«Ez naiz gaizkilea»

Josu Zabalondok BERRIAri esana: gozo, absolbitua izan delako, baina gazi, dopin substantziak erosi izana ukatuz.

Josu Zabalondo, pentsakor, Estrobo auziko epaiketan, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Joan dira hamar egun Estrobo auziko epaia jakinarazi zenetik. Libre utzi zituen epaileak sei inputatuak; tartean, Josu Zabalondo, Urdaibaiko presidente ohia. Funtsean, epaiak dio ezin izan dela frogatu 2010ean talde horretan dopina erabili zutenik; aldiz, epaileak frogatutzat eman du dopin substantziak erosi egin zituela Bermeoko klubak. Zabalondorekin hitz egin du BERRIAk, eta epailearen erabakiak gazi eta gozo utzi duela aitortu du: «Pozik nago libre nagoelako, epaileak esan duelako leporatu zaizkigun akusazioak ez direla egia; baina ez nago batere ados guk dopin substantziak erosi genituela esaten duenean. Hori ez da egia».

Epaia emana dago, eta aldeek aukera dute helegiteak jartzeko. Zabalondok ez daki ezer horretaz —elkarrizketa ostegun eguerdian egina da—: «Ez dakit ezer helegiteez». Lasaitu ederra hartu du epaia jakin zuenetik, auzia bost urtez luzatu delako: «Hobeto nago orain, baina barruan daukat halako zerbait, eta ez dakit egunen batean lehertuko naizen edo ez. Ikusiko dugu».

Epaiaz haratago, baina, ez du ematen auziaren korapiloa emeki-emeki lurrean geratuko denik. Sokak luzea izateko itxura guztia dauka oraindik; besteak beste, epaiak ez dituelako uxatu Urdaibairen jardunaren inguruko zalantzak. Galdera bat dabil bueltaka arraun munduan: zertarako erosi zituen dopin substantziak Urdaibaik? Galdera hori egin zaio Zabalondori, eta behin eta berriz ukatu du epaileak frogatutzat eman duena: «Nik, behintzat, ez nituen erosi. Ez dut sekula dopin substantziarik erosi kluberako».

Hau izan da erantzun horren ondorengo galdera: «Entrenatzaileak [Jose Manuel Franciscok] gezurra esan zizuen klubekoei, eta ez da berak esaten duen bezain garbia?». Zabalondoren erantzuna: «Hori berari galdetu beharko diozu. Gezurra esan zigula eta paketeetan esan ez zigun zerbait zetorrela? Baliteke hala izatea, baina harrituko ninduke». Zalantzaren kontua ez du erabat argitu erantzun honekin: «Ni presidentea nintzen, eta badakit zer egin nuen eta zer ez. Klubeko beste batzuk, entrenatzailea kasurako, beste gauza batzuetan ibili baziren, nik ezin nuen dena kontrolatu. Ezinezkoa da presidente batentzat dena kontrolpean izatea».

Hipotesi horri heldu eta hortik tiraka, pentsa daiteke Franciscoren eta Zabalondoren arteko harremana itsustu egin dela urte hauetan, baina ezetz dio presidente ohiak: «Egia da ez garela propio ezertarako geratu eta harremana galdu egin dugula neurri handi batean. Baina ikusi izan dut estropadaren batean, eta elkar agurtu dugu». Epaiketak iraun zuen bost egunetan elkarren ondoan egon behar izan zuten: «Epaiketan gehiago hitz egin genuen elkarrekin, eta ondo, batere arazorik gabe».

Elkarrizketan behin eta berriz esan du berak ez zuela ezer okerrik egin, eta baieztapen batekin indartu nahi izan du ez dela gaizkilea: «Lanean aritu naizen lekuan arituta, eta klubeko presidentea izanik, oso erraza nuen, adibidez, dirua lapurtzea, baina ez dut inoiz halakorik egin. Eta dopinaren gaian ere garbi nago. Ez naiz gaizkilea».

Estrobo auzian, eragile nagusia Jose Luis Korta izan da. Hark hauspotu zituen Urdaibairen balizko jardun ilunak, 2010eko Kontxako Bandera galdu zuenean Bermeoko taldearen aurrean. Eta adierazpen haiei tiraka, Bilboko epaitegiak esku hartu zuen, ikerketaren bidez. Bost urte hauetan, Kortak izan duen aukera oro baliatu du Bermeoko klubaren balizko jarduera ilunaz hitz egiteko, eta jarrera hori ez zaio batere gustatu Zabalondori: «Ez dut pertsona moduan epaituko, hori garbi utzi nahi dut; haren jarreraz jardungo dut, eta lotsagarria izan da. Komunikabide batzuk dauzka atzean, eta haizea ematen diote. Liskarra sortzen ibili da urte hauetan guztietan, eta izan dira gertakari bortitz batzuk bi kluben zaleen artean; esate baterako, aurten, Galiziako estropada batean, borroka ere izan zen zaleen artean».

Babesik handiena, «kalean»

«Auzi honetan gezur asko esan dira, eta epaiketakoa lotsagarria izan zen. Lekuko batzuek gezurra esan zuten nabarmen eta nahita, eta hori ere jasan egin behar izan dugu», azaldu du Zabalondok. Baina bukatu da epaiketa, eta bost urteko aldi astuna ere bai Zabalondorentzat. Lagunak izan ditu gogoan: «Kalean aurkitu dut babesa; lagunek babestu naute, eta eskertzekoa da».

Arraun mundutik aparte dabil orain. «Baina joaten naiz estropada batzuk ikustera». Garbi du, hala ere, Urdaibaik laguntzeko eskatuz gero, baiezkoa emango lukeela: «Prest nago errifak saltzeko, eta beste edozertan laguntzeko ere bai. Ez daukat ezertxo ere ezkutatzeko, eta Urdaibaiko arduradunek laguntzeko eskatzen badidate, lagundu egingo diet, jakina baietz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.