«Lur jota». Halaxe dago Aitor Albizu Anaitasunako jokalaria (Lizarra, Nafarroa, 2001). Taldea bigarren mailara jaitsi zen igandean, eta datorren denboraldian ez da Nafarroako talderik egongo Asobal ligan. Duela 30 urte gertatu zen hori azken aldiz. Albizuk honela laburbildu du zer sentitzen duen. «Zaleei, etxekoei eta lagunei huts egin diegula sentitzen dugu. Nire kirol ibilbideko gertakaririk gogorrena da». Dena den, argi du aurrera egin behar dutela «Klubak eutsi egin behar dio harrobiaren alde egin duen apustuari, eta kategoria berrira egokitu».
30 urteren ondoren, datorren denboraldian ez da Nafarroako talderik arituko Asobal ligan...
Hala da. Gertatutakoa kolpe handia da Nafarroako eskubaloiarentzat. Ni Lizarrakoa naiz, eta Itxakoren desagertzea gertu-gertutik ezagutu izan nuen. Hura ere oso gogorra izan zen, eta orain pena da gizonezkoen talderik ez egotea gorenean. Baina aurrera begiratu beharko dugu, eta datorrenari heldu. Ez dago besterik.
Hiru egun igaro dira igandean kolpea jaso zenuenetik? Nola zaudete?
Minduta eta gaizki gaude. Nik, behintzat, apenas egin dut lo egun hauetan. Ez dut sekula ahaztuko gure aurkari zuzen guztiek irabazi egin zutela esan ziguten unea. Ez nuen espero, nahiz eta azken jardunaldietan ezusteak izaten diren, eta zaila da aurreikuspen bat egitea. Banekien ez jaisteko kanporaketa jokatzeko aukera asko genituela, baina ez nuen uste jaitsi egingo ginenik. Lan handia egin dugu denboraldi osoan, bete-betean aritu gara, eta horrela amaitzea oso gogorra da. Astelehenean denboraldi amaierako afaria egin genuen, eta oso arraroa izan zen. Halako afariak alaiak eta politak izaten dira, eta taldea uzten duten jokalariak agurtzeko ere baliatzen dira. Baina oraingoan oso tristea izan zen.
Zer pentsatu zenuen partida amaitu zenean?
Zaleak, lagunak eta etxekoak izan nituen gogoan. Haiengandik jaso dugun babesa ikaragarria izan da denboraldi osoan. Igandean ikaragarrizko harrera egin ziguten partida aurretik, eta hasi eta buka animatu gintuzten. Ez nuke jakingo nola eskertu. Igandeko partida amaitu ostean huts egin geniela sentitu nuen. Oso argi daukat: nire kirol ibilbideko gertakaririk gogorrena izan da. Kirolari bakar bati ere ez diot desio mailaz jaistea.
Zergatik jaitsi zarete bigarren mailara?
Golak sartzea asko kostatu zaigu, eta hori ordaindu egiten da. Gainera, ez dugu zorterik izan. Zazpi partida galdu ditugu gol baten aldeaz, eta beste bi partida azken jokaldian berdindu dizkigute. Horietako bat irabazi bagenu, beste denboraldi batez Asobalen jarraituko genuen. Gainera, partida batzuetan epaileen erabakiak ere ez ditugu alde izan. Kasu batzuetan argi geratu da huts egin zutela hartutako erabakietan
Asobalen jarraitzea merezi zenutela uste duzu?
Esan bezala, taldea gogotik saiatu da. Alde horretatik, ez dago ezer leporatzerik. Dena eman dugu entrenamendu eta partida guztietan. Defentsan bikain aritu gara, baita tekniko-taktiko arloan ere. Gure gainetik geratu diren hainbat taldek baino askoz hobeto jokatu dugu. Ez genuen merezi bigarren mailara jaistea. Kontuan izan azken-aurreko jardunaldian egon ginela lehen aldiz jaisteko postuetan. Sekula baino lehia biziagoa egon da, eta amorru handia dugu.
Denboraldi hasieran sumatzen zenuen sufritu egingo zenutela?
Egia esan, ez. Aurreko denboraldia ondo amaitu genuen, eta uste dut nahiko talde txukuna genuela, Asobalen segitzeko modukoa. Askotan, ordea, horrek ezer gutxirako balio du. Benidorm ere jaitsi egin da, eta nik uste talde oso ona zuela. Villa Aranda, berriz, itxuraz talde txarragoa zuen, eta sekulako denboraldia egin du. Kirolean gertatzen dira halako gauzak.
«Denboraldi hasieran ez nuen uste jaitsi egingo ginenik; talde txukuna genuen, Asobalen segitzeko modukoa»
Eta klubak zein norabide hartu behar du hemendik aurrera?
Anaitasunaren oinarria harrobia da. Hala izan da azken denboraldietan, eta uste dut bide beretik jarraitu behar duela. Apustu hori indartzeko baliatu behar du egoera, etxekoak izango baitira hau aurrera aterako dutenak. Jokalari batzuk joan egingo diren arren, talde ona daukagu. Etorriko den entrenatzailea ere [Quique Moyano Cangaseko entrenatzailea] ona da, eta uste dut helburua ondorengoa izan behar duela: Asobalera ahalik eta azkarren bueltatzea.
Uste duzu erraz lortuko duzuela?
Garrantzitsuena kategoriara ahalik eta azkarren egokitzea izango da, oso gogorra baita. Ezusteko asko izaten dira. Futboleko Bigarren Mailan gertatzen den moduan, edozeinek edozeini irabaz diezaioke. Erritmoari eta lehiari erreparatuta, antz handia du Asobal ligarekin.
Klubak diru sarrera gutxiago izango ditu. Egoera ekonomikoaz zerbait esan dizuete?
Ez da guri dagokigun zerbait, eta ezin dugu ezer egin. Gustatuko litzaigukeena zera da: babesle gehiago lortzea, eta orain arte zeudenek Anaitasunaren alde apustu egiten jarraitzea. Oraintxe bertan denen laguntza eta babesa behar dugu. Berriro gorenera bueltatzeko denen laguntza beharko dugu. Jokalari gehienak hemengoak izateak enpresak apustu hori egitera bultzatu behar ditu. Anaitasuna kirol klub bat baino gehiago da; jendeak garbi izan behar du hori.
Zuk jarraituko al duzu taldean?
Oso egun gutxi igaro dira jaitsi ginenetik, eta datozen asteetan argituko dira halako kontuak.
Imanol alvarez, beste urtebetez bera beran
Imanol Alvarezek beste denboraldi baterako berritu du kontratua Bera Berarekin. Hala, bederatzigarren urtez entrenatuko du Donostiako taldea. Haren esanetara, Bera Berak hamasei titulu irabazi ditu: Espainiako sei liga, bost kopa eta bost superkopa. Azken bi denboraldietan, hiru titulu horiek eskuratu ditu. Alvarez «oso pozik» dago berritzeagatik. «Nire lana egiteko klubik aproposenean nago», esan zuen atzo. Tati Garmendia kirol zuzendariak, berriz, azaldu zuen bi urterako berritzea eskaini ziotela, baina hark nahiago izan duela urtebeterako berritu. «Badakigu urte asko daramatzala, eta horrek asko nekatzen duela. Argi dugu: entrenatzailerik aproposena dugu. Berak nahi duen arte geratuko da».