EIBAR 1. SEVILLA 3

Ez hasi eskela idazten

Laugarren partida jarraian galdu du Eibarrek Sevillaren aurka, nahiz eta jokoan ez den izan aurkaria baino gutxiago.Taldeak erakutsi du bizirik dela oraindik

Lillo eta Borja Fernandez, burumakur, Sevillaren aurkako norgehiagoka amaitu berritan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak. 0-1: Baccak (6. min.). 0-2: Baccak (15. min.). 1-2: Piovaccarik (50. min.). 1-3: Reyesek (63. min.). Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Eibarreko Gaizka Garitanori, Lillori, Patxi Ferreirari eta Piovaccariri; eta Sevillako Iborrari eta Aleix Vidali. Bestelakoak. 5.517 ikusle Ipurua futbol zelaian.

Lau puntu baino ez ditu atera Eibarrek bigarren itzulian. Partida bakarra irabazi du aldi horretan, eta bakarra berdindu. Horra lau puntuak. Atzo, laugarren partida jarraian galdu zuen, oraingoan Sevillaren aurka eta Ipuruan. Lau partida baino ez dira geratzen Liga amaitzeko, eta amildegian behera doa taldea. Hori dena egia gordina da, baina Eibar bizirik dago. Ez da hil, eta horixe erakutsi zuen atzoko partidan.

Seigarren minuturako halako talde handi baten aurka galduz joan, orduak laurdena betetzerako bigarren gola jaso, eta gainean duen zama handia sekulako astuna izanda ere, erantzun duina eman zuen Gaizka Garitanok entrenatutako taldeak. Ez zen ezkutatu. Ez zuen etsi. Ez zen erori. Lanean segitu zuen. Sekulako balioa dauka barruko indar horrek, eta mailari eusteko lehia itogarrian helduleku onena horixe bera izan daiteke.

Sevilla Liga honetako oilarretako bat da. Europa Ligako egungo txapelduna, eta orain ere finalerdietan dena. Gutxirekin asko egin dezake Unai Emeryren taldeak. Edozein birrintzeko gai da. Alde horretatik begiratuta, egundoko aldea dago bi taldeen artean.

Bada, hala ere, Eibar ez zen Sevilla baino gutxiago izan. Ezta gutxiago ere. Kanpotarrek sekulako joa erakutsi zuten. Lehen zatian bi aldiz ibili ziren Xabi Iruretaren arean bueltan, eta bietan gola sartu zuten. Eibar kamuts, eskas eta bigun aritu zen bi jokaldi horietan, eta Baccak azeri gosetia dela erakutsi zuen.

Lehiak galdua zirudien, Ipurua etsipenean ere sartu zen, normala den bezala. Baina bere taldea bizirik dago. Garesti ordaindu behar du balizko jaitsiera, jaisten bada betiere. Lehen zatian halako bi kolpe latz jaso arren, gai izan zen bere neurrian erabiltzeko. Erdiraketetan egin zuen arrisku apur bat, eta bigarren baloia bereganatzen zuenean, gai izan zen Sevilla atzean sartzeko ere. Hori guztia baina ez zen aukeretan gauzatu. Baloia hegal batetik bestera gehiagotan eta azkarrago eramatea falta izan zitzaion etxeko taldeari. Emaitzaren aldetik erabakita zirudien partidak, baina jokoan Eibarrek bazuen zer esana.

Gola eta joko ona

Bigarren zatia hasi orduko piztu zen sua Ipuruan. Geldikako jokaldi baten segidan, Piovaccarik gola sartu zuen 50. minutuan. Zelaia zabaltzea erabaki zuen Garitanok orduan, Capa barrura botaz eta Boveda zabal-zabal jarriz. Baloiaren jabe egin zen erabat Eibar. Sevilla gero eta atzerago zegoen. Aukera garbiak ez zituen sortu, baina gertu izan zuen berdinketa. Sevillak hirugarren gola sartu arren 63. minutuan —Reyesek sartu zuen—, Eibar ez zen erori, eta tente bukatu zuen partida. Talde hau bota egin beharko dute, ez baita joango.

Epaileak —lan kaskarra egin zuen Prieto Iglesiasek— bukaera adierazi zuenean, zaleek txaloka agurtu zuten taldea aldageletarako bidean. Bizirik dela erakutsi zielako Ipuruako zaleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak