Alavesen lehen denboraldia du Jonny Ottok (Vigo, Galizia, 1994). Gezurra dirudi, guztiz finkatuta baitago hamaikakoan. Berehala egokitu da Arabako taldera, eta hasieratik funtsezkoa izan da Eduardo Coudet entrenatzailearentzat. Azken partida ezin izan zuen jokatu, zigortuta baitzegoen; beste lehia guztietan titular gisa jardun du. «Ezin dut askoz gehiago eskatu; bete-betean asmatu nuen Alavesera etorrita».
Puntu bakarra lortu zenuten Sevillaren zelaian, 16. minutuaz geroztik jokalari bat gehiagorekin jokatu arren. Zer falta izan zitzaizuen garaipena lortzeko?
Sinestea eta aurrerantz egitea. Etxetik kanpo puntu bat lortzea ez dago gaizki, baina kasu honetan hiru ere izan zitezkeen, eta sentsazio mikatza geratu zaigu. Amaieran estutu egin genuen, baina ez da erraza zuloak aurkitzea hamar jokalari arean sartuta daudenean.
Betisi eta Espanyoli jarraian irabazteak arnasa apur bat eman zizuen, baina azken bi partidetan puntu garrantzitsuak galdu dituzue. Gorabehera gehiegi dituzue?
Ez dut uste gorabehera kontua denik, parekotasun kontua baizik. Talde asko berdintsu gabiltza sailkapenaren beheko aldean, eta lehiak oso xehetasun txikiengatik erabakitzen dira, batzuetan gure alde, eta beste batzuetan gure aurka. Pena izan zen Getaferen aurka galdu izana, partida hartan urrats garrantzitsua egin genezakeen eta. Taldea ondo dago animoz eta joko aldetik, baina gehiago asmatu behar dugu bi areetan.
Esan duzun bezala, talde ugari zabiltzate mailaz ez jaisteko lehian, eta partida bat irabazi edo galtzeak asko aldatzen ditu gauzak. Horrek estresa dakar jokalarientzat?
Guri, behintzat, ez, eta hobe horrela, estresa kaltegarria izaten baita jokalarientzat zein zaleentzat. Giroa gaiztotu egiten da taldearen inguruan. Azken bi sailkatuak [Levantek eta Oviedok] apur bat atzean geratu dira, baina gu ez gaude larri, eta ez dugu zertan estresik eduki. Gure esku dago egoera aurrera ateratzea, eta nahikoa konfiantza dugu geure buruarengan.
Nola laburtuko zenuke Alavesek orain arte osatu duen denboraldia?
Orain arte, tamalez, denboraldi arrunt samarra egin dugu. Gorago egon nahiko genuke sailkapenean. Baina, era berean, ondo aritu gara joko aldetik. Irudi ona eman dugu partida gehienetan, azkenera arte lehiakor arituta. Oraindik aukera dugu gauza asko lortzeko, eta, hasteko, astelehenean Gironari irabazi nahi diogu.
Modu mingarrian esan zenioten agur Espainiako Kopari. Finalerdiak bertan zenituzten, baina Realak kanporatu egin zintuzten azkenean. Oso kolpe gogorra izan zen?
Bai, batez ere aintzat hartzen bada etxean jokatu genuela, eta 2-1 aurretik ginela aldeko penaltia huts egin genuela. Baina ezin gaitezke hor katigatuta geratu. Futbolak halako gorabeherak dauzka, eta, noski, sekulako ilusioa izango genukeen finalerdietan sartu izan bagina. Baina bideaz gozatu genuen, eta, orain, arreta osoa ligan ipini behar dugu.
«Taldea ondo dago animoz eta joko aldetik, baina gehiago asmatu behar dugu bi areetan»
Sevillaren aurka zigortuta izan zinen. Akaso, eskertu eta dena egingo zenuen aste batez atseden hartzea, orain arte minutu gehien jokatu duen zelaiko jokalaria baitzara Alavesen.
Ez, inondik inora ez: zelaian egotea gustatuko zitzaidan. Baina gauzak hala gertatu ziren, eta, halabeharrez, atseden hartu behar izan nuen. Orain arte entrenatzailearen konfiantza eduki dut, eta oso pozik nago. Beti indar betean egoteko egiten dut lan.
Itxura batean, oso erraza egin zaizu Alavesen tokia egin eta klubaren funtzionamendura egokitzea. Hala izan da?
Pozarren nago. Lehenik eta behin, hiria oso lasaia da, eta nik eta nire familiak nahi dugun guztia eskaintzen digu. Hori horrela, errazagoa da klub berri batera egokitzea. Gainera, asko lagundu dit partida asko jokatzeko aukera edukitzeak. Ezin dut askoz gehiago eskatu; bete-betean asmatu nuen Alavesera etorrita.
Grezian bi urte egin ondoren iritsi zinen Alavesera. Garbi zenuen oraindik ere lehiakorra izan zintezkeela punta-puntako liga batean?
Greziako ligak maila apalagoa du, argi eta garbi, baina bertako talderik indartsuenetako batera joan nintzen [PAOK Tesalonikara], eta ondo aritu ginen Europako txapelketetan. Nik neure burua prest ikusten nuen goi mailan lehiatzen jarraitzeko, bai fisikoki eta bai mentalki.
«Nik eta nire familiak nahi dugun guztia eskaintzen digu Gasteizek. Horrela, errazagoa da egokitzea»
Zergatik aukeratu zenuen Alaves?
Alavesek lehenagotik zeukan interesa nigan. Iazko udan iritsi nintzen Gasteizera, baina aurreko bi merkatuetan ere Alavesen deia jaso nuen. Azkenean, konbentzitu egin ninduten Sergiok [Fernandez, kirol zuzendaria] eta Coudetek. Niretzat, oso deigarria zen hark futbola ulertzeko duen modua.
Goi mailako txapelketetan ibilbide luzea osatu duzu jada: sei urtez aritu zinen Celtan, eta beste sei urte egin zenituen Premier Leagueko Wolverhamptonen. Eskarmentu handiko jokalaria izanik, lidertzat zauzkate orain Alavesen?
Ez dakit. Oso lasaia naiz zelaitik kanpo, baina jokatzen ari naizenean, hitz egiteko eta aginduak emateko joera daukat. Jokoan oso sartuta izaten naiz, partiden erritmoari eutsi ahal izateko. Gazteek, batzuetan, horretarako arazoak izaten dituzte, eta ahalik eta gehien laguntzen diet.
Zer helburu bete nahiko zenuke Alavesen?
Lehen helburua mailari ahalik eta lasterren eustea da. Eta argi eta garbi, Europara itzultzea gustatuko litzaidake. Denboraldi honetan bada, are hobe. Egia da oraintxe Europako postuak aparte samar ditugula, baina puntu aldetik, ez gaude horren urrun. Oinak lurrean izanda, gora begiratzea gustatzen zait beti.