Ezaguna du bidea

Pablo Lasok bi denboraldirako kontratua sinatu du Real MadrilekinEntrenatzaileak eta Lagun Arok bertan behera utzi dute euren arteko hitzarmena, eta Donostiako kluba ordezko bila dabil orain

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Hamasei urte geroago, Pablo Lasok Euskal Herria utziko du berriro Madrilera joateko. Real Madril izango du berriz geltoki kirol ibilbidean, eta 1995ean Baskoniako jokalari zenean egin zuen bide bera egingo du. Baina oraingoan ez du kantxa barrutik zuzenduko Real Madrilen jokoa: kantxatik kanpo, aulkitik zuzenduko du Espainiako hiriburuko taldea datozen bi denboraldietan.

Laso, Lagun Aro Gipuzkoa Basket eta Real Madril atzo jarri ziren ados. Bazuten zer negoziatu, entrenatzaile gasteiztarrak beste bi sasoirako kontratua baitzuen Donostiako taldearekin. Ez zen, gainera, aspaldi sinatutako zerbait.Orain hiru hilabete eskas egin zuten Lasok eta Gorka Ramoneda buru duen zuzendaritzak hitzarmen berria. Hala ere, hori ez da oztopo handia izan negoziazioetan. Zergatik? Lasori kontratua berritu arren, Donostiako taldeko zuzendaritzako hainbat kide ez zeuden konforme taldeak azken denboraldian eginiko lanarekin, eta Laso kirol arduradun nagusia izanik, hura jotzen zuten gertatutakoaren erantzule, betiere jokalariekin batera.

Zuzendaritzan kritikak, eta pabiloian txistuak. Azken sasoian ohitura bilakatu da Illunbeko zezen plazan Lagun Aroko jarraitzaileek Lasori txistu egitea. Oso gutxi izan dira harmailetan txistuak entzun ez diren partidak. Hori gutxi balitz bezala, entrenatzailearen eta zenbait jokalariren arteko harremana gaiztotuta zegoen aspalditik. Horiek horrela, ez dirudi Lasok Donostia uztea traumatikoa izango denik taldearentzat. Aitzitik, mesede egin diezaioke klubak eta jarraitzaileek berriz ere bat egin dezaten.

Lau urte Donostian

Lasok lau urte egin ditu Donostian. 2007-2008 denboraldian hasi zen lanean. ACB ligatik jaitsi berria zen taldea, eta zuzendaritzak helburu zehatza ezarri zion: maila nagusira itzultzea. Esan eta egin. Gipuzkoa Basket ACB ligara igo zen, Caceresen (Espainia) jokatutako LEB1 ligako Lauko Finalean Teneriferi irabazita.

ACB ligan ere helburu zehatza jarri zion zuzendaritzak: mailari eustea. Eta aurreko sasoian egin bezala, Lasok ere agindutakoa bete zuen. Taldea txukun ibili zen denboraldian, eta eroso antzean eutsi zion mailari. Hamabigarren postuan amaitu zuen Liga erregularra —hamazazpi talde aritu ziren—: 11 partida irabazi zituen, eta 21 galdu.

Behin mailari eutsita, ACB ligan sendotzea zen hurrengo helburua. Eta hori ere bete du Lasok azkeneko bi denboraldietan. Hori bai, taldearen jardunak argi-ilun dezente izan ditu, eta huts berak errepikatu dira, bat guztien gainetik: irregulartasuna. Azken bi denboraldietan gertatutakoa aztertu besterik ez dago. Bietan ondo hasi zen Lagun Aro, lehen itzulian aurreneko zortzi sailkatuen artean geratu eta Espainiako Kopa jokatzeko aukerarekin. Baina ez denboraldi batean, ez bestean ez zen gai izan erregulartasunari eusteko, eta, horren ondorioz, Kopa jokatu gabe geratu zen. Porrot horrek, gainera, izan zuen ondoriorik gero, sekulako bolada txarretan murgildu baitzen taldea.Aurreko denboraldian, adibidez, bi garaipen etahamasei porroteko bolada negargarria izan zuen. Halere, zuzendaritzak beste bi sasoitarako berritu zion kontratua.

Bi denboraldi horiek, baina, ez ditu Donostian egingo, Madrilen baizik. Ettore Messinak lehenbizi eta haren laguntzaile Emanuele Molinek gero Real Madrilen utzitako hutsunea beteko du aurrerantzean. Bera aukeratu dute azkenean. Jasmin Repesa, Joan Plaza, Pedro Martinez , Simone Pianigiani... asko izan dira azken asteetan Real Madrilekin negoziatu duten entrenatzaileak, baina haietako inor ez da izan Florentino Perez Real Madrileko lehendakariaren gustukoa. Lasok, baina, pasatu du nagusiaren galbahea. Taldean jokatu izanak eta egun taldeko kirol arduradun diren zenbait jokalari ohirekin harreman ona izanak zerikusi handia izan dute bera aukeratu dezaten. 400.000 euro inguru irabaziko ditu urteko Lasok.

Hurrengo egunetan emango du agurreko prentsaurrekoa Lasok. Bitartean, haren ordezko baten bila ibiliko dira Lagun Aron. «Ez dakigu ezer, baina harro egoteko zerbait da Real Madrilen gisako talde batek Laso fitxatu nahi izatea», aitortu zuen atzo Ramonedak fitxaketa ofiziala egin baino lehenago. Zaila da sinesten ezer ez zekiela, berrien arabera Lagun Aroko ordezkari bat Madrilen baitzegoen atzo Lasorekin eta Real Madrilekin negoziatzen. Beraz, pentsatzekoa da Donostiako klubak egunak daramatzala jada ordezko bat topatu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.