Arene Altonagak (Sondika, Bizkaia, 1993), Eibarreko kapitain eta ikurrak, futbola uztea erabaki du. 2009an egin zuen debuta gorenean Athleticekin, eta hamazazpi denboraldiko ibilbidea osatu du. Oiartzunen, Zaragozan eta Eibarren ere jokatu du, batzuetan Lehen Mailan, beste batzuetan Bigarrenean. «Gustura» dago egin duen ibilbidearekin, nahiz eta Athleticetik atera zenean ez zuen espero goi mailan jarraitzea. Eibarrek utzi dio arrastorik handiena. Azken zortzi denboraldiak egin ditu bertan. Orain irakaskuntzan egin nahi du lan.
Zer moduzkoa izan zen azken partida Ipuruan?
Azken astean urduri nengoen, nahiko gorabeheratsua izan baitzen. Orkatila bihurritu nuen, eta pare bat astez geldirik egon nintzen. Levanteren aurka jokatu nuen ustez ondo nengoelako, baina horren ondotik, berriz ere minduta neukan orkatila. Zalantza nuen ea azken partidara jokatzeko moduan iritsiko ote nintzen. Futbola uztea pentsatzen duzunean, beti nahi duzu jokatzen ari zarela uztea, eta ondo sentituta. Azkenean, jokatu ahal izan nuen, eta gustura aritu nintzen zelaian. Berezia izan zen agurra: familia, kuadrilla... 45 bat pertsona etorri ziren.
Azkenean, erretiroa hartzea erabaki duzu. Zergatik?
Oraintxe bertan ez nuen jarraitzeko motibaziorik. Ez nekien zer helbururekin egingo nion aurre hurrengo denboraldiari. Alaba izan genuenetik, nekatuago nago. Orain ez dut ondo lo egiten, ez dut ondo deskantsatzen, eta horrela nekeza da entrenatzera joatea. Ez duzu berdin disfrutatzen; nolabait esateko, sufritu egiten duzu. «Merezi al du horrela jarraitzea», galdetu izan diot neure buruari. 25 urterekin, beharbada, Lehen Mailan egotea da zure ametsa. Baina orain desberdina da. Azken denboraldietan asko disfrutatu dut, batez ere aurreko sasoian. Denboraldi hau gogorragoa izan da. Nekatuta zaudenean uzteko erabakia hartzea errazagoa da, eta uste dut garai ona dela.
Amatasuna aipatu duzunez, futbolariek baduzue erditu ondoren baimena hartzeko modurik?
Haurdun bazaude, normalena da baimena hartzea. Gorputzak denbora behar du bere onera bueltatzeko. Haurdun egon ez den ama bazara, ordea, askoz ere zailagoa da. Adibidez, nire kasuan Izaro [haren alaba] azaroaren 3an jaio zen. Orduan baimena hartuz gero, sei aste edukiko nituen, eta, bueltatu ostean, bi aste geratuko ziren Gabonetako etenerako. Nik 10 egun eskatu nituen, baina, azkenean, astebetera jokatzen ari nintzen, eta entrenatu gabe. Zaila da ez dagoelako ezer idatzita, ez dago ezer arauturik. Edozein lanetan arautua duzu baimena nolakoa izango den, baina futbolean, ez.
Egindako ibilbideari erreparatuz gero, asebeteta geratu zara?
Gustura nago egin dudan ibilbidearekin. Athletic utzi nuenean, ez nuen espero goi mailan jarraitzea. Garai hartan, zaila zen beste talde bat topatzea. Orain, aukera gehiago dago mugitzeko, bai hemen, bai hemendik kanpo. Uste dut burugogorra izan naizela, eta zenbait taldetan egon naizela gorenean jokatu nahi nuelako, nahiz eta batzuetan soldata gabe izan den edo baldintza txarretan. Borroka egin dut gaur egun dudana edukitzeko.
«Futbolean, haurdun egon ez den ama bazara, zaila da gero amatasun baimena hartzea, ez baitago horren inguruan ezer arauturik»
Athleticen, Oiartzunen, Zaragozan eta Eibarren jokatu duzu. Zer oroitzapen dituzu?
Athleticekin 17 urterekin egin nuen debuta, eta handik urtebetera lotailu gurutzatua hautsi nuen. Gerora aukera gutxiago izan nituen, eta gehiago kostatu zitzaidan. Ondoren, Oiartzunen eta Zaragozan zorte txarra izan nuen. Izan ere, bietan maila galdu genuen. Segidan izan ziren bi jaitsierak, gainera. Orduan erabaki nuen Eibarrekin fitxatzea. Bigarren Mailan izan arren, etxera bueltatu nahi nuen. Proiektua polita zen, eta disfrutatu egin nahi nuen.
Eibarrekin, bi aldiz igo eta behin jaitsi da taldea. Zer duzu gogoan garai horietaz?
Lehenengo igoera justu COVID garaian izan zen, eta ez genuen ez asko disfrutatu, ez ospatu ere. Bigarrenez igoera lortu genuenean, ordea, gozamena izan zen. Granadan jokatu genuen azken partida, eta, ondoren, autobusean bueltatu ginen. Eibarren ospatu genuen igoera. Emozio askoko eta ilusio handiko egunak izan ziren. Jaitsiera batetik gentozen, eta pentsatzen duzu gauzak zenbat aldatzen diren egoera batetik bestera.
Eibarrek laugarren sasoia egin du gorenean. Baina denboraldiro goitik behera aldatzen du taldea. Horrela izanda, zaila da segida izatea?
Aurreko sasoian eta sasoi honetan taldea asko aldatu da. Geroz eta jokalari gehiagok uzten dute taldea, eta horrela zaila da Eibar bezalako talde batek egonkortasuna lortzea. Helburua egonkortzea da, baina zaila da. Eibar hiri txikia da, gizonezkoen taldea ez dago gorengo mailan, eta horrek guri behintzat sostengu handia ematen digu. Errealitatea hori da.
Zertan aldatu da futbola zu hasi zinenetik?
Guztiz aldatu da, batez ere bizimoduari dagokionez. Nik azken urteetan izan dudan bizimoduak ez du lehen nuenaren antzik. Orain, futbolari sentitu gaitezke. Nahiz eta soldatak ez izan oso handiak, bizitzeko ematen du, eta pribilegiatua sentitzen zara lehengoari erreparatuz gero. Esaterako, denboraldi honetan alaba haurtzaindegian utzi, entrenatzera joan, etxera etorri, bazkaldu, eta alaba jasotzen nuen. Arratsaldean, harekin egoteko tartea nuen. Aukera hori izatea sekulakoa da, lehen ezinezkoa baitzen. Kontrara, telebista sartu denetik, partiden ordutegiak oso aldakorrak dira, eta gaueko zortzietan jokatuz gero Sevillan, bueltako bidaia gogorra egiten da. Askotan, klubek ez dute dirurik bertan egun bat gehiago geratzeko, eta gauez autobusean itzuli behar duzu. Horretan asko dago hobetzeko, baina aurrerapausoak eman dira.
Futbolean arrastoa utzi dizun entrenatzaile bat aukeratu beharko bazenu, zein izango zen?
Yerai Martin. Harekin lortu genuen Lehen Mailara igotzea, eta hurrengo denboraldiak oso onak izan ziren. Egunerokoari eta hark zeukan lan egiteko moduari esker, disfrutatzen lagundu zigun. Nortasuna zuen talde bat zen Eibar. Gainera, niri jokatzeko ilusioa berreskuratzen lagundu zidan Yeraik. Oso garai politak izan genituen. Egunerokoan murgilduta zaudenean, eta irabazten duzunean, dena emozio handiz hartzen duzu, eta, orain atzera begira jarrita, oso urte politak izan ziren
Eta jokalari bat?
Kundananji esango nuke. Hona etorri zenean ez zen ondo hasi, baina hilabete gutxian asko hobetu zuen, eta jokalari erabakigarria izan zen. Fisikoki azkarra zen, indartsua. Korrika hasten zenean, ezin genuen harrapatu, eta, haren kontra gorputzez joz gero, berriz, airean ateratzen zinen. Horrelako jokalarien aurka oso gutxitan jokatu dut.
Arantzarik geratu zaizu?
San Mames berrian jokatzea. Guk Ipuruan jokatu dugu, baina beste euskal taldeen aurka jokatu dugunean, ez dugu haien estadioan jokatu, kirol hirian baizik. Badakigu horrelako estadio bat irekitzen duzunean jendea etortzea nahi duzula, eta, beharbada, guk ez dugu hainbeste jende erakartzen. Baina euskal taldeei eta derbiei indarra emateko, ondo egongo zen guk ere aukera hori izatea.