Udara abiatuz geroztik olatu gainean dabil Xabi Barandika (Gernika, Bizkaia, 1991). Jokatu dituen azken hamasei partidetatik hamalau irabazi ditu, eta txapel garrantzitsuak janztea lortu du tartean. Besteak beste, Gernikako Grand Slam txapelketa irabazi zuen joan den igandean, final ikusgarria jokatuta. Donibane Lohizuneko Nazioarteko Torneoan (Lapurdi) ere finalean jardungo du datorren astean, eta, gainera, Paueko Kopan parte hartuko du. Azken fasean murgilduta dago Jai Alai liga, eta gernikarra sailkatuta dago Lauko Finalean aritzeko, Donostian, irailaren 14tik 28ra bitartean. Otsailean ebakuntza gelatik igaro zela kontuan hartuz gero, emaitza distiratsuak lortzen ari da.
Partidaz partida zabiltza aste honetan. Zer moduz zaude?
Oso nekatuta, egia esan. Bolada onean murgilduta nago, eta, partida dezente irabazten ari naizenez, pilatzen ari zaizkit egunak. Partiden ondoren lo egitea asko kostatzen zait, tentsioagatik edo. Horregatik, ez naiz behar bezala atseden hartzen ari, baina sinatuko nuke uda guztiak halakoak izan zitezen. Oso pozik nago egiten ari naizen lanarekin. Ez nuen imajinatu ere egingo hain ondo ibiliko nintzenik.
Azken hamasei partidetatik soilik bi galdu dituzu.
Bai, baina partidarik garrantzitsuenak orain datoz. Beraz, hemendik aurrera irabazteak balio du gehien. Udako txapelketetan oso ondo ibili naiz orain arte, baina fase erabakigarrian sartzera doa Jai Alai liga, eta uste dut orain izango dugula kantxan daukagun guztia erakusteko garaia.
Irabazten ari zara, eta kantxan gozatzen ere bai?
Bai, eta horixe iruditzen zait garrantzitsuena. Ukalondoko lesioaren erruz, ia bost hilabete egon naiz geldirik, eta aurtengo uda sentsazioak aztertzeko baliatu nahi nuen. Neure buruari esaten nion berriz ere pilotari sentitzea zela garrantzitsuena aurtengo udan. Asmo horrekin lehiatzen hasi nintzen, eta hasieran kosta egin zitzaidan kantxara egokitzea. Oroitzen naiz lesiotik bueltan Mungian (Bizkaia) jokatu nuela lehen partida, eta arraro egin zitzaidala guztia. Nire harrigarri, uste baino azkarrago itzuli naiz nire onenera, eta emaitzak dira horren adierazle. Benetan diot ez nuela uste hain azkar eta hain ondo osatuko nintzenik.
«Ez dakizu nolako beharra neukan etxean txapeldun izateko! Barruko arantza ateratzea lortu nuen»
Urtarrilaren 26an hartu zenuen min, ukalondoan pilotakada gogor bat jasota. Otsailean egin zizuten ebakuntza. Zer moduzkoa izan da berrindartze prozesua?
Oso gogorra eta mingarria. Zoritxarrez, aurrez banekien zer zen luzaroan min hartuta egotea, 2023ko uztailean hankako lotailu gurutzatua hautsi bainuen. Prozesu hura luzea izan zen, baina hau gogorragoa izan da. Esana zidaten min handia izango nuela, eta halaxe izan da. Ukalondoa luzatzean sekulako mina izaten nuen. Ez diot inori opa halakorik. Gorabeherak izan ditut bost hilabete hauetan, baina buruz indartsua izan naiz, eta soilik etorkizunari begiratzen diot orain.
Erabat osatuta al zaude?
Ez, oraindik ere indar dezente falta zait ezkerreko besoan. Ariketak egiten ditut egunero indarra berreskuratzeko, baina bere denbora behar du. Egia esan, oso lantalde ona izan dut inguruan. Haiei esker itzuli naiz hain azkar eta ondo, eta orain niri dagokit kantxan erantzutea. Lesio aurreko mailara itzultzea da nire helburua, baina ez daukat presarik.
Diozu ez zaudela mailarik gorenean oraindik, baina joan den igandean irabazle izan zinen etxean, Gernikan. Berezia izan al zen txapela janztea?
Ez dakizu nolako beharra neukan etxean txapeldun izateko! Bosgarren finala nuen bertan, eta aurreko final guztiak galduak nituen. Lagun batek esaten zidan zesta-puntak beti irabazten zuela harmailak goraino beteta egon ohi direlako. Nik esaten nion ados nengoela baina nik ere irabazi nahi nuela. Azkenean iritsi zen eguna, eta barruko arantza ateratzea lortu nuen. Partida asko ditudanez, ezin izan dut behar bezala ospatu, baina hori ere egingo dut.
Azken jokoko azken tantoak erabaki zuen finala, eta 5-4 nagusitu zineten Manci eta zu, Erkiaga eta Undaren aurka. Nola bizi izan zenuen azken tantoa?
Oso urduri. 4-3 aurretik ginela, Erkiagak sekulako dejada egin zuen, arrisku handiak hartuta, eta launa jarri ginen bi bikoteak. Burura etorri zitzaidan ea berriz ere galdu egin behar ote nuen Gernikan. Tentsio handia zegoen kantxan, baina, zorionez, guk egin genuen azken tantoa, eta zoriontasun izugarria sentitu nuen. 36 urterekin lortu dut estreinako txapela etxean, eta erretiratzen naizenean esan ahalko dut gutxienez behin txapeldun izan naizela zesta-puntaren katedralean.
«Euskal selekzioaren Munduko Txapelketa batean parte hartzea ametsa betetzea da»
Winter Serieseko finala ezin izan zenuen jokatu, ukalondoko lesioaren ondorioz. Zeharka bada ere, begiz joa al daukazu hori udazkenera begira?
Ez, oraindik ere oso urrun dago Winter Seriesa. Pena galanta izan nuen final hura ezin izan nuelako jokatu, baina zauria sendatu zait jada. Orain Donibane Lohizuneko eta Paueko torneoak ditut, eta irailean iritsiko da Lauko Finala, Donostian. Lesionatuta egon ondoren Lauko Finalerako sailkatuta egotea balentria handia da, eta saiatuko naiz hilabete barru sasoi onean egoten. Azken bi urteetako txapelduna ni naiz Jai Alai ligan, baina egia da Imanol Lopez izan nuela atzelari bietan. Ea aurten gai garen berriz txapeldun izateko.
Urrian, berriz, Munduko Txapelketan parte hartuko duzu, Argentinan eta Uruguain. Ilusioz al zaude?
Izugarrizko ilusioa daukat bidaia hori egiteko. Euskal selekzioaren Munduko Txapelketa batean parte hartzea ametsa betetzea da. Modalitate guztietako pilotariak elkartuko gara bertan, eta zerbait magikoa iruditzen zait. Oso eskertuta nago 36 urterekin aukera hau iritsi izanagatik. Nazioen Ligan ezin izan nuen parte hartu, baina ilusioz betea joango naiz Uruguaira, ume baten pare. Saiatuko gara euskal selekzioa ahal bezain gora gera dadin.