaren aurkakoa (16:00, Teledeporte). Beste adarrean aurkari apalagoak daude: Alacant eta Huesca.
Nik ez dut horrela pentsatzen. Partida guztiak dira oso zailak: Torrelavega oso aurkari gogorra da; Alacant, berriz, etxeko taldea da, eta historian arrastoa utzi nahi du; azkenik, Huescak maila galdu du, eta ez du joan nahiko esku hutsik. Edozein taldek du nahikoa gaitasun eta gogo irabazteko. Guk bete-betean aritu behar dugu, bestela gailendu egingo baitzaizkigu.
Zer egin behar duzue ondo Torrelavegari irabazteko?
Bigarren itzulian egindako lanari eutsi behar diogu: gure indarguneak sendotu behar ditugu, gure gabeziak konpondu, eta ahalik eta huts gutxien egin.