Damia Abella. Osasunako jokalaria

«Ez gara seigarrenak halabeharrez»

Racingen aurka galdu egin bazuten ere, lehen itzuliaren amaieran seigarren postuan izatea «gauza handia» dela azpimarratu du Damia Abella Osasunako atzelari kataluniarrak.

Iruñea
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Damia Abellak (Figueres, Herrialde Katalanak, 1982) egindako bi penaltiren erruz galdu zuen Osasunak Racingen aurka Ligako azken partidan (0-2). Hargatik, atzelari kataluniarra une gozoan dago. Osasunaren hasierako hamaikakoan tokia izatea lortu du, eta lasai dago, lasai, baina beharrezko tentsioarekin. Haren ustez, «ez da bidezkoa porrot batengatik zalantzak agertzea». Azken partidan gertatutakoa ahazteko modurik onena bihar etxean Valentziari irabaztea dela iritzi dio.

Zer moduz zaude?

Oso ondo, Valentziaren aurkako partida iristeko zain. Neurketa ederra da, Valentzia talde handia baita. Gainera, gogotsu nago.

Racingen aurkako egun txarra ahaztu al duzu jada?

Ez da erraza izaten horrelakoak erabat ahaztea, partidako irudiak etortzen zaizkizulako burura. Hala ere, lehenbailehen ahaztea komeni da, bai.

Partida ona jokatu zenuen Racingen aurka, baina kontrako bi penaltietan zorigaiztoko protagonista izan zinen.

Gaizki jokatzen duzunean gogorragoa izaten da, baina partida txukuna eginagatik, bi penalti adierazten dizkizutenean ere ezin zara erabat lasai egon.

Denboraldia hasi denetik unerik gozoenean zaude, dena dela. Ia ezinbestekoa bihurtu zara, eta sasoi betean zaudela dirudi.

Bai, Eguberrietako oporraldiaren aurretik jokatutako partidetan ere gustura aritu nintzen, eta azken partidetan ere bai. Gozatzen ari naiz, bai.

Aukerarik ez zenuen izan sasoi hasieran, eta lehendabiziko aukerak ezker hegalean izan zenituen.

Nik nire lehentasunak izan ditzaket, baina, azkenean, entrenatzaileak erabakitzen du non jokatzen duen jokalariak, eta guretzat jokatzea da garrantzitsuena. Denboraldi-aurrean arazoak izan nituen: Italiara egin genuen egonaldian ez nuen jokatzerik izan, handik itzulitakoan ere ez, eta ez nuen sasoirik onenean hasi denboraldia. Zorionez, pixkanaka-pixkanaka hobera egin dut, eta orain berdin zait ezkerrean edo eskuinean jokatzea.

San Mamesen jokatu zenuten partidan asko sufritu zenuen ezkerretik arituta.

Ez nago ados zurekin; partida hartan golen errua nirea izan zela esan zen, baina partidak aztertzean nahiko objektiboa naiz, eta benetan diot: golak nire aldetik iritsi baziren ere, errua ez zen nirea izan. Taldearen desorekagatik sufritu nuen, baina, nire ustez, Granadaren aurkako partidan San Mamesen baino okerrago jokatu nuen, esaterako. Bi jokalariren erasoak jaso nituen une askotan, eta eskuin hegalean jokatu izan banu ere, berdin sufrituko nuen.

Marc Bertran osatu egin da, baina hamalau partidatan aritu zara. Aurrerantzean ere Marc Bertran estu hartu nahiko duzu lehia horretan, ezta?

Ez, Marc taldekidea eta laguna da; entrenatzailea ataka batean jartzea da nire asmoa. Taldearentzat berdin da bietako nork jokatzen duen, baino jokalariok jokatzea nahi izaten dugu beti, noski.

Racingen aurka galdu arren, datorren sasoian Europan lehiatzeko aukera ematen duten postuetan zaudete. Sinesten hasi beharrean dira Osasunako zaleak?

Denboraldi erdia jokatu dugu jada, eta hor gaude. Argi dago ez garela seigarrenak halabeharrez. 26 puntu batu ditugu lehen itzulian, 29 izan daitezke oraindik, eta hori ez du inork oparitzen, irabazi egin behar izaten da zelaian. Hargatik, gure helburua mailari eustea dela ahazterik ez da komeni.

Ustez, Racingen aurkako partida zen etxean jarraian jokatu beharreko hiru partidetatik errazena. Galdu izanak zerbait aldatzen al du?

Futbolean teoriak ez du indarrik. Ez genuen partida ona jokatu, baina Racingek ere ez zigun min handirik egin. Berdinketa izango litzateke emaitzarik bidezkoena. Ezin dugu zalantzarik izan, norgehiagoka bat galdu izanagatik.

Bi porrot jarraian eta biak zure talde ohien aurka, Bartzelonaren kontra Espainiako Kopan, eta Racingen aurka Ligan.

Bai, egia da, zorionez Betisen aurka irabazi egin genuen, eta hurrengo partida urrun samar dago oraindik [barrez]. Bitxikeria bat da, besterik ez.

Bartzelonako jokalari ohi gisa nola ikusten dituzu Real Madrilen eta Bartzelonaren arteko partidak?

Bartzelonako jokalari ohia ez ezik, Bartzelonako bazkidea ere banaiz, eta, normala denez, Bartzelonak irabaztea nahi izaten dut Real Madrilen aurka jokatzen duenean. Taldekide ohiak ere baditut Bartzelonan, eta ez naiz zale sutsuenen pare jartzen, baina gustura ikusten ditut partida horiek, noski. Asteazkeneko partida ez nuen osorik ikusi, dena dela.

Norekin jokatu zenuen zuk Bartzelonan?

Lehen taldean Valdesekin, Puyolekin, Xavirekin, Iniestarekin... Messik eta biok bigarren taldean jokatzen genuen. Urte berean debutatu genuen biok lehen taldearekin. Besterik ez dut gogoan. Ez dira asko, baina Bartzelonaren oinarria izaten jarraitzen dute.

Puyol, Xavi eta Valdes Kataluniako selekzioan ere taldekide izan dituzu. Dena dela, Tunisiaren aurkako partidarako ez zintuen deitu Johan Cruyffek. Pena?

Bospasei aldiz jokatu dut selekzioarekin, eta gauza ederra da, oso partida bereziak izaten dira, egundoko giroa izaten da, festa ederra. Aurten, Kataluniako taldeetako jokalariak deitzea erabaki zuten, dena dela, eta erabaki ona iruditzen zait, jokatzea gustatu litzaidakeen arren. Beti bezala Bartzelona eta Espanyoleko jokalariak ziren gehienak, eta, gero, Girona, Sabadell eta Gimnasticekoak deitu zituzten. Kataluniako selekzioaren zale gehienak talde horietakoak dira, eta erabaki ona iruditu zitzaidan.

30 urte betetzear zara. Jada beteranoa

Bai, eskarmentua duen jokalaria izan ondoren beterano bihurtuko naiz, eta gero zaharra naizela esango duzue zuzenean [barrez]. Kontratu baten bila zabiltzanean adinak badu garrantzia, Espainiako Ligan batik bat, baina fisikoki inoiz baino hobeto nagoela uste dut, eta ez dut uste 24-25 urte nituenean baino jokalari txarragoa naizenik. 2013ko ekainera arteko kontratua daukat Osasunarekin, eta urte gehiagotan hemen jarraitzeko prest nengoke, oso gustura bainago Osasunan.

Zorte on Valentziaren aurka, beharko duzue eta.

Bai, jokalari dotoreak ditu: Soldado, Aduriz, Pablo, Feghouli, Jonas... Partida gogorra izango da. Gainera, Realaren aurka galdu eta gero ez dute nahi izango berriz kale egiterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.