Ez zuen arraunera itzultzeko asmorik Mikel Arostegik (Orio, Gipuzkoa, 1984), baina bueltatu da: Kaiku taldeko entrenatzailea izango da datorren denboraldian, KAE1 ligan. Eskarmentu handia du: sei urtez aritu zen San Pedron teknikari, ete arraun ere egiten zuen. Iaz, berriz, Orioko entrenatzailea izan zen. Harrabotsa sortu zuen klubak hura kanporatu eta Iker Zabala fitxatu izanak, Arostegik lan ona egin baitzuen. Orain, beste erronka bat du.
Kaikuko entrenatzailea izango zara datorren sasoian. Zer moduz zaude?
Gogotsu nago. Bidaiek beldurra-edo ematen didate, denbora asko pasatu beharko baitut joan-etorrietan, baina tira, gogoa, behintzat, badut.
Ehun kilometro daude Oriotik Sestaora. Kilometro dezente egin beharko dituzu...
Bai. Buruari buelta asko eman ondoren hartu dut erabakia; ez da erraza izan.
Orion ibili eta gero, urtebeteko etena egin duzu. Denbora hartu behar zenuen? Indarberritu?
Egia esan, ez nuen uste arraunera bueltatuko nintzenik. Izatekotan, gertu samar izatea nuen buruan, baina ez nuen aukera onik ikusten. Nahiko itzalita egon naiz. Orain, dei batzuk-eta izan ditut, eta piztu egin naiz, nolabait. Halere, esan bezala, asko hausnartutako erabakia izan da. Azken finean, arraunak denbora asko kentzen du, udan ere hor egon behar duzu...
Zerk mugitu du balantza baiezkoaren aldera?
Esan didatenez, etxeko jendearekin aurrera egitea da Kaikuren proiektua; modu horretara igo nahi dute arraun kluba, pixkanaka. Eta ez fitxaketekin, garai batean egiten zuten moduan. Fitxaketa bat edo beste egin behar izaten da, baina nahi dute gehienbat etxeko jendearekin eramatea aurrera kluba.
Hori izan da, batez ere, erakarri zaituena?
Bai, ni horren aldekoa naiz. Gustatzen zait horrelako proiektu bat eta horrelako erronka bat izatea. Denetik behar da, baina etxekoa izan dadila oinarri.
Beste eskaintzarik edo deirik izan duzu?
Bai, ez dut esango nondik, baina batetik eta bestetik deitu didate. Horrek piztu zidan berriro arraunerako zera hori: «Agian bueltatuko naiz». Batek deitu, besteak deitu... Neure buruari esaten nion: «Oraindik ere baduzu ba segitzea». Horrela hartu dut erabakia, eta piztu zait gogoa. Atzera ere eragiten dit oraindik, baina tira, urtetxo bat behintzat probatuko dut, eta ea zer moduz. Argi dut: ez dut hara denbora-pasa joan nahi. Ea zenbat arraunlarik segitzen duten. Espero dut astebeteren buruan nahiko garbi izatea, edo bi-hiru asteren buruan. Ordurako taldea nahiko sendo eduki nahi nuke, oraindik dena airean baitago.
«Bidaiek beldurra-edo ematen didate, denbora asko pasatu beharko baitut joan-etorrietan, baina tira»
Hasi zara lanean?
Denok ari gara, zuzendaritza eta ni, ea aurreko denboraldiko gehientsuenek behintzat segitzen duten. Gero, hortik aurrera hasiko ginateke taldeari forma ematen. Baina, printzipioz, inportanteena hori da: arraunlari ia guztiek segitzea. Lehendabizi, eutsi egin behar zaio, eta, gero, horri segida eman, etxekoekin-eta. Hor gabiltza orain, borrokan. Urteroko kontua da. Indartsuenak irabazi egiten du, eta, besteak, hortxe, nolabait aurre egin behar. Hurrengo eginbeharra entrenatzen hasi eta taldea finkatzea izango da: entrenatu eta entrenatu.
Mailaz jaistean, gorenera ahalik azkarren itzuli nahi izaten da. Kaikuren proiektuak luzera begirakoa dirudi. Hala ere, igotzea da asmoa, nahia edo helburua?
Denoi gustatzen zaigu ahalik ondoen ibiltzea. Egundokoa litzateke datorren urtean mailaz igotzea, baina oraindik ez dakit zer talde izango dudan ere. Beraz, ez dakit. Zer-nolako taldea duzun, horren arabera gutxi gorabehera badakizu nola ibiliko zaren, baina oraindik ez dakigu garbi. Agian egundoko lana egin beharko dugu, uste baino handiagoa. Sufritzeko urtea ere izan daiteke, zaila da-eta dena martxan jartzea; gauzak ez dira bat-batean ateratzen. Ikusiko dugu.
Arraunlari aritzeko asmoa baduzu?
Ez...
Urte dezentez aritu zara entrenatzaile eta arraunlari, bi zereginak uztartzen. Desberdina da soilik teknikari izatea?
Bai. Azkenean, arraunlaria bazara, ontzia sentitu egiten duzu, eta, beraz, beste gauza batzuk ikusi. Eta kanpotik, berriz, tankera hartu behar diozu. Orion, iaz, aurreneko aldiz egin nuen lan kanpotik, eta kostatu zitzaidan martxa hartzea, baina uste dut gero moldatu nintzela.
Arraunari lotuta segitzeko aukera ere bada entrenatzaile izatea.
Bai, hori ere bai. 41 urte ditut jada. Buruan nuen nahiko urte egin nituela arraunean, eta bukatzeko garaia zela. Baina, berriro harra sartu, gogoa piztu, eta bueltan naiz. Probatu egin beharko dut.
Ezin guztiz askatu.
Ezin, ezin [barrez]. Noiz edo noiz etorriko da garaia.
Atzetik lan handia dago?
Gustatzen zait taldeari ahalik eta probetxu handiena ateratzea, ontzia ahalik azkarren ibiltzea. Zerbait gustatzen bazait, horri segida eman nahi izaten diot. Eta ikusten badut arraunlariak gogoz daudela, motibazioa pizten zait. Baina bai, arraunak denbora kentzen du. Arraun egin nahi baduzu, denbora asko eskaini behar diozu, eta entrenatzaile bazara ere bai. Arraunak familiarekin egoteko denbora kentzen dit, eta, gainera, lana ere egiten dut. Denera ezin da iritsi...
Hori da kudeatzeko zailena?
Bai. Lana egin eta gero joaten naiz entrenatzera. Horrela ibili naiz beti, eta ohituta nago, baina gero eta gehiago kostatzen da.
«Gozatzeko urtea zen, eta gozatu dute [Oriokoek]. Ez dut ez amorrurik ez ezer»
2024an, Orioko entrenatzailea izan zinen, eta uste baino hobeto aritu zen ontzia. Halere, klubak erabaki zuen zuri kontratua ez berritzea. Minduta bukatu zenuen. Atzera begiratuta, nola ikusten duzu gertatutakoa?
Lehen bezala. Karpeta hori itxi nuen, eta listo, ez diot buelta gehiago eman nahi kontuari. Nire bidea egin dut.
Arantza duzu ez zutelako konfiantzarik izan zugan?
Ez, ez... Gauza gehiago nahi zituzten... Ez dakit, nahiago dut horretaz ez hitz egin.
Nola bizi izan duzu denboraldia?
Oriorentzat, dena irabaztea egundokoa da, eta nahikoa ospatu dute. Horixe, denak pozik. Gozatzeko urtea zen, eta gozatu dute. Ez dut ez amorrurik ez ezer. Horrela gertatu zen, eta kito.