Euskal Herriko Itzulia: Eguneko elkarrizketa. Ramon Mendiburu. Txirrindulari, zuzendari eta UCIko ordezkari ohia

«Ez naiz amaiera gogor-gogor horien oso laguna»

Erretiroa hartu eta lanik gehienak eginak dituenaren patxadarekin hitz egiten du Ramon Mendiburu donostiarrak. Gertutik begiratzen ari zaio etxeko lasterketari, baina gustura dago fokuetatik urrun.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2016ko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herrian nekez aurki daiteke txirrindularitzari buruz gehiago dakien inor. Bi pedalei eragiten hasi, eta UCIko zuzendaritzako kide gisa amaitu zuen ibilbidea Ramon Mendiburuk (Donostia, 1940), eta, tartean, besteak beste, zuzendari gisa eta Vueltako antolatzaile taldean ere aritu zen lanean. Erretiroa hartuta, «lasai ederrean» bizi dela aitortu du. «Txirrindularitza ez da hilko», bota du, serio-serio.

Zorionak, lehenik eta behin.Martxoaren 12an bete zenituen 76 urte, ezta?

Hala da, bai. 76. Ondo joan zen eguna.

Itxura ederra daukazu!

Prozesioa barrutik joaten da, badakizu. Baina ez naiz kexatzen. Beti izaten dut egiteko zer edo zer, eta, tira.

Txirrindulari ohia, zuzendari ohia, UCIko kide ohia... Ez da erraza ondo aurkeztea.

Txirrindularitza munduan dena ez bada, gehiena eginda nago.17 urterekin hasi nintzen lehiatzen, eta 30 urtera arte iraun nuen profesionaletan; Espainiako hautatzaile kargua eskaini, eta hartu egin nuen gero, sufritzea baino besteak sufritzen ikustea hobe nuela pentsatuta; tartean, Vueltako antolatzaile taldean ere sartu nintzen, krisi garaian; Unipublicen antolatzaile buru ere bai; KAS eta Fagorreko manager; Kirol Taldeen Nazioarteko Elkartearen sortzaile; Lasterketen Nazioarteko Elkarteko kide; UCIko zuzendaritzako kide... Ez naiz aspertu.

Pentsatzekoa da orain ere txirrindularitzari gertutik begiratuko diozula, ezta?

Bai, bai. Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa eta inguruko probak bertatik bertara ikusten ditut, eta gainerakoak, telebistaz. Gustatzen zait ezagutzen ditudan txoko horiei begira egotea eta orduko oroitzapenak gogora ekartzea.

Txirrindularitza munduko zalaparta horren falta sumatzen duzu?

Ez, ez. Erretiroa hartu nuenean, buelta bat eman nion buruari, eta lagunekin golfean jokatzen hasi nintzen. Basozabaleko lagunekin hasi nintzen, eta bizia ematen dit. Golfaren aitzakian, lagunekin bazkari mokadua egin eta, musean jokatu eta... Erraz joaten da eguna. Askotan pentsatzen dut: «Zer egin behar dut gaur? Ezer ez!». Gaizki dago esatea, baina gozamen hutsa da hori!

Zer falta zaizu egiteko?

Txirrindularitzan, ezer gutxi. Eta, gainerakoan, bizitzea. Izan ditut nire arazoak osasun kontuetan, baina ahaztu ditugu, eta eskerrak. Emaztearekin eta bilobekin egon eta... Lasai bizi naiz.

Gaur egun, nola dago txirrindularitza? Eta gustatzen al zaizu hartu duen bidea?

Hartu duen bidea... Kalera irten, eta oso giro ona dauka txirrindularitzak. Tristea da, krisia edo dena delakoa tarteko, hainbat talde desagertu eta balio zuen jendea bidean geratu izana. Afizionatu mailan ere talde gutxi daude, eta gazteek ez daukate bide errazik. Baina meritu handia dauka gazte horiekin lanean ari den jendeak; belodromora joaten direnak, jubenilekin ibiltzen direnak... Horiek dauden bitartean, biziko da txirrindularitza. Garai txarrak izaten dira, erdipurdikoak ere bai, eta onak ere bai. Krisi handia igaro berri dugu, baina, poliki-poliki, egingo dugu gora. Dirurik gabe zaila da aurrera egitea, baina...

World Tour egitura handi bat sortu zuen txirrindularitzak, eta, bitartean, desagertzen ari dira lasterketa asko.

Bai... Nolabait esateko, eliteko gainerako kirolei lehia egiteko sortu zen World Tourra, Olinpiar Jokoak eta futbola alde batera utzita. Hiru itzuli handietan, klasikoetan eta gainerakoetan ahalik eta telebista kate gehien egotea zen helburua, oihartzuna lortzea, ahalik eta herrialde gehienetan ikuskizun hori zabaltzea. Babesleak erakartzea da oinarria, eta badaude. Duela zortzi-hamar urte, nork pentsatuko zuen gaur egun 25 milioi euroren aurrekontua duten taldeak egongo zirenik? Bost bat badaude. Txirrindularitza mundu osora zabaldu nahi zuten: Australia, Qatar... Arlo horretan, pausoa ona izan zen, nire ustez, baina zuloa daukagu beste aldean: Kontinental mailako taldeak, Muriasen gisako egiturak, lasterketa asko eta asko... Zer egin daiteke, ordea? Ez da erraza, dirua behar delako, dirua babesleek ekartzen dutelako, eta babesleek oihartzuna behar dutelako.

Lasterketa asko desagertzen ari dira, baina UCIk berak diruz lagundu zien Kataluniako Voltari, Plouayko Sariari eta Erromandiako Itzuliari. Batzuei laguntzeko borondatea badago...

Ni UCIn egon nintzen garaian, argia zen erabakiak hartzeko modua: Kirol Taldeen Elkarteko bi kide, lasterketen antolatzaileen taldeko beste bi, txirrindularien ordezkariak ere bi... Denak elkartu, eta bilera egiten zen zer eta nola egin zitekeen erabakitzeko. UCIk mundializazioa jarri zuen mahai gainean, eta denen artean hartzen zituzten erabakiak.

Krisi hotsak ere izan ziren tartean, hala ere, UCI eta itzuli handiak mutur banatan zeudelako.

Bai... Baina funts handiegirik gabeko mehatxua zen hura. Beste liga bat sortuko zutela esan zuten batzuek, baina antolatzailerik gabe jai zeukaten. Tourra ezin zuten eurek antolatu, eurena ez zelako. Pro Tourrarekin sortu zen benetako arazoa, antolatzaile batzuek kontra egin zutelako. Egitura berriarekin Henri Verbrugghenek [UCIko presidentea] dirua irabazi nahi zuela salatu zuten orduan, eta eurek antola zezaketela antzeko egitura bat. Sei federazio hasi ziren saltsan, UCIren aurka, eta Frantziako Federazioa zigortu genuen tartean. Gogorrak izan ziren hiruzpalau urte. Baretu zen egoera, baina, orain, berriz ere, gaiztotzen ari da giroa.

Gustatzen zaizu lasterketa askok amaiera gogor-gogorrak jartzeko hartu duten bidea? Euskal Herriko Itzulia bera, tartean.

Ez naiz amaiera gogor-gogor horien oso laguna. Telebistarako eta jendea begira egoteko, latza da, oso ikusgarria. Baina lehen hamar-hamabi txirrindulariak agertzen dira telebistan. Aldapa horiek triskantza handia eragiten dute atzealdean. Arrisku handiko erabakiak dira. Iaz Donostiako Klasikoan gertatu zena... Ez zen izan txirrindulariaren errua, baina motoak ere tartean ibiltzen dira, eta erreferentziak eman behar izaten dira, eta...

Besteak beste, Angliruko igoera sartu zenuten zuek Vueltan...

Lehen aldiz Anglirura joan ginenean, ahal zen igoerarik gogorrena sartzearen aldekoa zen Enrique Franco zena [Vueltako zuzendaria]. Telebistaren eta publizistaren ikuspegia zeukan hark. Joan nintzen igoera ikustera, eta berehala jabetu nintzen errepidea zabaldu beharra zegoela mendate hura igo nahi bagenuen. Ikaragarrizko lanak egin zituzten, baina, hala ere, komeriak izaten genituen autoen enbrageekin. Vicente Belda Kelmeko zuzendaria han gelditu zen Jan Ullrichek Vuelta irabazi zuen urtean, 1999an. Ikusgarritasuna eta arriskua ondoan daude beti.

Posible da UCIren, antolatzaileen eta taldeen arteko erabateko sintonia?

Talde guztiak ez daude elkarrekin, nahiz eta, bat egingo balute, oso zaila den eurek baino indar handiagoa lortzea. Babesleagatik, batengatik edo besteagatik, baina inoiz ez dute bat egiten. Eta txirrindulariekin ere antzeko zerbait gertatzen da.

Babesleek eta telebistak gehiegizko boterea al daukate txirrindularitzan?

Talde batzuek esaten dute Tourrak, adibidez, diru asko irabazten duela telebistarekin, eta taldeen artean banatu beharko lukeela kopuru hori. Baina nola, ba? Tourra gauza bat da, baina Paris-Niza, klasikoak... Defizitarioak dira lasterketa horiek guztiak, eta Tourreko diruarekin estali behar izaten dira. Espainiako Vueltari gauza berbera gertatzen zitzaion Aragoiko Itzuliarekin, Setmana Catalanarekin...

Txirrindularitzak zergatik ez du lortzen inoiz dopinaren susmoa deuseztatzea? Noizbait lortuko al du erabat sinesgarri izatea?

Oso zaila da. Baina azken sei-zortzi urteetan asko aldatu dira gauzak. Asko garbitu da tropela, eta kontrolek bere hartan jarraitzen dute. Batzuek esaten dute ez dela egiten nahikoa kontrol, baina etorkizuneko arazoa dopin genetikoa bada, nola demontre iritsiko gara horraino? Horretan ari denak kontrolak iritsi arteko tartea baliatuko du iruzur egiteko. Dopinean mafia handia dago; klandestinitatean lan egiten duten laborategiak, batera eta bestera eramaten dituzten produktuak... Eta txirrindularia izaten da beti kaltetuena.

Festina auziarekin hasi eta Puerto auziraino, handiak gertatu izan dira tartean.

Bai... Baina Puerto auzian, esaterako, 200 odol poltsa baino gehiago zeuden ikerketan, eta 80 bat ziren txirrindularienak. Non daude gainerakoak?

Txirrindularitza pikutara joango ote zen beldurrik izan zenuten?

Ez.

Batzuen ustez, hobe izango zen dopinari atea alderik alde irekitzea.

Hori ez da posible. Hilotzak agertuko ziren bide bazterrean. Jendeak ez daki gelditzen. Itsutu egiten da, eta ezin da ireki ate hori. Baina orain arte txirrindularitza bakarrik zen gaiztoa, eta orain zenbat kirolari ari dira agertzen? Begira zenbat atleta errusiar harrapatu dituzten. Eta kenyarrak. Eta... Txirrindularitzan ere oraindik baten batek egiten ditu txotxolokeriak, baina garai batean baino askoz garbiago dago.

Irabazle-irabazlea ez zinen zure garaian, baina hamabi garaipen pilatu zenituen azkenerako.

Bueno, bueno... Hor ibiltzen nintzen, ahal nuen bezala. Itzulietan-eta besteei laguntzen ibiltzen nintzen, gehienean.

Bizikletatik jaitsi, autoan sartu, eta Sean Kellyri aginduak emanez hasi zinen berehala...

Hala da, bai. Milan-Sanremo, Paris-Roubaix, Flandriako Tourra, Paris-Niza, Euskal Herriko Itzulia... Lasterketa asko irabazi genituen. Espainiako Vueltatik ezagutzen nuen Kelly, eta ez zitzaion gauza askorik esan behar izaten. Ez zen komeni izaten gehiegi gerturatzea. Irribarreren bat edo beste gorabehera, erabat kontzentratuta egoten zen beti, eta lasterketan harrigarria izaten zen haren kalitatea. «Zerbait behar duzu?». «Ez». Eta segi aurrera. Enpresa bat aurrera eramatearen parekoa da talde bateko zuzendari izatea.

Bi astekoak izan beharko lukete Giroak, Tourrak eta Vueltak?

Espainiako Vuelta bi astekoa izan zedin nahi zuten, Giroa eta Tourra hirukoak mantenduta, eta ezetz esan genien guk. Vuelta bi astekoa? Ados. Bihurtu denak bi astekoak. Hortxe amaitu zen eztabaida. Gure garaian, bi itzuli handitan lehiatzen ginen denok, eta lasterketak baliatzen genituen sasoi puntu onean jartzeko. Orain, ordea, gutxi lehiatzen dira, eta asko entrenatu; altueran eta. Medikuak tartean, eta... Ez da samurra.

Zer moduz dago Euskal Herriko txirrindularitza?

Txirrindulari onak badaude, baina gazteek tokia eta laguntza behar izaten dute iristen direnean aurrera jarraitzeko. Hori falta zaigu, gazteek gorako bidean jarraitzeko aukera hori. Klub asko daude, belodromoan gazte asko ibiltzen da, baina Euskaltel-Euskadi desagertu egin zen, Murias jaioberria da oraindik... Min handia egin zuen Euskaltel desagertu izanak, nazioartean irudi ona lortu zuelako.

UCIn lan egindakoa izaki, legez ezinezkoa zen Murias Euskal Herriko Itzulian lehiatzea?

Egungo arauak kontuan hartuta, ezinezkoa da. «Lagun bat badaukat, eta honi emango diogu aukera, eta...». Ez, ez. Ezinezkoa da hori. Jende asko dago antzeko egoeran, eta ezin da ireki ate hori. Arautegia arautegia da, eta ezin da hasi honi baietz eta horri ezetz esaten.

UCIko arduradunek zein iritzi dute Euskal Herriko lasterketez?

Begi onez ikusten dituzte gure probak. Gertatu izan zait atzerrira bileraren batera joan, eta jendea telebistan Euskal Herriko Itzuliari begira egotea. Antolakuntza ona, zaleak... Iaz arte ez zen izan arazorik, eta horrela jarrai dezala. Bazter guztietan gertatzen dira ezustekoak.

Azken urteotako bilakaera aztertuta, etorkizun oparoa al dauka txirrindularitzak?

Txirrindularitza sekula ez da bukatuko. Pasatuko ditu garai onak, txarrak eta egungoak bezalakoak, erdipurdikoak. Baina aurrera egingo du, zaleen babes handia daukalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.